Nekazaritza balioan jartzen duten 87 spot aurkeztu dira EUSPOTen 10. edizioan 

Nekazaritza balioan jartzen duten 87 spot aurkeztu dira EUSPOTen hamargarren edizioan –

‘NEKAZARITZATIK BIZI NAHI DUGU!’ izenpean, spotak animatu behar izan ditu gazteak eta batez ere emakumeak familia-nekazaritzatik bizi izatera.

2021eko edizioak oso parte hartzea handia izan du; iaz baino 36 spot gehiago aurkeztu dira.

Dagoeneko martxan dago publikoak bozkatzeko aukera maiatzaren 17ra arte. 

2.800 euro banatuko dira saritan; guztira sei sari izango dira.

Euskal Herri osotik jasotako 87 spot

Nekazaritza balioan jartzen duten 87 spot aurkeztu dira EUSPOTen hamargarren edizioan Pandemiaren erruz egoera zaila eta berezia bizi dugu esparru guztietan, zailtasun eta oztopo asko daude gauzak antolatu eta parte hartzea bermatzeko. Hala ere, 2021eko edizioan Euspoten parte hartzea itzela izan da: guztira 87 lan aurkeztu dira, iaz baino 36 spot gehiago. Aurkeztutako lanen artean, 52 lan 18 urtetik gorakoek eginak dira, eta 35 spot 18 urtetik beherakoek eginak.

Aurten ere Euskal Herriko leku askotan landu dituzte spotak: Hondarribia, Donostia, Durango, Gasteiz, Urruña, Irun, Bergara, Dima, Bilbo, Eibar, Arrasate, Aramaio, Leitza, Mungia, Etxalar, Mendexa, Azkoitia, Aretxabaleta, Zarautz, Soraluze, Orereta, Doneztebe, Hernani, Idiazabal, Garai, Legazpi, Oñati, Errezil, Sodupe, Barakaldo, Zarautz, Asteasu, Mendaro, Ataun, Etxebarria, Irura, Bermeo, Etxaguen, Leintza Gatzaga, Eskoriatza… Eskerrik asko guztiei, eta zorte on!!

Aurtengo berrikuntzatako bat izan da lanak formatu librean egin ahal izan direla; hau da, spota edozein formatutan grabatu ahal izan da, horizontalean zein bertikalean. Honekin, eta edizio honetako gaiarekin lerrokatuta, nahi izan da publiko gazteagoari erraztasun handiagoak eman eta bide batez gehiago erakartzea. 

.

Aurtengo gaia: “NEKAZARITZATIK BIZI NAHI DUGU!”

Aurtengo spotak gazteak animatu beharko ditu familia-nekazaritzatik bizitzera. Helburua gazteak eta horien artean batez ere emakumeak landa eremura gerturatzea izan da. Spot baten bitartez herritarrak kontzientziatu nahi ditugu bertako familia nekazaritzak ingurumen eta gizartearen jasangarritasunari ematen dion guztia balioan jartzeko eta lehen sektorea indartzeko. 

Zer den familia-nekazaritza? Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza ustiatzeko modu jasangarri eta orekatu bat. Hauek dira familia nekazaritzaren gaur egungo erronkak: 

  • Elikadura
  • Krisi klimatikoa
  • Lurraldearen antolaketa
  • Jasangarritasun ekonomikoa
  • Gizateriaren ongizatea. 

Gazteek heldu behar diote ustiapen eredu jasangarri horri, beraien esku dago horren irautea, eta gizartearen esku ustiapen horietako elikagaiak kontsumitzea. Lurrak ematen diguna ustiatzetik bizi dira Euskal Herriko familia asko eta asko eta horiei zor diegu, lanpostu ugari sortzeaz gain, gure lurra eta paisaia zaintzea eta gure natura ingurunea hobetzea. Bizitzeko beste modu bat. Tokiko produktuak, kalitatezko produktuak. Km 0. Jasangarria.

.

Publikoaren botoa martxan  

Publikoaren boto gehien dituen spotak 500 euro jasoko ditu. Dagoeneko martxan dago botoa emateko aukera maiatzaren 17ra arte. Ekin!

Botoa emateko:  https://euspot.eus/hemen-dituzue-87-spotak-ikusgai/

Nekazaritza balioan jartzen duten 87 spot aurkeztu dira EUSPOTen hamargarren edizioan 

Sari banaketa ekitaldia maiatzaren 27an Arkupen

Sei sari banatuko dira.

Sari nagusiak:

  • Spotik onena (1.000 euro).
  • Publikoaren saria (500 euro).
  • Musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro).
  • Gazteen saria (14-18 urte) (250 euro).

Sari gehigarriak:

  • Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro).
  • Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).

.

Sare sozialetan zozketa

Nabarmentzekoa da aurten Facebook eta Instagramen egin den zozketa. Kodak Printomatic 2 kamera zozketatu dira eta 350 pertsona baino gehiagok parte hartu dute. Irabazleak Leire Merino eta Urko Arakistain izan dira. Zorionak biei!

.

HAZIren babesletza

Aurten HAZI izan da babesle nagusia. HAZIren helburua da Euskadiko lehen sektorearen eta elikadura-sektorearen, landa-eremuaren eta itsasertzaren lehiakortasuna eta iraunkortasuna bultzatzea. HAZIk nahi du nekazaritzako elikagaien sektorean zerbitzurako tresna izatea, besteak beste landa-eremuaren eta itsasertzaren garapen iraunkorra, eremu horietako langileen profesionalizatzea eta produktuen kalitatean laguntzeko.

Honako hauek dira edizio honetako babesle eta antolatzaileak: 

  • HAZI
  • Aretxabaletako Udala
  • Arteman Komunikazioa
  • Mondragon Unibertsitatea
  • Arizmendi Ikastola
  • Bai euskarari
  • Music Library

.

Sormenari buruzko online formazioa

Aurten ere antolakuntzak ikus-entzunezko publizitatearen gaineko online formazioa eskaini du spot egileen harrobia indartzeko asmotan. Julen Urtxegik eman du 15 minutuko online formakuntza saioa, Euspot 2020ko irabazlea eta ikus-entzunezko sormenean aditua denak. Formazio saioen helburua izan da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea. Lehiaketaren inguruko informazioa eta baldintzak azaltzeaz gain, publizitatearen inguruan hitz egin eta ideiak, ereduak eta kanpainak ikusi eta azaldu ditugu. Ikusgai dago orain ere.

Online formazioa ikusgai:  https://www.youtube.com/watch?v=S05GpKU4y4Y

.

Spot guztiak ikusgai: https://euspot.eus/hemen-dituzue-87-spotak-ikusgai/

Nekazaritza balioan jartzen duten 87 spot aurkeztu dira EUSPOTen hamargarren edizioan