Erdaldunak interpelatzen
Erdaldunak interpelatzen –
Euskaldunok oso autoestimu baxua daukagu. Azkenaldian, Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiari entzuna diot herri honetan gertatzen den paradoxa bat dela elebakarrak elebidunari leporatzen diola bera dela euskararen egoeraren erantzulea. Horren erakusgarri dira «el euskera está así porque no se habla» edo «si no lo habláis ni los propios euskaldunes» moduko esaldiak, eta euskalgintzan bertan, pixkanaka-pixkanaka, diskurtso hori barneratzen ari ei gara.
Niri ere oso ezagunak egiten zaizkit halako esaldiak, eta iruditzen zait, modu horretara eta beste batzuetara, erdaldun horiek baliogabetu egin nahi dituztela gure diskurtso euskaltzaleak, euskararen egoeran euskara ikasi ez dutenen ardura saihestuz eta, gainera, euskaldunoi egotziz. Jokaldi biribila.
Baina erdaldunen ardura…? Zergatik hitz egiten dugu hain gutxi Euskal Herriko erdaldunek euskararen egoeran duten ardurari buruz? Zergatik isiltzen gara zuzen ala zeharka erdaraz egitera behartuz gure hizkuntza-eskubideak urratzen dituztela baina berdin diela ikusten dugunean? Zergatik onartzen diegu esatea Euskal Herriko eskoletan euskaraz irakastea derrigortzea dela eta ez dutela ikasteko ahaleginik egin nahi? Zergatik interpelatzen gaituzte, etengabe, eta gure lekua zein den gogorarazten? Eta guk, aldiz, seduzitu egin behar ditugu…?
Euskaraz egitea, gaur egun, hautu politikoa da. Egoera deserosoak sortzen ditu, maiz, euskara erabiltzeak, eta egoera horien erantzule, gainera, geu egiten gaituzte. Izan ere, zergatik tematzen gara euskaraz egiten, erdaraz mundu guztiak ulertzen gaituenean…! Zergatik egiten ditugu nabarmenkeria horiek…!
Irene Arrarats Berriako euskara arduradun eta feministak dioen bezala, euskara ikasteko aukera izan eta ez ikastea ere hautu politikoa da, erdal kulturaren aldekoa. Naturalizatuta dagoena erdara erabiltzea denez (hizkuntza gailena eta ez-markatua delako), ematen du ez dagoela politizatua; baina erdara erabiltzearen oinarrian dagoen jarrera, jakina, badago.
Idurre Eskisabelek, azaroan egindako Euskara eta feminismoa bidelagun jardunaldien lehendabiziko saioan, euskaldunon interpelatu beharraren garrantzia aipatzen du; alegia, erdaldunari esatea: “zeu zara ez didazuna uzten ni naizen hau izaten”. Feminismoak oso modu eraginkorrean erabili du interpelazioa, eta auzi demokratiko eta unibertsal bihurtu du, eremu publikoan nahiz pribatuan gauzatuz. Eskisabelek dioenez, euskaltzaletasunaren ikuspegitik ere egin beharko lirateke interpelazioak, nahiz oso ondo pentsatuta noiz, nola…
Oraindik sakon lantzeke dagoen gaia da euskaraz ikasi nahi izan ez duten erdaldunak interpelatzearena, eta heldu beharko diogu noizbait horri ere. Euskal Herriko leku askotan, ez da erraza euskaraz bizitzea, eta borroka etengabean ibili behar izaten gara errealitatearen eta gure euskaltzaletasun-kontzientziaren artean. Batzuetan, estres linguistikoari aurre egiteko indartsu sentitzen gara; beste batzuetan, aldiz, ez gara ahalegin handirik egiteko umoreko egoten, eta zuzenean erdarara jotzen dugu gatazkak saiheste aldera. Baina egoera batean zein bestean, euskaldunok beti dugu gatazka. Erdaldunekin, giro erdaldun batean euskaraz egin izanagatik; eta geure buruarekin, euskaraz egin ez izanagatik.
Noiz hasi behar dugu Euskal Herriko erdaldunak interpelatzen?
Euskara eta feminismoa bidelagun
- Hizkuntza eta generoa: hurbilpen teoriko bat
- Ez gara euskaldun jaiotzen, egin egiten gara
- Hizkuntza, generoa eta beste menderakuntza batzuk
- Euskalgintzaren eta feminismoaren arteko zubiak
Euskararentzat hobea litzateke 100 biztanleko herri bat euskaldun elebakarrez osatua egotea 100.000 biztanleko hiri elebidun bat baino, baina elebakarrik gaur egun ez dago.
