SOS Kuba?

SOS Kuba? –

Kubaren kontrako manipulazio mediatikoari buruz beste behin idaztea aspergarria egiten da, bai. Oso neketsuak dira. Kuban oso gaizki daude, Kuban ez daukate ezer, ez daukate jatekorik ezta medikamenturik ere, Kuban internet moztu dute, baita elektrizitatea ere, Kubako erregimena gora, Kubako diktadura behera… Zenbatetan entzun ditugu… Iritzia sortzeko zutabeetatik edo irratietatik interesatuki zabaldutako entzule batzuen iritzi sinplista eta apokaliptikoak.

Kuban egoera zail batean daude, bai. Haratago, Kuban egoera zail batean bizitzera ohituta daude, Kuban egoera zail batean bizitzera kondenatu dituztelako. Izan ere, Iraultza garaile atera zenetik etengabekoa izan da inperialismo yanquiaren erasoa (“bagaude berriz inperialismo yanquiarekin…” ba bai, Kubako errealitatea ezin delako ulertu elementu gako hori gabe). “Sozialismo erreala”-ren eremua existitzen zen bitartean blokeoaren eraginak neutralizatuak izan ziren neurri handi batean, 90. hamarkadan Periodo berezian murgildu arte, non egoera kritiko batera heldu zen. Kubako herriak, hala ere, erresistitu zuen bere subiranotasuna eta sozialismoaren defentsan. Chavezek gidatutako olatu bolivarianoak agertoki berri bat suposatu zuen zonaldean, baita aliatu berriak topatzea. Venezuelak azken urteetan pairatu duen itotze-egoerak eta munduan zabaldutako pandemiak afektatu dute larriki Kubako ekonomia eta, nola ez, kubatarren egunerokoa. Kubak dauzkan egiturezko arazo eta gabeziei gehitu behar zaie turismoaren erortzea, ekonomiaren lerro nagusia. Elementu hauek guztiak blokeo kriminalaren agertokitik kanpo ezin dira kokatu, elementu guztien ondorioetan eragina baitu. Sei hamarkadetan zehar dagoeneko, Trumpekin gogortua eta Bidenen administrazioarekin bere horretan mantenduta. Hain zuzen ere, kubatarrek bizi duten egoera zailaren erantzule nagusia blokeoa da, eta azken egunetako protesten euskarri materiala. Berak nabarmenki larriagotutako egoera erreala da eta herriaren egonezina eta kezka ulergarria. Beste kontu bat da sare sozialetatik, kasu batzuetan kanpoko estrategia zehatz bati erantzunez, sektore batzuen atsekabe bideratzen saiatzea Iraultzaren aurka joateko.

Amorragarria da Euskal Herrian ere jasotzen dugun Kubako iraultzaren propaganda, blokeoa intentzio osoz saihesten duena edo bigarren toki batean uzten duena, Kubako iraultzaileek erabiltzen duten aitzakia bezala irudikatuta. Hemen Kubako populazioari buruz hain kezkatuta omen dauden hainbesteri galdetu beharko genieke ea non zeuden ekainaren 23an, euskal hiriburuetan internazionalistok blokeoaren aurka kontzentratu ginenean.

Pandemiak sortutako gaixo eta hildakoez hitz egiten digute hedabide askotatik, eta egoera okertu bada ere, Kubako datuak Latinoamerikako inguruko herriekin baita Europakoekin alderatzea baino ez dago, hemen bertan izan duguna eta daukagunetik maila txikiagoetan murgiltzen direla ikusteko. Ez digute hainbeste azpimarratzen Kuba izan dela Latinoamerikako herrialde bakarra bere txerto propioak garatu dituena (Abdala erabileran jada, Soberana 2 erabiltzeko oniritziaren zain eta beste hiru txerto aurreko faseetan). Bai, baliabide natural handirik gabe eta blokeatutako herri txiki bat eusten ari da erronka honi, Iraultzak populazioaren osasunean arreta berezia jarrita, bertokoen osasunean zein alboko herrietakoan ere.

Errepresioaz eta atxilotuez hitz egiten digute ere, kasu batzuetan Kubakoak ez ziren irudiak zabalduz. Oso kezkatuta omen daude, baina, alderaketa-ariketa sinple bezala, ez litzateke gaizki egongo bortizkeriaren mailaren arabera estaldura mediatikoa proportzionalki ematea. Txileko protestetan galdutako 400 begiek edo Kolonbiako protestetan egondako dozenaka hildakoek eta ehundaka desagertuek ez liokete tarte handirik utzi behar Kuban gertatutakoari, non kalean sortutako istiluen aurrean indarkeriaren erabilera oso mugatua izan den, eta non zalapartari horien aurrean Iraultza defendatzera herritar asko atera diren, hedabide askotan jaso ez badute ere…

