Kazetaria, arantzurdea eta zirujaua

bimurchKazetariaren lanbideaz hausnarketa sakona egin berri du Txema Ramirez de la Piscina EHUko irakasleak “Kazetaria, arantzurdea eta zirujaua” titulua daraman artikulu mamitsuan. Hasieratik aipatzen du ez dela bere asmoa inor mintzea, idazkia espiritu eraikitzailez egina dagoela, baina, hori bai, errealitate gordina ezkutatzeko inongo asmorik gabe. Artikulua Hemen aldizkariaren 30. zenbakian argitaratu da eta ondoko lerroetan duzu osorik.

Kazetaria, arantzurdea eta zirujaua

Idazten nuen, batik bat, pobreak isilak izaten direlako. Pobreziak ez du negarrik egiten, ez du ahotsik. Pobreziak sufritu egiten du; isilean baina.

Ryszard Kapuscinski, 2003.

 Hemen aldizkariko arduradunek Kazetariaren lanbideaz gogoeta egitea eskatu didate. Baliteke, ondorengo lerroak norbaitentzat garratzak izatea, edo deserosoak. Ez da nire asmoa inor mintzea. Artikulu hau espiritu eraikitzailez idatzita dago; hori bai, errealitate gordina ezkutatzeko inolako asmorik gabe. 30 bat urte daramazkit lanbide honen bueltan. 80ko hamarkada osoa jardun aktiboan eman nuen, berriemaile profesional bezala. Azken hogei urteotan, berriz, kazetarien heziketara emana naiz EHUk Leioan duen Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasle moduan. Bitarte honetan, jarraitu dut kolaboratzen, han eta hemen, halaxe eskatu didaten hedabideetan.

Hiru zatitan egituratu dut gogoeta hau: nola gaude? Zergatik? eta zer egin? Metafisikoegia, agian. Iñaki Gabilondok bere azken liburua[1] zuri, kazetari izan nahi duzula esan eta mundu orok barre egin dizun horri eskaini dio. Beraiei ere doaz ondorengo lerroartekok.

Nola gaude?

Lau apunte, hasteko.

Baga. Aurtengo apirilaren amaieran eta maiatzaren hasieran bi megagertaera mediatikok ia planeta osoko arreta bereganatu zuten: Londresko William eta Kate printze eta printzesaren ezkontzak eta Real Madril-Barça futbol taldeen lau norgehiagoka-serieak. Lehena 2.000 milioi pertsonak ikusi omen zuten. 8.000 kazetarik ahalbidetu zuten apirilaren 28ko zeremoniaren glamourra mundu osora zabaltzea. Aipatu lau futbol norgehiagoketatik audientzia gehien lortu zuen partiduak 400 milioi pertsonak ikusi zuten. 1.000tik gora kazetarik jarraitu zuten in situ gertaera. Alde batetik, erregetzea, noblezia eta herria; bestetik, garaipena eta ohorea, nortasunen arteko lehia. Mitoak eta erritoak: etengabe presente gizarte eta gizaldi guztietan. Bi gertaerok jazotzen ari ziren egunetan, milaka ume hil ziren desnutrizioaren ondorioz. FAO Osasun Mundu Erakundearen arabera, 920 milioi pertsona gosete egoeran bizi dira (populazio osoaren %13,2). Egun horietan, edozein herritako albistegietako editore bati burutik pasa izan balitzaio bere programa goseak munduan hildako milaka umeren tragedia lazgarriarekin irekitzea lankide askoren kritika jasoko luke: “erotu egin da”, “iluminatu bat da”, “arreta informatiboa non dagoen ez dakien sasi-profesional epela”, “sentimental bat”. Kargua galduko luke berehala. Horrela gaude.

