Kritika zinematografikoa: ‘Dear Comrades!’

Kritika zinematografikoa: ‘Dear Comrades!’  

Zuzendaria:  Andrey Konchalovskiy
Urtea: 2021
Herrialdea: Errusia

 

-Klitxez beteta daude totalitarismoak ere-

1962. urtean gaude, orduko Sobietar Batasuneko Novocherkassk hirian. Nikita Khrushcheven gobernuak elikagaien prezioak igo ditu berriro, eta, egoera jasanezinaren aurrean, hiriko industrietako langileak errebelatu egin dira. Gobernuko agintariek manifestazioei aurre egiteko izan zuten erantzun errepresiboa ondo dokumentatuta dago historia-liburuetan: 30 bat langile erail eta beste 200 atxilotu zituen KGBk “Novocherkasskeko masakrea”n. Lyuda (Yuliya Vysotskaya), Hiri Batzordean lana egiten duen ofizial sutsua da Dear Comrades! (‘Dorogie tovarishchi’) filmaren protagonista, eta haren ikuspuntutik aztertzen da sarraskia Andrey Konchalovskiy zinemagilearen azken filmean. Lyudaren alaba, Svetka (Yuliya Burova), masakrearen egunean galtzen den momentuan jarriko da buruz behera protagonistaren mundua.

Hasieratik, filmaren errealismoa agerikoa bada ere, artifizio kutsu bat sumatzen da pertsonaien elkarrizketetan: badirudi ideia eta esaldi berberak behin eta berriz errepikatzeko premia dutela, ikusleari istorioko gertakari guztiak argi gera dakizkion edo. Jakina, Dear Comrades!-en tankerako film historikoetan beharrezkoak dira ikuslearentzako azalpenak, baina esposizioa fikzioan naturaltasunez eta disimuluz integratzea ere garrantzitsua da (are gehiago filma errealismo gordinaren bila ari denean).

Hala eta guztiz ere, izan dira historian zehar errepikapen tautologikoek eta klixeek bereizi dituzten testuinguru sozialak. Horrelaxe deskribatu zituen, hain zuzen, Hannah Arendtek pasa den mendeko totalitarismoak: errepikapen hutsalez nortasun indibiduala suntsitzeko makinaria erraldoi gisa. Baliteke, beraz, gehiegi murtxikatuta dauden elkarrizketak, errepikapen burokratikoaren irudikapen perfektua izatea. Arendten ustez, Adolf Eichmannen moduko ofizial naziek ez omen zekiten klitxe hutsa ez zen esaldi bat ere ahoskatzen: “Ofizialtasuna da hitz egiten dudan hizkuntza bakarra”, esan omen zuen Jerusaleneko epaiketan.

(…)

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEAn

Euskal pantailaren gunea