Nino Bravoren abestiak txistukatzen zituen gizona
Nino Bravoren abestiak txistukatzen zituen gizona –
Txiki txikitatik nire heziketari utzi behar izan nion eskolara joateko.
G. B. Shaw
Lehen hezkuntzako ikasketen ondoren, nire gurasoek menetar praileen eskuetan nire heziketa utzi zuten. Horrela, nerabezaro gorrian, Latina, Geografia edo Matematika irakatsi zidatenak sotanadun eta keinu zorrotzeko gizonak izan ziren, ikasgeletan diziplina eta isiltasun ia militarra ezartzen zutenak.
Horko iraultza posible bakarra hitzarena zen. Por supuesto, Don Servando; ¿Da usted su permiso para ir a baño, Don Bruno?; No volverá a ocurrir, Don Claudio -beraien aurrean geundelarik itxurazko erreberentziaz tratatzen genituen irakasle horiek, klase tarteetan, patio orduetan eta komunetako ateetan El Pikolín, El Locomotoro, el Simca edo el Lorzas deitzen genien.
Egia esanik, ikastetxe horretara heltzen zen fraide berria berehalaxe bataiatzen genuen goitizen krudel batez.
Baina… Ricardorekin dena desberdina izan zen: inork ez zukeen imajinatuko bakeroetan ile luzedun tipo hura Konpainia horretako beste kide bat zenik; berarekin ikasi genuen, tolerantzia eta malgutasunaz aparte, Historia. Lehen egunetik gure konfiantza lortu zuen: begirada adeitsuko gizona zen… Nino Bravoren abestiak txistuka zebilen korridoreetan. Txundituta entzuten genion – Mayen, grekoen, iberoen, Atahualparen… lekuan, azalean jarri- beraren irakasgaia berregiten, eraikitzen.
Tamalgarria izan zen maiatzeko arratsalde hartan ekaineko bero itogarri hori izatea eta honen ondorioz klasea hain aztoratuta egotea; benetan tamalgarria izan zela Ricardori azkenean pazientzia bukatzea eta kolpe garratz hura mahai gainean ematea, gure pepelerdo hutsen portaera kontrolatzeko asmoz.
A partir de mañana esto va a funcionar como un cuartel. Y de ahora en adelante me llamaréis siempre con Don -esan zigun beragandik espero ez genuen tonu suminduaz.
Noizean behin bere onetik ateratzen genuen arren, Don Ricardo – El Condón – maisu ahaztezina izan zen.
En fin
Igogailuan irakurtzeko ipuinak
Nino Bravoren abestiak txistukatzen zituen gizona