Biga. Har ezazue gogoan oso zabalduta dagoen beste praktika profesional bat: prentsaurrekoak. Prentsaurrekoak informazio-iturriek —eskuarki, komunikazio-kabineteen bitartez— gaurkotasunezko gaien inguruan informatzeko deitzen dituzten bilerak dira. Bertara masa-hedabideetako kazetariei dei egiten zaie, edozein delarik haien euskarria: prentsa, irratia, telebista edo Internet. Ez dira bilera irekiak. Soilik deitutakoak joan daitezke. Deitzaileek hitz egiten dute lehenik. Gero, kazetariek galderak egiten dituzte. Egiten zituzten, hobeki esanda. Izan ere, azken urteetan, gero eta zabalduago dago galderak ez onartzeko ohitura. Berdin dio zein den gaia. Ez dago galderarik. Sarritan, gainera, kazetariei ez zaie aldez aurretik horretaz ezer esan, ez dituzte ohartarazi. Bertara joan dira. Talde oso bat mobilizatu dute: kamerak, teknikariak, argazkilariak, eta abar. Bertaratu eta gero enteratu dira galderarik ezin direla egin. Zertarako joan orduan? Internet bidez jaso zezaketen dokumentu bat –prentsa ohar bat, esaterakoâ�� jasotzeko?. Horretarako bakarrik? Ohitura hau gero eta gehiago zabaltzen ari da. Ia agintari, alderdi politiko, sindikatu eta erakunde guztiek praktikatzen duten mania da. Hori baino okerragoa da beste sintoma bat: galderak egiteko aukera dagoenean ere, kazetariek sarritan ez dute bat bera ere egiten. Lotsa?, erredakziora lehenbailehen bueltatzeko beharra? Horrela gaude.

Higa. Mintza gaitezen orain lanbidearen egoeraz. Digitalizazioak lanpostu gehiago sortuko zituela uste zuena oker zegoen. FAPE Espainiako Kazetari Elkarteen Federazioak emandako datuen arabera[2], 2011n 68.000 kazetari zeuden estatu osoan. Horietatik 30.000 jardunean ziren. Jakina, gainerako 38.000ak, ez. 7.000 inguruk izena emana zuten enplegu eskatzaile bezala. Beste 31.000ek, ez. Arrazoia garbi zegoen: euren lanbideari bizkarra eman eta beste zerbaitetan ari ziren, kazetaritzarekin zerikusirik ez duen beste ofizio batean. Lanean dihardutenen kazetarien %66k onartzen dute gaur egun krisia hasi zenean (2008an) baino gutxiago kobratzen ari direla. Prekarietate indizea ere igo egin da: %8tik %14ra. Bizkitartean, sindikatuetan edo erakunde profesionaletan izena emanda duten profesional-kopurua oso baxua da, Europako baxuenetakoa. Egoera honen errematea: azken bi urteotan, estatu osoan 2010 eta 2011n 6.000 kazetaritzako lizentziadun berri gehiago sortu dira. Nora joateko baina? Zer egiten ari gara unibertsitateetan? Zer etorkizun daukate 2010-1011 ikasturtean EHUko Leioako Fakultatean Kazetaritza, Ikus-entzunezko komunikazioa eta Publizitate eta Harreman Publikoetan matrikulatu diren 410 ikasle berriek? Horrela gaude.

Laga. Bi hitz lanbidearen irudiaz. Ez hain urrutiko garaietan, kazetaria lanbide duinaren sinonimoa zen. Gizarteak errespetua zigun: agintariei neurria hartzeko lanbidea zen gurea. Kazetarien artean era guztietako ideologiak zeuden, jakina, baina bazegoen beste aldarte bat, beste jarrera bat, beste sentsibilitate bat. Ez ginen orojakile, ez handiusteko, baina bai jakin gureak. Gizarteari zerbitzu bat eskaintzeko geunden; oinarrizko eskubide baten bermatzaile ginen (informazio-eskubidea, alegia). Gaur egun, kazetari beteranoak erakusleiho mediatiko nagusietatik desagertu dira. Pantailan ederki ematen dute. Orain kazetari gazte xarmant eta irudi onekoak lehenesten dira. Esperientzia gutxiago daukate, baina otzanagoak dira, gutxiago kobratzen dute eta, gainera, lirainak dira. Egun, hedabideak lubakiak bihurtu dira, nor bere nagusiaren bozgorailu. Arinkeria, azalkeria nagusitu dira edukietan, galderetan, telebista nahiz prentsa, irrati edo internet-eko produktuetan. Lehen gizarteak errespetua zigun; orain beldurra. Izan ere, edozein momentutan kazetari malapartatu, hasiberri edo grazioso batek zure bizitza honda lezake. Edo ez? Horrela gaude.

