Homo securus
Homo securus –
Azken aldian, Europako ezker berriaren zati baten ahotan gero eta sarriago ari gara entzuten ezkerrak ordena eta segurtasuna eskaini behar dituela. Krisiak ziurgabetasuna eta desordena ekarri ditu eta horrek talka egiten omen du, pertsonok berezkoa omen dugun segurtasun eta ordenaren aldeko joerarekin. Horregatik, denbora nahasi hauetan, ezkerrak eskuin neoliberalak bermatzen ez dituen segurtasuna eta ordena eskaini behar omen ditu. Ideia honen adibide dira, besteak beste, Carlo Farmeti italiarraren La variante populista liburua eta Le Figaro egunkariak Iñigo Errejoni egin zion elkarrizketa bat.
Ideologia eta helburu politiko guztiek, esplizituki batzuetan eta inplizituki gehienetan, antropologia bat aurresuposatzen dute. Hau da, ideologia edo helburu politiko hori justifikatzen duen pertsonen balizko izaera bat azpimarratzen dute. Maquiavelok, adibidez, Printzipea lan ezagunean, agintearen erabilera gogorra justifikatzeko, jendea, berez, “eskertxarrekoa, kaskarina, gezurtia, koldarra eta diruzalea” zela zioen. Jean-Jacques Rousseauk berriz, pertsonak, berez, onak garela zioen, horrela soilik justifikatu baitzezakeen bere Jendarte-Hitzarmenaren egingarritasuna. XX. mendeko iraultzetan berriz, pertsonek, berez, askatasunerako joera zutela aurresuposatzen zen. Eta azkenik, neoliberalismoak, indarrean dagoen sistema ekonomiko eta politikoa mantentzea helburu duenez, pertsonok, berez, ordena eta segurtasun-zaleak garela esango digu.
Ikuspegi antropologikoa arma politiko oso indartsua da, balizko berezkotasunetan oinarritzen baita ondorio politikoak ateratzeko. Ezkerra, helburu propioak justifikatuko dituen ikuspegi antropologiko berria sortzeko gaitasunik gabe, neoliberalismoarena disputatzera sartu nahian dabil. Ezker berria, neoliberalismoaren ikuspegi antropologikora gerturatzearen zergatia, helburuei eutsiz estrategia fintzea baino, helburuak aldatu izanaren seinalea dela uste dut. Hau da, helburu politikoen aldaketak, ikuspegi antropologikoaren aldaketa eskatzen zion ezker berriari, eta ez alderantziz.
Ez da kasualitatea, Podemosen kasuan adibidez, antropologia neoliberala erabiltzen hasi izana… helburu moduan 78ko giltzarrapoa apurtu behar zela esatetik, erregimen horren beraren kudeaketa “humanoagoa” egin behar dela esaten hasi ziren. Ikuspegi antropologikoaren aldaketa hori Podemosen gainbeheraren adierazle garbia dela uste dut; sisteman integratu izanaren seinale. Bide horretan sakontzen jarraitzen badute eta etorkizuna okerragoa izan daitekeenaren aitzakiapean, Espainiako ezker berriaren segurtasun eta ordenaren eskaera, sekurokraziaren aldarria bilakatuko den eguna gertu egon daiteke. Gaur egungo egoeraren zaintzaile finena bihurtu zaigu Podemos. Horretarako darabil antropologia neoliberala; bere diskurtso neokontserbatzailea justifikatzeko. Beraiek ikusiko dute bide horretatik noraino iritsi daitezkeen.
Independentismoa ez da mundu honetatik at bizi, horregatik, gainontzeko lekuetan gertatzen diren bilakaera ideologikoek gurean ere eragina dute. Hori osasuntsua eta beharrezkoa da. Hala ere, beste lekuetako ideia diferenteak zentzu kritiko eta utilitarista batetik gureganatzea ezinbestekoa dela iruditzen zait. Hau da, balio ez diguna ez hartuz eta balio diguna hartu eta transformatuz. Horregatik, Espainiako ezker berriaren eraginez independentismoan gero eta sarriago entzuten ari garen segurtasun eta egonkortasunaren aldeko aldarriek kezkatzeko arrazoiak ematen dituztela uste dut.