SOS Cuba birtxiokatzea, sare sozialetan erabiltzea zein hedabideetan zabaltzea nahasmen-operazio horren parte izatea da, ezjakintasunetik eginda edo jarrera politiko kontziente batetik. Diseinatutako operazio bati erantzuten dio, bai, EEBBetatik bultzatuta eta finantzatuta eta herrialde askotako kapitalaren morroi lokalek oihartzuna emanda. San Isidroko “artista errebelde” horiekin egin zuten bezala. “Patria y vida” abestiaz egin duten ustiapena bezala. Eta, ez, hau ez da zuria ala beltza, nirekin ala nire kontra, ezta bestearen etiketatze hutsa norberaren posizioetatik ez mugitzeko. Kuban arazoak daude, agerikoak dira, eta iraultzaile kubatarrek (agintariek ere) ez dituzte ukatzen. Eta egoerak higadura eragiten du, materiala zein emozionala. Azken finean hori da blokeoaren defendatzaileek bilatzen dutena. Eta zaila izan behar da eguneroko gabezien aurrean eta egin beharreko ilaretan burua hotz mantentzea eta errealitatearen gauzarik sinpleenak testuinguru batean kokatzen jakitea. Are gehiago gazte askoren kasuan, erretorika ofizial zurrunetik urrun eta sare sozialen bidezko etengabeko propaganda-kanpainaren bonbardeopean. Baina ez dezagun ahaztu zer dagoen mugimendu hauen atzean. Munduko beste toki batzuetan garatutako “iraultza arrosa” edo “belusezko iraultzen” kiratsa nabarmenegia dauka. Egoera oso delikatu batera jendarte bat eraman, protestak elikatu eta kanpoko interbentzio bati atea ireki, pobreziaren kontra edo giza eskubideen aldeko aitzakiapean, azken urtetan Venezuelaren kontra ere saiatu duten bezala, laguntza humanitarioz mozorrotuta. Ziur Kuban gauza asko alda eta hobe daitezkela, baina hori kubatarrek erabaki behar dute, eta munduko potentzia ekonomiko eta militar handienaren presio itogarririk gabe. Blokeoa “kastristek” “erregimenean” aldaketak ez egiteko aitzakia bada, zergatik ez dute bertan behera utzi eta hamarkardetako desenkusa hori gabe agerian utzi? Ez dute hain argi izango…

Egun hauetan Kubako Iraultzaren kontrako “askatasuna” oihuak Madrilgo ultraeskuinak erabilitakoek baino askoz sinesgarritasun gehiago ez daukate. Ezarritako botereari egin beharreko ezinbesteko kritikaz gain (botere eraldatzaileari hobetzeko kritikak, botere zapaltzaileari eraisteko salaketa), zer dago “askatasuna” oihukatzen dutenen atzean? Zein proposamen, zein programa? Batistaren diktaduraren kontra 1953an Moncada erasotu zuten iraultzaileek programa garatu bat zuten, boterea hartu eta indarrean jartzeko, epaitu zituztenean Fidelek berak La Historia me absolverá bere elegatuan deskribatu zuena. Gaur telebistan edo interneten “askatasuna” eskatzen ikusten ditugunek, zer eskatzen dute? Iraultza desegin eta kapitalismo hutsa uhartera bueltatzea? Kuba, John Quincy Adams-en “fruta garatuaren” teoriari jarraituz, EEBBetako eskuetan zuzen geratzea, kolonizatzaile espainiarrak bota ostean Platt zuzenketarekin gertatu zen bezala?

Kubatar gehienen formazioa eta harrotasunak eta Iraultzaren sustrai sakonek bere lekuan utziko dituzte saiakera kontrairaultzaile hauek, beste batzuetan egin duten bezala. Kubatarrei dagokie beren herria eta beren prozesu iraultzailea garatzea eta perfekzionatzea, oztopoz oztopo, akatsez akats eta lorpenez lorpen ere.

Guri euskal internazionalismoa lantzea dagokigu, Kubako iraultzaileei elkartasuna adieraziz eta hemen zabaltzen diren gezurrei aurre eginez. Kubako kasuan ere, Mundu mailan baita gure herrialde honetan ere SOS dei bat behar duena egia baita.

Internazionalista. EHUko irakaslea

2 pentsamendu “SOS Kuba?”-ri buruz

  • Ze artikulu ona, Etaio! A ze suerte handia EHUrena zu bezalako irakasleak izateaz.
    Eta ze pozik jarriko diren kubatarrak zure artikulua irakurtzen dutenean. A, ez! Barkatu, ezin dute. Ez dute interneteko konexiorik hango gobernuak eten egin baitu. Tira, Kubako askatasunaren kontuak. Beste batean izango da.

  • Kubara joan, mesedez, baina ez brigada internazionalista batean, mesedez. Kubara joan, kaleko kubatarraren hitz egin, eta posible bada Alderdi Komunistaren oinarrietako kide batekin, zuregan konfiantza duen baten bat ezagutzen baduzu (kubatar asko alderdikideak dira, beraz lagun kubatarrik baduzu ez zaizu zaila izango), eta utziezu hitz egiten, inolako galderarik edo europear puntualizaziorik egin gabe, eta gero zure artikulua birpasatu.

    Kubatar auziak aspaldi utzi zion kapitalismo-sozialismo ala antiimperialismo auzia izateari, Europako ezkerretik kontrakoan tematzen bazarete ere.