Eurokopa, futbolaz harago (I)
Eurokopa, futbolaz harago (I) –
Jon Tornerrek Argia aldizkarian duen blogean.
Gaur amaituko da Eurokopako multzoen faseko aurreneko itzulia. Ohikoa den moduan, txapelketak eman du zeresanik futbolaz harago, batzuek jarraitzen duten arren esaten –komeni zaienean– kirola eta politika ez direla nahastu behar eta hori guztia. Nigel Farage politikari britainiar “euroeszeptikoak” –beste hainbatekin batera– adibidez hala adierazi du, Ingalaterrako selekzioko jokalariek partiden atarian belauna lurrean jartzen dutela-eta, Black Lives Matter mugimenduarekin bat eginez. Politikari bat, politika eta futbola ez direla nahastu behar esaten. Ederra.
Kroaziaren aurkako Eurokopako partidan Ingalaterrako futbolariak belauniko jarri zirenean, Wembley-en bildutako ikusle batzuek txistu egin zuten, baina gehienek keinua txalotu zutela irakurri dugu kroniketan. Eskoziako jokalariek adierazi dute gauza bera egingo dutela hilaren 18an jokatuko duten partidan, arrazakeriaren kontra daudela bistaratzeko. Eta ikusteke dago beste selekzioren batek ere egingo ote duen. Espainiako selekzioari dagokionez, Vox alderdiko Santiago Abascalek –beste politikari batek– jada esan du jokalariek hobe dutela tontakeriak albo batera uztea, “Espainia ez delako belaunikatzen”.
Arrazakeria hizpidera ekarrita, Ipar Mazedoniak UEFAri eskatu dio Marko Arnautovic jokalari austriarrak esandakoak eta egindako keinuak ikertzeko. Hatz potolo eta erakuslearekin OK keinua egiteak, Arnautovic-ek egin bezala, ukitu arrazista du, supremazista zuriek erabiltzen duten heinean White Power aldarrikatzeko. Ipar Mazedoniako federazioaren Facebook kontuan irakurri daitekeenez, aita serbiarra duen Arnautovic-en hitz eta keinuak, sustrai albaniarrak dituen Ezgjan Alioski jokalariari zuzenduak zeuden. Honen guztiaren atzean, beraz, Kosovoren subiranotasuna legokeela dio hainbatek.
Beste borroka baten itzalean Krimea dagoen moduan: Ukrainiako selekzioak Eurokopa hasi aurretik aurkeztu zuen kamisetak Errusiaren haserrea eragin du, idatzia duen leloengatik eta marraztua duen mapagatik, zeinak Errusiaren menpe dagoen Krimeako penintsula barne hartu duen. Elastikoaren atzealdean idatzia dagoen lemak Loria Ukrainari! dio, eta barnealdekoak Loria heroiei!. Bi esaldi horiek oso erabiliak izan dira Ukrainako armadan, 2014an Viktor Yanukovitx boteretik kendu zuen iraultzaren aldekoen artean, Paulo Ostolaza kazetariakk azaldu bezala Berria egunkarian.
Bestelako gai batzuk ere badira, hedabideen paperari dagozkionak esaterako. Eriksen daniarra ziplo erori zenean eta taldekideek haren inguruan hesia “jarri”, jende askok kritikatu zuen telebista kameren eta argazkilarien jokabidea, jokalariaren irudiak kosta ala kosta atera nahi zituztela-eta, intimitate eskubidea urratuz. Espainiako selekzioko jokalarien txertaketak ere eman du zeresanik, baina nazio osoaren hobe beharrez egin dutenez gero…
Eurokopa, futbolaz harago (I)