Johnny Depp Donostia sari bat

Johnny Depp Donostia sari bat Donostia Zinemaldiaren 69. edizioan –

Johnny Deppek Donostia sari bat jasoko du Donostia Zinemaldiaren 69. edizioan

Aktore estatubatuarrak irailaren 22an jasoko du Zinemaldiko ohorezko golardo garrantzitsuena eta izandako ibilbidea aitortuko zaio

Johnny Depp Donostia sari bat Donostia Zinemaldiaren 69. edizioan

Zinemaldia – 2021 abuztuak 9

Johnny Deppek, zinematografia garaikidean ditugun talentu eta moldakortasun handieneko aktoreetako batek, Donostia Saria jasoko du irailaren 22an (asteazkena) Kursaal Auditoriumean, Donostia Zinemaldiaren 69. edizioaren barruan.

Depp hiru aldiz izendatu dute Oscar sarietarako; Golden Globe bat lortu du eta hamar aldiz izan da hautagai; Screen Actors Guild Award sari bat jaso du (gizonezko aktore onenarena), eta sari horietarako sei izendapen ere izan ditu; eta, azkenik, People’s Choice Award sarien 14. edizioa irabazi zuen. Ikus-entzunezko 90 ekoizpenetan baino gehiagotan hartu du parte antzezle gisa, eta hamar filmen ekoizlea ere izan da, besteak beste, hauena: berriena, Minamata (2020), Andrew Levitasek zuzendua; Hugo (2011), Martin Scorsesek zuzendua; eta Crock of Gold: A Few Rounds With Shane MacGowan, Julien Templek zuzendua, Donostia Zinemaldiaren azken edizioan Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuena. Halaber, film laburrak zuzendu ditu, baita The Brave (1997) film luzea ere, non Marlon Brandok parte hartu baitzuen antzezle gisa.

21 urterekin egin zuen debuta zineman, Freddy Kruegerren biktima gisa A Nightmare on Elm Street (1984) filmean eta, urteak igaro ahala, ikus-entzuleekiko harremana kristaltzea lortu zuen, batik bat, 90eko hamarkadaren hasieran izan zituen rol protagonistei esker, hala nola John Watersek idatzi eta zuzendutako Cry-Baby kultuzko filmean (Zabaltegi, 1990) eta Tim Burtonekin lehen aldiz lan egin zueneko filmean: Edward Scissorhands (1990).

Hurrengo urteetan, protagonista izan zen garrantzi handiko zinemagileekin lan egin zuenean: Emir Kusturica (Arizona Dream, 1992), Lasse Hallström (What ‘s Eating Gilbert Grape?, 1993; eta Chocolat, 2000), Tim Burton (Ed Wood, 1994; eta Sleepy Hollow, 1999), Jim Jarmusch (Dead Man, 1995), Mike Newell (Donnie Brasco, 1997) eta Terry Gilliam (Fear and Loathing in Las Vegas, 1998, Zinemaldian emandako filma, zehazki, Terry Gilliam atzerabegirakoan).

XXI. mendean, Pirates of the Caribbean sagako Jack Sparrow kapitainaren interpretazioa dela-eta (2003, 2006, 2007, 2011 eta 2017), belaunaldi berrien mirespena ere lortu du Deppek. Garai hartan, Oscar sarietarako hiru izendapen jaso zituen Pirates of the Caribbean: The Curse of the Black Pearl (2003), Finding Neverland (2004) eta Sweeney Todd: The Demon Barber of Fleet Street (2007) filmetan egindako lanagatik. Azken horrengatik Golden Globe sari bat jaso zuen; izan ere, golardo horretarako beste bederatzi izendapen izan ditu antzezleak. Deppek jaso dituen sari guztien artean, nabarmentzekoak dira, halaber, ohorezko César bat 1999an, eta sari-bilduma horri Donostia Saria gehituko zaio orain.

Azken urteotan ere zinemagile ugarirekin egin du lan, hala nola hauekin: Gore Verbinski (The Lone Ranger, 2013), Rob Marshall (Into The Woods, 2014), Scott Cooper (Black Mass, 2015; Perlak), Kenneth Branagh (Murder on the Orient Express, 2017) eta Andrew Levitas (Minamata, 2020).

Deppek askotariko rolak egin izan ditu, hala nola idazlea, polizia infiltratua eta bidelapurra izan da (ia beti pertsonaia moldakaitzak antzeztu ditu, nolanahi ere), eta aktore aski ospetsuekin egin izan du lan, hala nola hauekin: Marlon Brando, Faye Dunaway, Jerry Lewis, Penélope Cruz, Helena Bonham Carter, Javier Bardem, Kate Winslet, Mark Rylance, Dustin Hoffman, Judi Dench, Antonio Banderas, John Malkovich, Marion Cotillard, Forrest Whitaker, Al Pacino, Benedict Cumberbatch, Morgan Freeman, Benicio del Toro, Michelle Pfeiffer, Leonardo Di Caprio eta Christopher Plummer.

Johnny Depp hirugarrenez izango dugu Zinemaldian aurten; izan ere, 1998an Terry Gilliamekin etorri zen, eta 2020an ere izan zen Donostian, Crock of Gold: A Few Rounds with Shane MacGowan ekoizpenean parte hartu zuelako.

Saria banatzeko ekitaldira joateko sarrerak irailaren 13an jarriko dira salgai; bestalde, Manuel Martín Cuencak zuzendutako La hija filma -Javier Gutiérrez eta Patricia López Arnaiz protagonista dituena- Sail Ofizialean lehiaketaz kanpo eman aurretik banatuko da saria.

Johnny Depp, Matt Dillon, Viggo Mortensen eta Gina Gershon Zinemaldiaren 68. edizioan [bideoak]

‘Dasatskisi’ filmak irabazi du Zinemaldiaren 68. edizioa

Viggo Mortensen Donostia Saria eta Falling [trailerra+]

Interpretazio-sariak genero neutrokoak izango dira Zinemaldian

Seriefiloa naiz.