Kindle berri nerea, ezin zaitut maite…
Urte erdi pasatu da Kindle irakurgailua eroski nuenetik, eta, oraingoz behintzat, ez naiz berau gozatzen ari. Zerrendatu egingo ditut motiboak:
- Itxura. Kindlen liburu guztiek berdinak dirudite, ez dute nortasunik. Zuk ikusiko duzun gauza bakarra da orrialde bat, besterik ez. Paperean, berriz, liburu bakoitzak bere nortasuna du, eta hor elementu askok parte hartzen dute: azala, tamaina, paper mota, kolorea, letratipoa, usaina…
- Atzera egitea. Nobela bat irakurtzen ari naizenean, sarri gertatzen zait atzera egin behar izatea, kontsultatzeko nor den halako edo bestelako pertsonaia, batez ere eleberriak pertsonaia asko dituenean. Hori di-da egiten dut, eta ez dit eteten irakurketa. Kindlen, aitzitik, ez dut lortu salto horiek patxadaz egitea. Beraz, aurrera egin behar izaten dut, baina ohi baino zalantza gehiagorekin, pertsonaien nortasunari dagokionez.
- Erreferentziak. Paperezko liburuan badakit non noan eta zenbat falta zaidan, paperezko markatzaileari esker. Kindlen, ostera, ematen du beti nagoela orrialde berean. Ikusten dut, bai, % zenbat irakurri dudan, baina ni ez nago ohituta horretara; esan liteke jakin beharra dudala zenbatgarren orrialdean noan, kalkulatzeko zenbat falta zaidan.
- Oharrak. Paperezko liburuan oso erraza da oharrak idaztea edo paragrafoak azpimarratzea. Kindlen, beharleku itzela.
Egun hauetan John Le Carre-ren eleberri bat irakurtzen ari naiz Kindlen, Un espía perfecto, baina ikaragarri kostatzen ari zait aurrera egitea. Bitartean, aitzakiarik nimiñoena aprobetxatzen dut harrapatzeko oporretarako hautatu ditudan beste liburuak, hauek guztiak paperezkoak.
Bestalde, ikusten ari naiz Gari Araolaza, adibidez, kriskitinak baino poziago dabilela bere Kindle erosi berriarekin. Zer gertatzen zait, doktore? Teknologia kontua da ala betiko geratu naiz lotuta Gutenberg aspaldikoaren galaxiari?
cc-by-sa Joxe Aranzabal
Joxe,
Leteren kantuari segituz gero, ematen dik ez dagoela beste irteerarik: “…baina non biziko naiz, zugandik aparte…”.
Hori duk mezua? Papera nahiago izan arren, ez dagoela beste biderik irakurgailua baino? Fatalitate bat bezala bizi behar dugula irakurtzeko tresnen etorrera? Esaten dituan horiek guztiak egia izanda ere, ez ote dute alde onik irakurgailuek? Irakurleen artean zergatik ugaltzen dira, orduan, masokismoz?
Hik esandako horiek halaxe bizi dizkiat neuk ere, eta paperezko liburua diat nahiago oraindik, baina ezin uka abantailarik: liburudendetan sekula aurkituko ez nituzkeen liburuak lor ditzaket irakurgailurako, sekula erosiko ez nituzkeenei begirada bat bederen egin diezaieket, geure etxeko liburutegi fisiko osoa baino gehiago eduki dezaket tresnan sarturik, garraio errazekoa, edonoiz neurekin daramadana, mahai gainean utzi eta eskurik gabe eroso irakurtzeko modua, apur bat ohitutakoan apunteak hartzeko bikaina (Stanza)…
Hasi berria nauk, esaterako, asteburuetako egunkariak gailu batean irakurtzen (Kiosko delakotik), eta egundoko plazera duk…
Ulertzen diat esan nahi duana, eta bikain deskribatu duk, baina alde onak ere ez genizkiake ahantzi behar, arbola bat edo beste bizirik uzteaz gain, jakina.