Ez dira zertan izan elebakar, 100 euskaldun kontzientziaturekin aski. Hori bai, prest egon behar balizko herri horretara joateko, eta aurrez herria bera aurkitu behar, noski. Badira Euskal Herrian pauso hori emango luketen 100 euskaldun?
Hiru milioi biztanleen artean potentzialki ehun horiek izango dira baina isolatuak elkarrengandik, eta horregatik ideiaren edukia ez da ongi eta kolektiboki aztertua izan. Hogeita bost eta hogeita hamar urte artean iduritzen zait joanen nintzala, gero familia, lana eta ardurekin zailagoa zen urratsa egitea. Orai beste asko bezala laguntzeko prest nago Iinportantea delako. Gainera ehun horiek behar dute besteen laguntza eta begirunea aprobetxatzea.
Era berean: “Oraindik sakon lantzeke dagoen gaia da euskaraz ikasi nahi izan ez duten erdaldunak interpelatzearena, eta heldu beharko diogu noizbait horri ere”.
Eta guri zer axola zaigu? Erdaldunen eskuetan egongo da euskara salbatzea ala? 100 biztanleko herri bat izatearekin nahikoa litzateke, hasiera-puntutzat, izan herri hori euskaldun elebakarrez osatua (ezina, ez baita bat ere gelditzen) ala euskaldun elebidun kontzientziatuz.
Hori egin ezean, ez da euskara salbatuko. Euskara ikasten ez duten erdaldunei buruz teorizatzen aritzeak ez du zentzurik.
Euskararentzat ez; guretzat.
Orain urte batzuk, Iruñeko Karrikiri Elkartean eztabaida piztu zen -beste aunitzetan piztu zian den bezala, seguru asko-; ba omen zen garaia etorkinen inguruan zerbait egiteko… eta egunotan ere agertu ohi da puntu hori. Etorkinak, guregana etorri eta Euskara ikas dezaten nahi genuke…
Nafarroako lurretan -besteetan zuek esan-, sarri askotan ditugu bikote ezkonduak zein ezkondu gabeak, nolabait esan hibridoak. Eta ez da falta “Euskaraz bizi nahi dugu” aho betez oihukatzen duenik, eta Administrazioari Kristorenak eta bi eskatuz, etxeko goxoan bera egunero zerbitzatzen duen horri, ‘euskaldun’ Euskara gabea, deus adierazi gabe, urte-urte.
Kontua ez da “erdaldunak” eta gu. Gure baitan baitira euskaldun ez diren ‘euskaldunak’, baskoak nahi bada. Zer egin? Etxeko hzkuntza Gaztelania bada, amak edo aitak huts egiten duelako, nola aurrera eginen dugu? Noizko etxe barruko interpelazioa?
Bestalde, hobe genuke Euskara salbatzeaz baino gu geu salbatzeaz arduratuko bagina… niri dagokidanez, Euskara salbu dago; hil artean euskalduna izanen naiz, gerokoak -eta ondokoak- gero. Kolektiboki, Euskara salbu dago, hizkuntza seme-alabei transmititzeko adina gogo badugunez, batzuk behintzat. Beste gauza bat da horrela, kolektiboki, zer gauzak egiteko modua dugun, eta izanen dugun. Euskara hizkuntz normala izan dadin, hots, arrunta, egunerokoa, gu geu izan beharra gara euskaldun normal, arrunt.
100 euskaldun elebakar izanik ere, herri edo gune batean, ez lirateke aski transmisioa garantizatzeko…
Euskarari buruzko erdaldunen edo arrotzen portaeraz ari garenean bi gauza hartu behar dira kontuan:
Bata da (inportanteena) osatzen duten populazioaren portzentaia. Izan ere arrotz kopuru tipi bat zintzo egonen da eta euskara ikasiko du egon nahi badu. Ikasteko gogo hori gero ta gutituko da kopuru handi arau eta ohartuko denean bizi daitekeela ikasi gabe eta azkenean arrotzen taldeak erranen dizu oztopo bat zarela haientzat eta joaiteko urrunago bizitzera ez bazara kontent. Guk fenomeno hau biziki ongi ezagutu dugu iparraldean.