Zergatik?

Lau pista, orain.

Baga: Merkatuaren legea. Ez du dena esplikatzen; baina, bai gauza asko. Gertuko adibide bat: Espainiako estatuan Tele 5 eta Cuatro kateek bategite prozesua abiatu zuten 2009an. Erabakiaren ondorioz, 2010eko urrian CNN+, albisteak 24 orduz ematen zituen kate pribatu bakarra, desagertu egin zen, baita berarekin batera 89 lanpostu ere. Bere ordez, GH paratu zuten; 24 orduz hori ere. Telecincoko “etxean” gertatzen den oro ematen duen kate horrek, lehendabiziko asteetan, bikoiztu egin zuen albisteen kanalak zeukan audientzia. Hori datua. Horrexek justifikatzen al du erabakia? Zein gizarte eredura goaz?

Komunikazioaren munduan oihaneko legea da nagusi aspalditxodanik. Harrigarria da, ordea, merkatuak zein erraz ezarri duen bere nagusitasuna, oihaneko piztiek apenas karrankarik egin gabe. Informazio-fluxu librearen filosofo berriak estatuarenak ziren hedabideen deserregulazioa (pribatizazioa, alegia) eskatzen hasi ziren. Eta lortu ere, lortu zuten. Libre utzitako eremuez oligopolio informatibo pribatuak jabetu ziren azkar asko, harik eta merkatuaren jaun-andere bakarrak egin arte (AOL-Time Warner, Bertelsman, Disney, News Corporation, Viacom-CBS…). Espainiako estatuan edo Euskal Herrian ere beste horrenbeste gertatzen da. Talde erraldoi apur batzuek merkatuaren gehiengoa kontrolatzen dute. Horiekin batera merkatuaren diktadura ezarri da, edukien degradazioa eta audientzien alienazioa. Adibide sinple bat baino ez. TDT Lurreko telebista digitalak urtebete egin du Espainian. Abian jarri baino lehen dena zen aldeko, onurak eta aukerak: “kanal tematiko ugari izango ditugu”, “telebista interaktiboagoa izango da” iragarri ziguten, besteak beste. Lizentziak banatu ziren moduak lehengo operadore analogiko nagusiak mesedetu zituen. Ondorioa, begi bistakoa: kantitatea biderkatu arren, kalitatean ez da aurrera egin. Are okerrago, TDT eskuin muturreko hainbat kanalaren gordeleku bihurtu da. Kolore bakarreko tertuliak nonahi ditugu[3]: El gato al agua (Intereconomía), La vuelta al mundo (Veo 7) edo La tertulia de César Vidal (Libertad Digital). Horratx aniztasuna; horratx merkatuaren onura.

Biga. Ikus-entzunezko kulturaren nagusitasuna. Irudiaren garaia da gurea. Prentsaren salmenta behera doa etengabe, planeta osoan eta urterik urte. Paperak %2-%3 galtzen du urtero. Internet-ek du, neurri batean, horren ardura. Kazetak ezin dira sarearen sare den horren kontra lehiatu. Osagarri bilakatzea hautatu dute gehientsuenek. Horregatik, egunkarien edizio elektronikoak ere gero eta hobeak dira, gero eta ikusgarriagoak, gero eta interaktiboak. Webgune hobeek ez dituzte diru-sarrerak bereziki handitu. Desoreka nabarmena dago, egindako ahalegin humano eta ekonomikoa eta jasotako emaitzen artean. Hainbat egunkariren egoera oso larria da. AEBetan hainbat kazeta desagertu dira; milaka lanpostu galdu dira. Sektorea noraezean dago konponbide miresgarria topatu nahian. Kazeta batzuk birmoldatzen hasi dira: astelehenetik ostegunera soilik edizio elektronikoa kaleratzen dute eta ostiral, larunbat eta igandeetan paperezkoa. Beste batzuk hasi dira edukiengandik kobratzen, baina aukera hori ez da, momentuz, orokortu.

