Urruñako bi ipuin zahar

Urruñako bi ipuin zahar –

Ipuinek beti izaten dute magia berezia beren baitan, eta ainitzetan herri jakinduriaren adierazpide ezin hobea izaten dira. Horixe da, ene irudikoz, Urruñan entzun ditudan bi ipuin hauekin gertatzen dena. Horratx:

Urruñako bi ipuin zahar
Arg: Peter Potrowl, Wikimedia

1.- Anttonen astoa

XIX. mendearen bukaeran, Lapurdiko itsas-hegiko bazterretan barna, herritarrak oinez, orgaz, astoz edota zaldiz mugitzen ziren. Donibane Lohizuneko merkatuak inguruko jendeak erakartzen zituen, eta beti bazen aipatu herrira, saltzera, erostera edota ikustera, hurbiltzen zen jende parrasta. Antton Gurrutxaga urruñarra eta bere familia ainitzetan joaten ziren, ordura arte oinez beti, baina asto bat erosi berria zutenez, egun hartan astoz joatea deliberatu zuten.

Astoa ongi prestatu eta Urruñako baserritik abiatu ziren ttipi-ttapa Donibane aldera. Antton aitzinetik astoa soka batez zuzenduz, eta ondo-ondotik Joanes semea, beren gibelean astoa eta Aña emaztea gainean jarririk. Kexilotik pasatzean, hango batzuek, irri eginez, honela erran zieten: – Errazue, emazte hori eri da asto gainean joateko? Hori emazte ahula!!!

Hori entzun zutelarik, Aña, lotsaturik, astotik jaitsi eta aitzinean, senarrarekin batera, oinez hasi zen. Joanes muttikoa jarri zuten asto gainean. Bazihoazen Donibane aldera, ttipi-ttapa…  eta Ziburuko zubira iristean, handik pasatzen ziren emazte batzuek honela erran zieten: – A zer haur gastatia eta gaizki hazia! Horren koxkorra, eta oraindik ez du oinez ikasi?

Joanes gaixoa arrunt lotsatu zen, astotik jaitsi eta amaren eskutik, ttipi-ttapa, hasi zen oinez. Hori ikusirik, Antton jarri zen asto gainean. Bidetik barna zihoazen, Donibane aldera, ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, beti aitzina.

Donibaneko lehen etxeetara iristean, han bilduta ziren hainbat lagunek, irri eginez, honela erran zieten: – Hara, hau gizon alferra, hau!!! Emaztea eta haurra oinez eta bera asto gainean!!! Hau ikusi behar da!!!

Amorruz beterik, Antton astotik jaitsi, eta emaztea eta semearen ondoan jarriz, hiruek oinez jarraitu zuten. Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa zihoazen, hurbil zen merkatu aldera. Hara iristean, plazan zen jendea irriz hasi zen eta honela erran zieten: Hau familia eroa! Asto ederra badute eta hiruak oinez! Irringarria, benetan!!!

 Modu horretan sartu ziren Donibaneko merkatura. Han bazen izeba Maddi, eta hiruen begitarte tristeak ikusirik, zerbait gertatzen ote zitzaien galdetu zien. Añak bidean gertatu guztia kontatu zion, eta izeba Maddik honela erran zien: – Ez kexa, bazter guztietan mihi gaiztoak beti dantzan!!!

2.- Emazte eskalea

Gau batez, bi laborari urruñar Donibane Lohizunetik herrira zihoazen, merkatu egun ederra pasatu ondoren. Ziburura doan zubia pasatzen ari zirenean, emazte eskale bat hurbildu zitzaien. Otoi, diru pixka bat emazte zahar honentzat! —eskatu zien eskua luzatuz.

Gizonak arrotz itxura zuen emazte hura ikustean izutu ziren, eta sosik eman gabe, aitzina jarraitu zuten. Jainkoak lagun zaitzan! —erranez agurtu ziren emazte zaharraz. Orduan, emazteak ozenki eta mintzaira ezezagun batez madarikazio moduko bat bota zien.

Urruñarrek aitzina jarraitu zuten eta heien baserrietara iristean, ustekabe ederra hartu zuten. Heien baratze eta pentze guztiak harriz beteta zeuden. Hori ikusi zutelarik, emaztearen irudia etorri zitzaien gogora. Ziur aski, emazte hura sorgina zen, sorgin gaizto eta mendekatia.

Urruñako bi ipuin zahar
Urruñako bi ipuin zahar

Euskaltzalea eta irakasle-ohia