Bigarrena gauza da araiz jakitea da noren alde den boterea eta aparatu juridikoa. Nor da nausi azkenean. Boterea eta aparatu juridikoa erdaldunen aldekoa bada bistakoa da botere arrerio batek goian deskribaturiko “gogo” onetik “gogo” txarrerako prozezu hori asko azeleratzen duela.
Azkenean ez da gogo kontu baizik eta kopuru edo portzentaia kontu, hau da indar erlazio kontu gizartearen mailan. Ikasi edo mintzatu nahi ez dutenak ez dira baitezpada jende txarrak, beren izaitean biziraun nahi duten jendeak baizik.
Neuk ere euskaldun iraungo dut hil arte, eta nirekin, nigan, euskara salbatuta dago, beraz.
Oso interesgarria plazaratu duzuna, Mikel, eta hainbat helduleku ditu; astirik ez, ordea, orain hel diezaiedan.
Ados nago zurekin, Beñat.
Mikel, ene ustez, ehun horiek kalitate oneko transmisioa egin lezakete beren herri tipian, hiri handi batean baino hobeki seguraz ere. Hazia izan liteke beste ehuneko taldeak sorrazteko ereduari esker. Herri ekimenak horrela sortu eta sortuko dira beti, elita abenturazale bati esker. EHaren maila osoan transmisioa ez da abandonatu behar baina ez eiki da egiten biziki guti baizik eta kalitate txarrekoa gainera.
100 pertsonako -edo hobe, 100 familiako- “euskherri” horrek agian ez luke euskaldunen komunitatea salbatuko, baina seguru nago eragin positiboa izango lukeela euskararen bizi-indarrean, baita bere eremutik kanpo ere, eta are eredu bihurtuko litzakeela Euskal Herriko beste euskaldun askorentzat. Izan ere, Euskal Herri osoan borroka birplanteatu eta sendotu beharra dago, zeren erdal botereak gero eta lotsagabeago ari zaizkigu kontra (ikus Irunekoa), eta ez dakigu etorkin olatu berriek zer-nolako eragina izango duten hogei urte barruko hizkuntza politiketan. “Gutxiengoa = eskubide gutxiago” argudioa desmuntatu behar dugu, edo gehiengoak jango gaitu.
Euskherrien proiektu horretan eztabaida eta reflexioa beharrezkoak dira, baina lar luzatu gabe behar dugu praktikara igaro: elkarte/sozietate bat sortu, diruak batu, lurrak akisitu, negozio proiektu bat sustatu, etxebizitzak eraiki eta jendeari oso prezio apalean errentan eskaini. Hori bai, aurretik kontratu bat sinatuta, euskarari eutsi ezean ospa egiteko betebeharra onartzen dutela.
Ez dugu indarrik edo interesik hori egiteko? Ba gureak egin du dagoeneko.
Lar luzatu behar ez dena da preparakuntzaren lehen urratsa egitea tipiena bada ere. Ongi egiten bada gero besteak elkar kateatuko dira. Erabakiaren zientziaren metodologian bada segeretu bat dago. Preparakuntzaren lehen urrasa hasi behar da dudatzen bada ere. Preparakuntzaren lehen urratsak ez du nehor ezertan engaiatzen baina egoera desblokatzen du. Urratsak egin arau batzuentzat dudak airatuko dira, konfiantza eta engaiamendua handituko dira eta prozezu horretan zehar erabakia hartua izanen da kasik ohartu gabeBidean geldituko direnak ez dira kulpabilisatu behar, gainera albotik lagun dezakete.
Langileek badakite lana preparatzea ororen buru denbora irabaztea dela. Hobe behar denbora hartzea ongi preparatzeko bestenaz preparakuntzaren eskasak eta ondorioak sofrituko dira urte luzez.
Oso ona artikulua. Pako Aristik “Euskararen Isobarak” liburuan hemen jasotakoak eta beste heinbet jasoten dauz. Euskahalduntzea gatazketan sartutea bada, izin gaitezen, bada, gatazkatsuak!
Iruzkin interesgarriak! Bada aspaldidanik buruan darabildan sentsazio bat, sentsazioa ez ezik dagoeneko ziurtasun bilakatu zaidana. Ea zer uste duzuen.
