Johanes, Bargotako Aztia
Johanes, Bargotako Aztia –
Badira pertsonaia ainitz historia eta legendaren artean kokatzen direnak, badute egiazko sustrai bat eta horretaz gain, haren inguruan asmaturiko eta hedaturiko irudimenezko kontakizun franko, Axular berarekin gertatu zena. Beste horietako bat dugu, zalantzarik gabe, Johanes, Bargotako apaiz eta aztia izan zena.
1.- Bargotako Aztiaren inguruko zehazkizun zenbait
Bargota, Nafarroa Garaian dago, Lizarrako merindadean, eta gaur 295 inguru biztanle ditu. Muga egiten du honako herriekin; mendebaldean Azuelo, Aras eta Vianarekin, ekialdean Esprontzeda, Armañantzas eta Mendabiarekin, iparraldean Torralba del Riorekin eta hegoaldean Errioxarekin. Badirudi Johanes XVI. mendearen hastapenetan, Bargotako familia dirudun batean sortu zela eta Salamancako unibertsitatean ikasi zuela. Aipatu unibertsitatean teologia ikasi zuen, baina horretaz gain, Salamancako hainbat kobazulotan nekromantzia ikasi omen zuen. Ikasketak bukatu ondoren, Bargotara itzuli zen eta orduz geroztik, herriko apaiza izan zen. Familiaren aldetik Vianan eta Ebro ibaiaren ertzetan hainbat etxalde eta lur sail heredatu zituen eta horiek izan ziren bizimodua erraztu zioten diru iturriak.
Magia beltza maite zuenez, horrelako errito eta eginkizunetan aritzen omen zen. Ba omen zuen soingaineko edo geruza berezi bat, eta hori jantzita, ikusezin ibil zitekeen alde batetik bestera, hori da behintzat, eskualde osoan kontatzen dutena. Vianako akelarreetara ere joaten omen zen. Normalean, horrelako jakintzak herritarrak laguntzeko erabiltzen bazituen ere, azkenean Kalagorriko Inkisizioaren aurrean norbaitek salatu zuen eta epaiketa erlijioso batean kondenatu zuten. Ezarri zioten zigorra ez zen oso handia izan, urtebetez bekatariei jartzen zieten san benitoa deituriko zintzilikario berezia janztera behartu baitzuten. Horrela eginik, ohorerik gabe gelditu zen herritar guztien artean. Badirudi hortik aurrera, bargotarrek beldurrez begiratu ziotela. Hainbat urteren buruan zendu zen.
Asko idatzi da Bargotako Aztiari buruz, eta euskaraz bada 2002an, Tafallako Txalaparta argitaletxeak plazaratu zuen Johanes, Bargotako Aztia izeneko liburua, haur eta gazteei zuzendua dena. Horretaz gain, aipatu beharra dago Pedro Oleak, 1990ean, plazaratu zuen La leyenda del brujo de Bargota (Bargotako Aztiaren legenda) izeneko filma. Aipa dezagun ere, Bargotako plazan gaur badela, aztiaren oroitzapenez, zurez egindako estatua bat.
2.- Bargotako Aztiari buruzko zenbait kontakizun
Gauza ainitz kontatu eta kontatzen dira Bargotako Aztiaz, eta beti mundu magikoarekin loturikoak. Etxean ba omen zituen magia beltzari buruzko liburu franko eta horiek irakurtzen pasatzen omen zuen denbora. Deabrua omen zuen adiskide, eta baita inguruetan zelatatze kontuetan zebilen Joan Otsoa kapitain agramondarra ere. Hegan egiten omen zuen eta, neskamearekin batera, hodei baten gainean ibiltzen zen herri batetik bestera, Madrileraino ere, joaten omen zen hegaka, zezenketak ikustera. Lo egiteko orduan, burua kentzen omen zuen eta iratzartzean, berriz, lepo gainean ezartzen. Vianako akelarreetara ere, arestian aipatu bezala, joateko usaia edo ohitura omen zuen; eta ikusezin bihurtzeko, soingaineko berezia janzten omen zuen. Horrelako gauzak dira maiz Bargotako Aztiari buruz inguruko herrietan entzuten direnak.
Aipatu Joan Otsoa kapitain bizar gorria agramondarra zen, eta Nafarroako Erresumaren independentziaren aldekoa. Hori dela eta, Ioar mendian ibiltzen zen bideak zelatatzen. Johanesek askotan lagundu omen zion gaztelarren hatzaparretatik alde egiten, batzuetan ukendu baten bidez animalia bihurturik, eta bestetan, soingaineko magikoaren azpian ikusezin bilakaturik.
Oso zabalduak daude Endregoto Vianako sorginarekin izan zituen harremanak. Horietako kontakizun batean honela iritsi zaigu gaur egunera. Testua lehen aipatu dudan Txalapartaren liburutik aterea dut:
Vianako harresietatik kanpo, mendebalde aldean, Auzo Handia edo San Felizesekoa ikusten da, etxe xumeak ditu eta jornalariak bizi dira bertan. Hor bizi omen zen Endregoto, asko ikusten zuen sorgin itsua. Behin baino gehiagotan entzuna zuen Johanesen berri eta bere etxetxoan egiten zituen bileretako batera gonbidatu zuen. Bargotarrak bertan ikasi zituen belarrei eta ukenduei buruzko kontuak, eta hara joandakoen bidez jakin zuen Vianako putzuan akelarreak egiten zirela, Kantabria izeneko larretik gertu. Harengana joan zen maiz Bargotako Aztia.