Gazteek ez dute prentsarik erosten. Sarean, tabernetan edo gurasoen etxean irakurtzen dute. Beraien aisialdiren zati gehiena musika entzuten eta bideoak ikusten ematen dute. Telebista bera ere gero eta gehiago ikusten dute Internet bidez. Ordenagailua euren bizitzaren zati bilakatu da. Zergatik gazteek ez dute egunkaria erosten? Honatx, beraiei unibertsitatean entzundakoa: “zertarako kioskora joan, 1,20 euro ordaindu, kazeta bakarra erosteko, etxetik mugitu gabe eta doan gainera, munduko kazeta ia guztiak dituzunean ikusgai Internet-i esker? Zergatik? Prentsako edukiak zaharkituta geratu dira. Ez dira ikusgarriak, ez dira gazteentzako eginak. Periodikoek aspertzen gaituzte”. Beraz, arazoa ez legoke hainbeste gazteen ohituretan baizik eta hedabideek beraiek gazteen beharretara egokitzeko erakutsi duten gaitasun edo trebetasun faltan.

Egokitu beharraren beharraz berehala jabetu da Rupert Murdoch. News Corporation talde multimedia erraldoiaren jabeak joan den otsailean plazaratu zuen The Daily, tablet tipoko ordenagailuentzat diseinatutako egunkari elektronikoa. 100 pertsonak egiten dute bertan lan. 99 dolar zentabo kobratzen dute asteroko harpidetza eta 15 milioi hartzaile potentzial aurreikusi dute. Balirudike irtenbidea hortik datorrela. Esaera zaharrak garbi ikusi zuen aspaldi: Ezin baduzu etsaia mederatu egizu bat berarekin. Prentsari antzeko zerbait gerta dakioke ikus-entzunezkoen nagusitzarekin.

Higa. Sinpletasuna eta arinkeria. Laburtu hamar segundotan, mesedez. Sarritan, horixe eskatzen zaie komunikabideen aurrean hitz egin behar duten bozeramaile edo gizarte-eragileei; hots, euren hauteskunde-programak, ideiak, proposamenak edo salaketak esaldi bakar edo pare batean sintetizatzea. Horrek dezenteko sintesi ahalmena izatea eskatzen du eta hori ez dago guztien esku. Gaitasun horrek dakarren arrisku handienetakoa arinkeria da; azalean geratzea, alegia. Sinpletasuna askoz erosoagoa da. Ez digu ahaleginik eskatzen. Hautaketa egin behar bada bi aukeren artean bada askoz hobe. Zintzoen eta gaiztoen arteko istorioak dira. Konplexutasunak nekez aurkitzen du tokirik irratian edo telebistan. Konplexutasunak denbora behar du: nabardurak azaldu behar dira, protagonista desberdinei ahotsa eman behar zaie, arazoen zergatiak arakatu behar dira. Eta gu, hor nonbait, oso eroso bizi gara burua gehiegi nekatu gabe.

Jesus Gonzalez Requena Complutenseko katedradunak era honetan laburtu du telebistaren diskurtsoa[4]:Telebistaren diskurtsoak bistakoa dena baino ez du agerian uzten; oso errepikakorra da, pasibotasunean kontsumitzen da, ahalegin berezirik egin gabe (piztuta dagoen bitartean beste zerbait egiteko aukera ematen digu); ikus-entzuleari alegiazko errealitatea eskaintzen dio etengabe; oso autoerreferentziala da, bere baitan kiribildua eta berton nagusi diren balioak look, light, sex eta diruaren ingurukoak dira, batez ere.

Bizitza, ordea, konplexuagoa da: den-dena ezin dela hamar segundotan laburtu, den-dena ezin dugu zintzo eta gaiztoen arteko istorioa bihurtu. Informazioa, berez ez da ezagutza bertara iristeko mekanismoa baizik. Iñaki Gabilondok metafora batekin esplikatzen du[5]: Ezagutza soilik lortzen da informazioa zure haragiaren zati egiten denean, zeure gorputzak â��ahaleginaren bitartezâ�� metabolizatzen duenean; horri esker lortzen dugu zer gertatzen ari den jakitea. Informatuta egoteak nekatu egiten du; areago ongi informatuta egoteak.