Nire ustez, ama hizkuntzaztat euskara duten haurrak eta eta ama hizkuntzatzat erdara duten haurrak ikastetxe berberean sartzea suizidio bat da euskararentzat. Erdaldun kopurua txikia bada, ez. Baina beste edozein kasutan, praktikan, haur erdaldunak euskaldundu beharrean, euskaldunak erdalduntzen dira. Euskararen ezagutza-antzeko bat lortzen dute, zakarra edo nolabaitekoa bada ere, baina ez dute erabiltzen. Eta erabiltzen ez den hizkuntza, hizkuntza hila da.
Badira ikuspegia lausotzen diguten erreus informatiboak ere. Esaterako, euskararen inguruko estatistika ofizialak. Guztiak makilatuta daude. Ikaragarrizko printza omen dago jakintza eta erabileraren artean, eta iluminatu batzuk harritu egiten ei dira. “Baldin badakite, zergatik ez dute ba erabiltzen?” galdetzen diote beren buruari. Bada, nik erantzungo diet. Ez dakitelako. Gezurra delako.
Adibide gisa. Ba al dakite ze beste hizkuntzatan gertatzen den ezagutza eta erabileraren arteko arrakala Euskal Herrian bertan? Ingelesarekin. Bai bai. Ingelesarekin. Mundu guztiak omen daki ingelesez, baina inork ez du erabiltzen. Zergatik? Bada, egiaz ingelesez ez dakitelako. Egiaz euskaraz ez dakiten moduan. “Jakintza” edo “ezagutza” anbiguo bat neurtzen dute estatistikok, zeintzuek errealitatea miserableki manipulatzen duten. Errealitate negargarri bat larrosaz estaltzen dute.
Errealitateaz jabetzeko, sartu Ahotsak.eus-en. Ikusi bertako euskaldunak, eta konparatu gaur egun eskolatik ateratzen direnekin. Euskara hizkuntza ia-ia sententziatua dela ikusiko duzue. Kalitatearen beherakara hain da lazgarria, oka eragiten duela.
Kalitatea jaisten da, euskaraz bizitzen uzten ez duten itolarriz josita gaudelako. Kuadrila giroetan, aurre-nerabezarotik aurrera erdara nagusitzen da basatiki, ama hizkuntza erdara duten gazteek bultzaturik. Hau de factoko diktadura sozial bat da, euskara txikitzera bideratua, “lengua común” horren aitzakipean. Hau oso oso oso orokortua dagoen fenomeno bat da, guztiontzat ezaguna dena, heriotzara garamatzana, eta zeinaren aurrean ezikusiarena egiten baitugun.
Gazte erdaldun bakar batek eskukada bete bi euskaldun erdaldundu ditzake kuadrilla baten baitan, samur gainera. Oso bereziki mutilen kasuan, non aberekeria eta primitibismo estupidoa askozaz ere garatuago diren.
Nire ustez euskal hezkuntza sistema suizidio prozesu garbian sartuta dago. Hor daude D ereduaren emaitzak. Ama hezkuntza euskara duten haurrak erdaldunen seme-alabekin nahasten baditugu, epe motzera euskararen zapalketa eta gutxiespen soziala normalizatu, epe ertainera hizkuntza gehiago desprestigiatu, eta epe luzera hizkuntza hilko du. Eta bide hortan aspalditik sartuak gara.
Badira beste gauza batzuk ere gaizki egiten direnak (Euskalkiak klasetik erabat at uztea adibidez berebiziko erokeria da, hauek baitira kalean erabiltzen den euskara) baina utz ditzagun horiek beste baterako.
Euskara salbatu nahi badugu, haurrak giro euskaldun batean hezi beharra daukagu, eta ez gaur egungo erdal-itsaso diren eskola giroan. Bada ordua bi eskola mota sortzeko. Bata, ama hizkuntza euskara duten haurrentzat. Bestea, ama hizkuntza erdara dutenentzat. Horrela, haur euskaldunak euskaraz bizi ahalko dira normaltasunez, beren euskara ondo garatuz (munduko edozein herrialde normalean bezala), bien bitartean erdaldunek beren erritmora euskara ikasten dutelarik. Bigarren hauek euskara maila ona lortzen dutenean, nahastu ahal izango dira.
Hori da nire proposamena. Babes hori behar dugu. Ziur naiz lehenago edo beranduago horrelako ekimenak sortuko direla, ezen hori egin ezean heriotzera baikoaz zuzenean.
Ah, eta artikulu bikaina, Igor!
