Azal motak eta bakoitza nola babestu
Gure azala babestea oso garrantzitsua da, batez ere uda garaian, eguzki izpiek gogor jotzen baitute eta oso erraza delako erretzea. Erredurak ekiditea ezinbestekoa da azaleko minbizia (melanoma) ekiditeko, azalak “memoria” duelako eta ez dituelako erredurak ahazten; zenbat eta erredura gehiago jasan, orduan eta aukera gehiago izango dugu melanoma garatzeko. Beraz, mendira, hondartzara edota kalera irteteko eguzkitako krema jartzea komeni da. Baina azal mota bakoitzak behar duen babes faktorea ezagutu behar dugu, eta lehenik, zein den gure azal mota.
I mota
Albinoak, begi argiak, ile hori edo gorria eta oreztadun azal oso argia dituzten pertsonak dira babes gehien hartu behar dutenak, eguzki izpien kalteei bereziki ahulak dira eta. Ahal izanez gero, eguzkitan ahalik eta denbora gutxien pasatzea gomendatzen zaie, eta sekula babes faktore oso altuko (50ekoa edo altuagoa) eguzkitako kremarik eman gabe.
II mota
Azal argia, begi urdinak eta ile horia -Europa iparraldeko herrialdeetan ohikoak diren ezaugarriak- duten pertsonak. II motako azala dutenak ere kontu handiz ibili behar dira eguzkipean jarriz gero. Babes faktore handiko kremak erabili behar dituzte, 30-50 bitartekoak. Dena dela, ahalik eta altuena erabiltzea gomendatzen da, 50koa, adibidez.
III mota
Azal argia, gaztaina-koloreko begiak eta gaztaina-kolore argiko ilea duten pertsonak ere babes altua behar dute, 30-50 bitartekoa. Ezaugarri horiek dituzten pertsonak dira Euskal Herrian gehien aurki ditzakegunak. IV mota Begi ilunak eta gaztaina-kolore iluneko ilea duten pertsonak –latinoak, adibidez– babes altua behar dute, 30-50 bitartekoa ere, baina zertxobait lasaiago ibil daitezke haien azala pigmentatuagoa delako. 25ek babesa duten krema ere erabil dezakete.
V mota
Azal iluna, gaztaina-kolore oso iluneko ilea duten pertsonak, hegoafrikar edo indiar jatorrikoak. Babes ertaineko kremak erabili beharko lituzkete, 15-25 bitartekoak.
VI mota
Azal eta ile oso beltzeko pertsonak, ertafrikarrak. Nahiz eta azala oso pigmentatua izan, ez daude eguzkiaren arriskuetatik libre eta babestu egin behar dute. Dena dela, gainontzeko azal motek baino babes faktore txikiagoa behar dute, 15ekoarekin nahikoa.