Har dezagun euskal gatazkaren inguruko informazioa paradigmatzat. Zenbat aldiz irakurri, entzun edo ikusi ditugu zintzo eta gaiztoen arteko istorio sinple, funts-gabe, maltzur edo, are okerrago, asmatutakoak? Gerrako eszenatokiak sortu dira. Bizkitartean, lubakietan bizitzera ohitu gara. Fronte guztietan, heroi eta bilauen sorkuntza etengabea izan da. Nork bere sufrimendua ikusi du soilik, besteengana joateko urratsik eman gabe. Nabardurak deserosoak dira, baina ezinbestekoak. Izan ere, garbi asko dago, azkar eta ongi usoek bakarrik egiten dutela hegan.

Laga. Adierazpen askatasunaren mitoa. Komunikazioaren munduan azken bi hamarkadan bizi izan dugun trantsizioa benetan garrantzitsua izan da. Igaro gara informazioaren kontrol zorrotz batetik ustezko gardentasun total batera, non edonork duen –teoriaz, bederenâ�� bere istorioa kontatzeko eskubidea. Batzuek norberaren intimitatea erakusteko edo saltzeko eskubidea adierazpen askatasunaz mozorrotu dute. Adierazpen askatasuna, ordea, beste zerbait da. Adierazpen askatasuna nork bere egia, bere iritzia azaltzeko duen eskubidea da, edozein dela euskarria, edozein dela komunikatzeko modua. Zenbait pertsonak eta erakundek erraztasun nabarmena dute zarata sortzeko hedabideetan. Beste batzuek, berriz, isilik igarotzen dute bizitza osoa; ez zer konta ez daukatelako, baizik eta inork mikrofonoa hurbildu ez dielako. Ryszard Kapuscinski kazetari maisuak honela justifikatu zuen bere idazteko beharra (2003)[6]: Idazten nuen, batik bat, pobreak isilak izaten direlako. Pobreziak ez du negarrik egiten, ez du ahotsik. Pobreziak sufritu egiten du; isilean baina. Horregatik egin zen kazetari Kapuscinski.

Bizi garen garaiotan, berriz, komunikazio-enpresa batzuek gauzak nahastu egin dituzte; uste dute adierazpen askatasuna eta intimitateak erakustea gauza bera direla. Are okerrago, horren defentsa sutsua egiten dute barrenak eta barrukoak erakustea adierazpen askatasunaren lorpena bailitzan. Ez da oraingo kontua bakarrik. Iñaki Gabilondok berak aipatzen du 1989an Interviú aldizkariak argitaratu zituen argazki batzuen karira sortu zen polemika. Argazki horietan Marta Chavarri, orduko enpresaburu ezaguna, ageri zen, dantza-leku batean, sofa batean edo eserita. Berton zegoen argazkilari batek hartu zion argazkian, pubisa ikusten zitzaion emakumeari. Zalaparta itzela izan zen. Salmentak ere mundialak. Ondoren sortu zen ika-mikan merkatu interesak eta adierazpen askatasuna nahastu egin ziren modu bitxi samarrean. Aldizkariko langileek beraiek ere argazki horien argitalpena defendatu zuten ez beraien lanpostuak babesteko edo salmenten izenean (onestua litzateke, bederen); ez, adierazpen askatasunaren izenean.

Alde horretatik, ezer gutxi aurreratu dugu ordutik hona. Orain, teknologia berriei esker, voyeurismo eta exhibizionismoa modu berean nahasten dituen joera nagusitu da hainbat hedabidetan. Hainbat hiritarrek disfrutatzen dute besteen miseriak kontenplatzen eta beste batzuek euren intimitateak erakusten plaza nagusian. Uste dute beraien erabakia librea dela eta ez duela zerikusirik merkatu edo audientzia interesekin. Adierazpen askatasuna eta gardentasuna erabili ohi dira arrazoi modura portaera eta joera horiak justifikatzeko. Gonzalez Requena irakasleak gauzak garbi bereizteko deia egin du:[7] Beharrezkoa da begiradari ere mugak ipintzea; izan ere, dena ikuskizuna eta merkatuaren legeen arabera uzten badugu, den-dena mundu guztiari erakusten badiogu ez zaigu ezer geldituko benetan maite dugun pertsona horri kontatzeko edo erakusteko.