Viana herria, armarria duten jauregiz beteta dago. Haietako batean, San Migel auzoan, Agilarko konde zaharra bizi zen. Oso pertsona eskuzabala omen zen pobre eta behartsuekin, baita Endregoto sorgin itsuarekin ere. Inork ez daki nola baina andere itsuak kondea liluratu zuen eta buruan sartu zion berak bazekiela nola egin hil ondoren berpiztu zedin. Gainera, hitz eman zion berarekin horrela eginen zuela, ongia egiten jarrai zezan.
Hori dela eta, Endregotok Johanes deitu zuen afera horretan laguntza eman ziezaion. Gau batez, kondearen etxeko upeldegian bildu ziren hainbat lagunekin bi eltze handiren inguruan. Lehengoan belarrak eta animalia puskak egosi omen zituzten. Eltze horretatik ateratzen zen lurruna usaindu bezain laster, kondea lo zerraldo jarri zen. Orduan kondearen gorputzarekin zati ttipiak egin eta bigarren eltzean egosi zituzten lehen eltzeko saldarekin batera. Haien ustez, oilarrak lehen aldiz kantatu aurretik, kondea berpiztekoa zen. Horren aiduru zirela, gau osoa eman zuten sorgin otoitzak egiten.
Oilarrak behin eta berriz kantatu zuen arren, kondea ez zen inoiz berpiztu. Erraiten dutenez, Agilarko kondearen upeldegian harrapatu omen zituzten bildutako guztiak eta Inkisizioak horietako batzuk surtara kondenatu zituen eta besteak galeretara. Bitxia bada ere, Johanes, soil-soilik, sanbenitoa eramatera kondenatu zuten. Iduriz, hor goiko karguetan, ba omen zuen lagun bat, ainitzetan lagundu zuena, eta hark babestu omen zuen auzian. Endregoto sorgina erre zuten eta Bargotako Aztia zintzilikario lotsagarri hori eramatera zigortu zuten. Horrela ohorea galdu zuen betiko.
3.- Johanesen hegaldiak
Bargotako Aztiak ezagutzen zituen Bureban eta Oka aldean sendagintzan aritzen ziren hainbat apaiz. Hori dela eta, ainitzetan joaten zen eskualde horietan izaten ziren bilkura eta akelarreetara. Behin, Abuztuko Ama Birjinaren egunean, Johanes Vianako Santa Maria elizan sartu zen. Presaturik zebilen, eta beste askotan bezala, egun horretan ere berandu iritsi zen elizkizunetara. Soingainekoa elurrez beterik omen zekarren. Hura erantzi eta astintzeari ekin zion horrela zioela: Hau elurtea mendietakoa! Ederra elurtea Okako mendietakoa! Dirudienez, Bureba eta Oka aldera hegaka joaten eta itzultzen omen zen, Okamendien gainetik.
Beste behin, Madrilen egin behar zuten zezenketara joateko gogoa piztu omen zitzaion. Castejongo mendixkara igo zen eta handik oihukatu zuen: Okako mendietako hodeia, etorri azkar niregana! Hodeiak obeditu eta haren gainean joan ziren Madrilera Johanes eta bere neskamea. Zerutik ikusi omen zuten Plaza Nagusian egin zuten zezenketa ederra. Plazan zirenek ikusi eta ezagutu zituzten. Ikusle horietako batek aitarena egin zuen, eta horren eraginez, Johanes eta neskamea plazara erori ziren. Orduan atxilo hartu eta kartzelan sartu omen zituzten.
Aipatu beharra daukagu, Johanesek oso adiskidetasun handia zuela deabru gaizto batekin. Garai hartan, Alexandro VI. aita saindu borgiarra Erromako gorteko damatxo batekin zebilen, eta harremanak izaten zituzten. Bistan da, horren jakitun zen anderearen senarrak aita saindua hil nahi zuela eta hori prestatzen zebilela. Johanes eta deabruak, soingainekoaren azpian ikusezin bihurturik, horren berri zehatza jaki zuten eta aita sainduari den-dena zehatz-mehatz kontatu zioten. Aita sainduak senarra eta bere lagunak preso hartu, hebaindu eta hil zituen, eta eskerrak emateko bekatu guztiak barkatu omen zizkion Bargotako Aztiari.
4.- Bargotako Aztiaren azken urteak
Agilarko kondearen hilketa dela eta, Endregoto sorgina surtara kondenatu zuten, baina misterioski, Johanes heriotzatik libratu zen eta zigor bakarra izan zen ohore galtzea, ipini zioten san benito zintzilikario hori jantzita eramanez. Iduriz, Aita saindua izan zen Bargotako Aztiaren alde egin zuena, bere kontrako konplotaren berri emateagatik. Horrela kontatzen da, bederen. Hala eta guztiz ere, denboraldi luze batez, Logroñoko presondegian izan omen zuten, epaiketaren deliberoaren zain, eta ez dirudi tarte horretan oso ondo tratatu zutenik.
Gauza da, Bargotara itzuli zenean, beste gizon bat ematen zuela. Burua arras zuritua zuen eta guztiz konkortua, kakotua, ibiltzen zen. Heriotzaren hurbila sumatzen zuela zirudien, eta horregatik, egin zuen testamentuan bere ondasun guztiak Bargotako pobre eta behartsuei utzi zizkien, eta bere etxea Sakramentu Sainduaren kofradiari eman zion.
Bargotan eta inguruko herrietan kontatzen denez, Johanes hil zenean, herriko sakristauak Bargotako ezkilak jo omen zituen, eta ber denboran, Vianako Santa Maria elizakoak dilin-dalan hasi ziren, inork jo gabe, bakarrik. Dilin dalan, dilin dalan, dinda boleran, dilin dalan, dilin dalan, Johanes hil dala!!! Dilin dalan, dilin dalan, dinda boleran, dilin dalan, dilin dalan, Johanes hil dala!!!