Krisi ekologiko, klimatiko eta sozialaren erdian: desazkundea beste biderik bada?

Krisi ekologiko, klimatiko eta sozialaren erdian: desazkundea beste biderik bada? –

Uztailaren 15 eta 16an egingo da Jakin Jardunaldia Usurbilen.

Krisi garai betea bizi dugu, pandemiaz harago; bat datoz horretan Lorea Agirre (Jakin Fundazioko zuzendaria), Agurtzane Solaberrieta (Usurbilgo alkatea) eta Kepa Sarasola (UEUko zuzendaria). Gaiari sakon eta zabal heldu nahi izan diote, elkarlanean antolatu duten Jakin Jardunaldian.

Krisi ekologiko, klimatiko eta sozialaren erdian: desazkundea beste biderik bada?Desazkundea beste biderik baden galdera handiari erantzun nahian ariko dira 16 hizlari, Lorea Agirrek azaldu bezala “hiru ikuspegi uztartuz: zientziaren begirada, begirada sozio politikoa eta lekuan lekuko baliabide alternatiboak”. Agirrek Japoniako esaera bat ekarri du gogora, “sutea pareko ibaiertzean dago”, guri eragiten ez diguten kontuez aritzeko baliatzen dena. Ordea, “mundua sutan dagoen bitartean” ez da bereizketa hori egiterik Agirreren iritziz. Mundu bizigarriago eta justuago bati galga jartzen zaiola adierazi du, “bai maila bio ekologikoan, baina baita hizkuntza eta kulturen eremuan eta baita justizia sozial eta demokraziaren eremuan ere”. Horregatik, jardunaldi hau “sute nagusiei begiratzeko” ez ezik, “suteak gurean non diren eta zer egin dezakegun ikusteko” baliatu nahi dute.

Agurtzane Solaberrietak Usurbil “hitzaren, gogoetaren eta solasaldi pausatuaren parada” izatea nahi dutela berretsi du, eta eskerrak eman ditu Usurbilgo atez ateko esperientzia ekimen praktikoen artean azaltzeko aukeragatik. Krisiei lotuta, Usurbil “herri jasangarria, irisgarria eta bizigarria” izan dadin, funtsezkotzat jo du krisien ikuspegi orokor hori, elkarri lotuta daudelako: “Klima krisiari aurre egiteko ezinbestekoa da politika feministak egitea”.

Kepa Sarasolak pandemia garaian ere jardunaldiei aurrez aurreko formatuan eusteko apustua azpimarratu du, “pertsonen arteko elkarrekintzatik esperientzien trukea gertatzen delako”. Horren adibide gisa ulertzen du Sarasolak gaur elkartu diren hiru eragileen arteko elkarlana, Jakin Jardunaldia “dagoeneko erreferentzia den hausnarketa gunea” dela nabarmenduz. Aurten bosgarren urtea izango da, eta aurrera ere “sinergiak batu” asmoz jarraituko dutela azaldu du.

Jardunaldia ixteko, aipagarria da Eli eta Manex Pagolak bertso musikatuekin emanaldi berezia eskainiko dutela, Mikel Laboa plazan.

.

EGITARAUA:

2021-07-15

09:00-09:30 Harrera eta dokumentazio banaketa.

09:30-10:00 Ongietorria eta sarrera.

    • Kepa Sarasola (UEUko zuzendaria)
    • Agurtzane Solaberrieta (Usurbilgo alkatea)
    • Lorea Agirre (Jakin-eko zuzendaria)

10:00-10:40 Krisi sozio-ekologikoa, ekonomiatik haratago doan gaitz sistemikoa.

    • Unai Pascual (ekonomialaria eta BC3ko ikertzaile eta Nazio Batuen Erakundearen Bioaniztasunerako eta Ekosistema Zerbitzuetarako Plataformako kidea)

10:40-11:10 Ur berdearen garrantzia krisi klimatikoaren aurrean.

    • Ane Zabaleta (hidrologoa eta UPV/EHUko irakaslea)

11:10-11:30 Atsedena.

11:30-12:00 Klima aldaketa eta kostaldeko arriskuak.

    • Elisa Sainz de Murieta (geologoa eta BC3ko ikertzailea)

12:00-12:30 Euskal Herriko ingurune naturalaren etorkizuna.

    • Arturo Elosegi (UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean irakasle katedraduna, Landareen Biologia eta Ekologia Sailean)

12:30-13:00 Mahai-ingurua eta galde-erantzunak.

13:00-15:00 Bazkaltzeko tartea.

15:00-15:35 Zer da bizitza erdigunean jartzea? Alternatiba antipatriarkalak arakatzen ekofeminismoetatik.

    • Mirene Begiristain (ekonomilaria, agroekologian eta elikadura burujabetzan aditua eta UPV/EHUko irakaslea)

15:35-16:10 Larrialdi klimatiko, metamorfosi ekologiko eta justizia sozialaren haritik borrokarzen.

    • Sabine Endara eta Xabier Harluxet (Bizi! mugimenduko kideak)

16:10-16:40 Uraren kudeaketa Nafarroan: gatazkak eta proposamenak.

    • Belen Ausejo (Urbizi taldeko kidea)

16:40-17:00 Mahai-ingurua eta galde-erantzunak.

.

2021-07-16

09:30-10:05 Klima aldaketa, glaziarren ikuspuntutik.

    • Ibai Rico (glaziologoa eta UPV/EHUko irakaslea) eta Eñaut Izagirre (glaziologoa, UPV/EHUko irakaslea eta BC3ko ikertzailea).

10:05-10:25 Abeltzaintza ustiaketa industrialaren ajeak. Nafarroako kasua.

    • Lorea Flores (biologoa eta Hego Euskal Herriko Greenpeace-ko koordinatzailea)

10:25-10:45 Esperientziak

    • Goiener
    • Usurbil, atez ate

10:45-11:05 Atsedena.

11:05-11:45 Esperientziak

    • Jauregia Etxaldea
    • Lurgaia Fundazioa

11:45-12:30 Mahai-ingurua eta galde-erantzunak.

12:30-13:00 Bukaera ekitaldia.

Krisi ekologiko, klimatiko eta sozialaren erdian: desazkundea beste biderik bada?