Norberaren intimitatea eta bizitza pribatua babestea adierazpen askatasunaren parte da eta ezin da ustezko gardentasunarekin edo merkatu-interesekin nahastu.

Zer egin?

Bi proposamen.

Baga. Haserretu zaitezte! Horixe da Stéphane Hessel[8] 93 urteko diplomatiko ohiak Frantzian iaz kaleratu zuen saiakera laburraren titulua. Hesselek nazien jazarpena jasan zuen bere garaian. Diplomatiko izan zen gero eta parte hartu zuen Nazio Batuen Erakundeak 1948an aldarrikatu zuen Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala idatzi zuen batzordean. Liburuxka best seller bihurtu da hilabete batzuen buruan. Berton gomita egiten die hiritarrei planeta osoan nagusi den injustizia egoerari aurre egiteko, batik bat finantza botereak ekarri duen egoera borrokatzeko. Mezua ez da berria. Mezulariaren nortasuna eta adina egin zaizkigu bitxiak. Gazteei zuzentzen gehien bat. Bere ustez, makurrena axolagabe izatea da: jarrerarik okerrena axolagabetasuna da, ‘ezin dut ezer egin, hor konpon’ esatea. Hala jokatzean gizakiaren funtsezko osagaietako bat galtzen duzue. Ezinbestekoa den osagai bat: haserretzeko ahalmena eta horren ondorioa den konpromisoa.

Gazteei begira gaude etengabe. Sarritan, gure ezintasunen jomuga egiten ditugu, beraiengan paratzen dugu besteok sortu ditugun arazoen konponbidea. Ez da bidezkoa. Ez da zuzena. Guztion eginkizuna izan beharko luke jarrera kritiko izateak, egoera injustuen aurrean haserretzeko gaitasuna erakusteak. Joxe Arregiren esana da ondorengoa[9]: Jesus ez zen hil Jaungoikoaren borondatez, heretiko, eta subertsiboa izategatik baizik, tenpluko abusuen aurka ahotsa altxatzeagatik, galtzaileen ondoan jartzeagatik, azkenen laguna izateagatik, eroritako guztien alboan ipintzegatik.

Biga. Distantzia agintearekiko, gertutasuna arazoekiko. Bigarren proposamena zuzen zuzenean doakie kazetariei zuzenduta; gazte izan nahiz adinekoa izan. Kazetariek denbora larregi ematen dute boterearen inguruan. Berdin dio zein den agintearen kolorea. Oso maiz bazkaldu, bidaiatu eta lan egin dute agintariekin. Berriemaile ugarik boterearen aurrean herritarren ordezkari bezala jardun beharrean, agintearen ordezkari bezala jokatzen dute herrikideen aurrean. Funtzioak trukatu egin dira. Ez dago distantziarik. Gertuegi daude aginte makilatik eta urrunegi kaletik. Uko egin diote arazo konplexuen aztertzeari. Lekuko soilak bihurtu dira. Ez dira analistak. Ez dituzte arrazoiak edo zergatiak bilatzen. Aski dute esatea nork zer esan edo egin duen, han edo hemen, atzo edo gaur. Kito. Hor amaitzen da euren zeregina. Zergatik eta nola galderez ahaztu egin dira. Ez dira euren lehentasuna.

Arthur Schopenhauer filosofoaren ondorengo parabola hau oso famatua da eta ongi ilustratzen du kazetariak agintearekiko mantendu beharko lukeen distantzia[10]. Danzig-eko pentsalariak kontatzen zuen nola arantzurdeak, negu gorriko hotz izugarriari aurre egiteko, bildu egiten diren elkarri berotasuna emateko. Baina, gerturatze horrek badu muga argia: euren arantza zorrotzak. Gutxieneko distantzia bat mantendu behar dute, bestela elkarri min egiteko arriskua dute. Keep your distance diote anglosaxoiek. Horrelako zerbait egin beharko luke kazetariak, prebentziozko distantzia bat mantendu bere informazio-iturriekiko; behar beste hurbildu informazioa jasotzeko, baina behar beste urrundu haien morroi ez bihurtzeko.

