Transilvaniako Zinema Jaialdiaren hogeigarren edizioa eta Donostia Zinemaldia
Transilvaniako Zinema Jaialdia –
Transilvaniako Zinema Jaialdiaren hogeigarren edizioa eta Donostia Zinemaldia elkarretaratu dira
Azken urteotan Donostia Zinemaldian programatutako hamar film espainiar proiektatuko ditu Errumaniako zinema jaialdiak
…
Transilvaniako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren hogeigarren edizioa egingo da uztailaren 23tik abuztuaren 1era Cluj-Napoca hirian (Errumania), eta zinema espainiarraren ospakizun bat hartuko du Spain Focus izeneko programa zabal batean; emanaldi bereziez, hitzaldi eta eskola magistralez, industria-jarduerez eta erakusketez osatuta egongo da ekimen berri hori. Programaren barruan Carte Blanche: San Sebastián dago, Donostia Zinemaldiko hautespen-batzordeak aukeratu berri dituen hamar film espainiarren hautaketa itzela. Bertan dago Sentimental (Cesc Gay, 2020), Transilvaniako Zinema Jaialdiak Cluj-Napoca hiriko Unirii plazan instalatuko den pantaila handian uztailaren 23an aire zabalean proiektatuko duen inaugurazio-filma.
«Donostia Zinemaldiak pozik dagoela adierazi nahi du Errumaniako zinema-lehiaketa garrantzitsuenarekin lankidetzan hasi delako. Transilvaniako Zinema Jaialdiak, hala, erakusleiho ezin hobea eskainiko dio egungo zinema espainiarrari film-hautaketa interesgarri baten bidez, eta film horietako zenbaitzuk, gainera, Zinemaldiko Sail batetik baino gehiagotatik igaro berri dira. Hautaketa Espainiako zinematografia bereizgarri den aniztasunaren erakusgarri ona da, eta arreta berezia ipiniko du etorkizunean zeresana emango duten zinemagile gazteengan», adierazi du Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak.
«Donostia Zinemaldia, nire topaketa gogokoenetako bat ez ezik (kostaldeko hiri zoragarria da Donostia, gastronomia apartekoa, eta gainera, talde gogotsu batek lan paregabea egiten du lehen mailako zinema-programazio bat antolatzeko), Transilvaniako Zinema Jaialdirako aliatu aparta ere bada, gure hautaketa Espainiako eta Latinoamerikako filmez hornitzen baitu. Eskerrak eman nahi dizkiet antolatzaileei lankidetza berri honengatik, eta gonbidapena egiten diet gure ikus-entzuleei Donostiako menu zinematografikoan kontu handiz aukeratutako platera ugariak dastatzeko. Ziurtatzen diet gure hogeigarren urteurreneko edizioa inauguratuko duen Sentimental berebiziko eta probokatzailea plazer handia izango dela ikus-entzuleen dastamen-papiletarako», gaineratu du Mihai Chirilov Transilvaniako Zinema Jaialdiko zuzendari artistikoak.
Talentu sortuberriari arreta handia eskaintzen dio Errumaniako zinema-jaialdiak, eta horren ildotik, aurtengo ediziorako berreskuratu dituen lan gehienak Donostiako New Directors Sailekoak dira. Horrela, Ane (David Pérez Sañudo, 2020), La última primavera (Isabel Lamberti, 2020), Hil kanpaiak (Imanol Rayo 2020), Viaje al cuarto de una madre (Celia Rico Clavellino, 2018) eta Apuntes para una película de atracos (León Siminiani, 2018) izango dira ikusgai Cluj-Napocan.
Carte Blanche: San Sebastián ekimena Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Espainiako Erakundearen (ICAA) babesarekin antolatu da, eta Zinemaldiko Sail Ofizialean emandako lanak ere proiektatuko dira, hala nola La hija de un ladrón (Belén Funes, 2019) film luzea edo Antidisturbios (Rodrigo Sorogoyen, 2020) telesaila, bai eta RTVE Emanaldiak sailean izandakoak –hala nola Explota Explota (Nacho Álvarez, 2020) eta Sentimental (Cesc Gay, 2020)– eta Culinary Zineman bildutako film bat ere: ARZAK since 1897 (Asier Altuna, 2020).
Transilvania eta Donostiako zinema-jaialdien arteko lankidetza berri honek zein Spain Focus delakoak bazkide ugari ditu, hala nola erakunde hauek: Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentzia (AECID), Acción Cultural Española sozietatea, Etxepare Euskal Institutua, Espainiak Errumanian duen enbaxada, Bukaresteko Cervantes Institutua eta Errumaniako Enpresa Espainiarren Elkartea (ASEMER).
Transilvaniako Nazioarteko Zinema Jaialdia Errumaniako Zinema Sustatzeko Elkarteak eta Transilvaniako Zine Jaialdiaren Elkarteak antolatzen dute. Lehiaketaren hogeigarren edizioa uztailaren 23tik abuztuaren 1era izango da, osasun publikoa babesteko beharrezko segurtasun-neurriak hartuz betiere.
…
Transilvaniako Jaialdiari buruz
2002an sortua, Transilvaniako Nazioarteko Zinema Jaialdia Errumaniako zinema-lehiaketa garrantzitsuena da, eta, Donostia Zinemaldia bezalaxe, Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioaren (FIAPF) parte da. Arte zinematografikoa sustatzeko jomuga du Transilvaniako Nazioarteko Zinema Jaialdiak, unean uneko film berritzaile eta ikusgarrienen bidez; halaber, euren lehen edo bigarren filma aurkezten duten zinemagileak biltzen ditu Lehiaketa Ofizialak, ahots berriak aurkitu nahian.
Transilvaniako Zinema Jaialdiak, horretaz gain, batez ere talentu sortuberriengan zentratutako hainbat industria-jarduera egiten ditu, hezkuntza-programak garatzen ditu eta, azkenik, Ibilbidearen Sari bat ematen du urtero; besteak beste honako hauek jaso dute Ibilbidearen Saria: Nicolas Cage, Alain Delon, Sophia Loren, Fanny Ardant, Wim Wenders, Catherine Deneuve eta Vanessa Redgrave.