Esandakoetatik tiraka, independentismoari antropologia neoliberalera gerturatzeak, bi ondorio kaltegarri ekarri diezazkiola uste dut: independentziaren justifikazioa egiteko zailtasuna batetik eta subjektu independentista egituratzeko ezintasuna bestetik.
Segurtasunaren eta egonkortasunaren eztabaidak egungo markoa babestera, bakarrik, aspiratu dezake, ez egungo marko hori gainditzera. Ondorioz, independentismoa, erresistentzia autonomista ziklo batera eraman dezakeela uste dut. Segurtasuna jartzen badugu ipartzat, ez da iritsiko independentismoak derrigorrezkoa duen arriskatu beharreko momenturik eta iritsiko balitz, ez legoke arriskatu nahiko lukeen herririk. Segurtasuna eta egonkortasunaren diskurtsoak independentismoa artikulatu beharrean, desartikulatu, indargabetu egiten du. Posible izango al litzateke Kataluniako prozesua eta bertako puntu gorena izan zen urriaren bateko galdeketa Kataluniako independentismoak segurtasuna eta ordena prozesuaren justifikaziotzat jarriko balitu? Ez dut uste.
Interesgarria iruditzen zait kritika hau. Hala ere, gauzaren bat ez zait argi gelditu:
Neoliberalismoaren “antropologia” da edonor ederki bizi daitekeela, gogor lan egiten badu eta lehiakorra bada. Kasu eman: edonor, ez mundu guzia. Thatcher bezalako neoliberal zintzo eta konplexurik gabekoek esan izan dute “Jendarte” delakorik ez dagoela, norbanako independenteak baizik.
Noiztik agintzen digu neoliberalismoak segurtasuna? Ez al digu ba saltzen “ahaleginaren kultura”, lehiakortasuna, norberaren lan eta bizitza egitasmoetan malgutasuna, mugikortasuna, prestakuntza etengabea? Lehoi eta arkumeak daude, zer izan nahi duzu zuk?
Ordea, “Bakea eta Ogia” boltxebikeen promesa zen, ez zuriena. Batzuetan, ematen du zenbait diskurtso “berri” atzo goizean asmatutakoak direla, Laclauren jarraitzaileen think tank batean-edo.
Gaitik pixkat aldenduz, “ezker berri” delako horri buruz oso kritiko azaltzen ari diren zenbait idazle ezkertzaleren iritziz, ba omen dabil joera kaltegarri bat, hau ere kutsadura neoliberaltzat definitzen dena. Ea gai naizen ongi esplikatzeko: norbanakoen sentimendu eta autoperzepzioak aldareetara igo eta ezin eztabaidatuzko kategoria bihurtzea, bestelako kontsiderazioen gainetik: “Ni halako naiz halaxe sentitzen dudalako, eta zuk ezin dezakezu zalantzan jarri NOR naizen, zeren ez baitzara nire taldekoa eta ez baitezakezu nire bizipen indibiduala nik bezain ongi ezagutu”. Zuzeuko artikuluren batean irakurrita dauzkat horrelako argudio sendoak, ia-ia textualki.
Horrelako joerek ere nora eramaten ahal gaituzten beste eztabaida baterako utz dezakegu.
Nik uste dut independentisten helburua, edo helburuetako bat, izan behar dela indarrean dagoen legedia eta sistema leherraraztea, ikusirik honek haien nazioaren heriotzara destatzen duela.
Independentistek badakite prozesu horretan sufrimendu handia egon litekeela, fase batzuetan batez ere berena, baina ez lukete etsi behar horrek sortzen duen beldurraren aurrean, alternatiba desagertzea baita. Hori bai, estrategia errealista bat, fin irisgarri bat eta ahaleginaren dinako sari bat behar dira horretarako. Badugu holakorik?
Sistema neoliberalaren aitzi egitea IZOKINAREN EsTRATEGA da, hots, ibaian gora segi eta segi.
Horren SARIA edo kontsolamdua?: Helmugan bere arraultzak jartzea.