Iñaki Gabilondok ere berriemaileak mantendu beharko lukeen jarrera prebentibo hori azpimarratu du. Berak kazetaria eta zirujaua konparatzen ditu[11]. Zirujauak, ebakuntza bat  hasi baino lehen, sistematikoki eskuak garbitzen ditu. Berdin zaio zein ospitalean dagoen. Berdin zaio zentro pribatua edo publikoa den, prestigio handikoa edo umilagoa, handia edo txikia. Beti garbitzen ditu eskuak. Ohitura hori lege bihurtu da. Inork ez du kuestionatzen, mundu guztiak baitaki guztiz beharrezkoa dela. Kazetaritzarekin, berriz, ez da horrelakorik gertatzen; ez dago halako neurri prebentiborik. Gabilondoren esanetan, Espainiako kazetaritzak ez du inoiz halako marra defentsiborik erabili.

Azken gogoeta. Komunikazioaren mundua bidegurutze zailean dago. Aldaketak zer ekarriko duen inor gutxik daki. Hemendik aurrera, kantitatean baino gehiago kalitatean jarri beharko dela enfasia iruditzen zait. Kalitatean eta pasioan. Lanbide honek guztiz pasiozkoa behar du izan. Bestela, ez du merezi. Kazetari izan nahi duen gaztea hizpide izan dugu artikulu osoan. Gabriel Garcia Marquez kazetari eta idazleak oso garbi izan du beti zein den lanbide honen osagai nagusia[12]:

Kazetaritza aseezina den pasioa da, zeina bakar bakarrik digeri eta gizatiar daitekeen errealitate gordinarekin alderatzen baldin bada. Gaixotasun hau jasan ez duen batek nekez imajina dezake zer den bizitzaren gorabeherekin elikatzen den morrontza hori. Horrelakorik bizi ez duen batek doi-doi irudika dezake albisteak sortarazten duen naturaz gaindiko bihozkada hori, esklusibaren orgasmoa edota porrotaren gainbehera morala. Horretarako jaio ez den eta horretarako bakarrik bizitzeko prest ez dagoen inork jarrai lezake hain ulertezina eta suntsikorra den lanbide batean, zeinaren emaitza albiste bakoitzaren ondoren amaitzen den, betiko balitz moduan..

Haserretzeko ahalmena. Kalitatea. Pasioa.

Txema Ramirez de la Piscina, kazetaria eta EHUko irakaslea.



[1] Iñaki Gabilondo (2011): El fin de una época. Sobre el oficio de contar las cosas, Barril & Barral, Bartzelona.

[2] Internet-en ikusgai: http://www.prnoticias.com/index.php/home/499/10062558

[3] Internet-en ikusgai: Los ultras conquistan la TDT, El País egunkaria 2011-05-09. http://www.elpais.com/articulo/sociedad/ultras/conquistan/TDT/elpepisoc/20100222elpepisoc_4/Tes

[4]Jesús González Requena (1988: 147-148): El discurso televisivo: espectáculo de la postmodernidad, Cátedra, Madril.

[5] Ibidem. Iñaki Gabilondo (2011: 25).

[6] Ryszard Kapuscinski (2003): Los cínicos no sirven para este oficio. Sobre el buen periodismo. Ryszard Kapuscinski Anagrama Barcelona.

[7] Elkarrizketa laburra youtuben dago ikusgai: http://www.youtube.com/watch?v=ufILLcJ2ZkQ

[8] Stéphane Hessel (2010): Haserretu zaitezte! Indignez vous! Denon artean, Berriozar

[9] Joxe Arregi, La campaña de la Cruz, Diario de Noticias de Alava, 2011ko apirilaren 17an.

[10] Arthur Schopenhauer (2009:1108); Parerga y Paralipómena. II, Valdemar: Madril.

[11] Iñaki Gabilondo (2011: 42-43): El fin de una época. Sobre el oficio de contar las cosas, Barril & Barral, Bartzelona.

[12] Gabriel García Marquez. El mejor oficio del mundo izeneko hitzaldia. 1996ko urriaren 7an SIP Prentsaren Elkarte Iberoamerikarren 52. batzarraren aurrean hitzaldia, Los Angeles-en.

Zer duzu buruan “Kazetaria, arantzurdea eta zirujaua”-ri buruz