Linguizidio guztiak autogorrotoz lortzen dira. Auto-lotsaz, auto-inkulpazioz, errutasun sentsazioa eraginez. Suizidatu egiten dira herriak. Guztiak. Herri menderatuen ABDa da.
Bikaina, Julen, hala da zoritxarrez! Eta hala izaten segituko du luzaroan, baldin “jendea” esnatzen ez bada, baina une horretaraino helduta euskararentzat beranduegi ez ote den izango pentsatzen dut.
Une honetan ematen du inor ez dela ohartzen euskarak zein etorkizun ilun duen daramagun martxarekin.
Andana bat gogoeta interesgarri eman dizkiguzu komentatzeko denbora piska bat eskatzen dutena.
Momentuz azken iruzkinerako komentario tipi bat. Egia da “auto-gorroto”a eta azkenean eta “suizidio”ak ikusten direla frangotan.
Baina, badakizu nik bezain ongi “auto-gorroto” eta “suizidio” bortxatuak direla funtsean. Ez direla tamalez kolonisazioaren fase normalak baizik. Bestela esanda ez zirela existitzen kolonisazioaren aitzinean.
Haurrean, auto-lotsa hori ongi ikusi dut ene herrian bertan.( baina gaur bukatua ote da?) Alta, Michel Duharten ” Ustaritz au temps de la Revolution” liburu miresgarrian, edo orai agertu den itzupenean, ikusiko zinituzke orduko lekukotasun biziak zeinetan argi den orduko lapurtarrak oro beren mintzairaz harro zirela baita, Mundutegi bezalakoak, geroago lapurdiko institituzioak traidituko zituztenak ere.
E, arazoa da jendeak ez duela soluziorik ikusten. Etsipena da. Eta adorea behar da arazoa aurrean begiratzea eta berari arreta emaitea ez baduzu sumatzen soluzioaren hasieraren hastapen tipi bat.
Soluzio bat ikusten dut nik, edo hasiera bat, euskaldunok Euskal Herriko erdal mundutik bakartzen bagara.
Euskalgintzak, berriz, erdaldunak alferrik euskalduntzera jotzen du.
Julen egia duzu “euskaraz jakitea” eta “euskara jakitea” (artetik erraiteko gauza bera ote da?) adierazbide lausoak direla.
Hizkuntza bat jakitea edo menturaz hobeki errateko ” hizkuntza horretakoa izaitea” ez ote da mundua eta bizitza hizkuntza horretan gure golkoan pentsatzea?
Segituan aitortu behar dizut ez naizela oraindik horraino iritsi eta ezdakit ene esfortzu guzien gatik ere erabat iritsiko naizen sekula. Euskarazko filosofiari sumatzen diotan inportantzia eta berari diodan gustua partez hortik datorke. Filosofia da errealitatea pentsatzeko saioa bat.
Iradokitzen duzun ikasleen partizio horren ideia norabide onean joan liteke haur euskaldun familietako haurrentzat dudarik gabe.
Baina gero kuadrillan, karriketan eta sustut lanean arazoa osoa gelditzen da.
Ororen buru zure ideia Ek eta Garrettek iradokiarekin batera doa. EHaren maila osoan eta ofizialean, oraiko kondizio politikoetan ez dut ikusten posible denik ezta salbazioa litzatekeenik ere, baina beharbada tronpatzen naiz.
Aldiz maila tipiagoan, “pribatuan”, Gilenen euskherri edo Garretten eta Eren 100 biztanleko auzo batean bai iruditzen zait posible litzatekeela eta egiazko euskaldunak sortuko liratekeela kondizio politikoak lurralde zabal batean eraldatu artean.
Erdaldunei errespetua exijitu behar zaie, eta geronek autoestimua berreskuratu behar dugu. Nonahi eta noiznahi euskaraz egiteko eskubidearen aldarria zabaldu. Gozo azaldu, jende jatorrei, eta hortzak erakutsi zapaltzera datozenei.
Ba nik uste dut erdaldunetaz paso egin behar dela, eta euskaldunok antolatu beharra dugu, geure kabuz.
Jonek: “gozo azaldu jende jatorrari eta hortzak erakutsi zapaltzera datozenei”
Hemen esandakoei erantsiko niekeena:
1) Lehenbizi, helburuak zehazki diseinatu. Bertsio militarrean esanda, ondo/ongi/ontsa destatu (“no errar el tiro”).
Populu banakoa berez zintzotzat jo behar da, nahiz eta euskera EZ jakin. Izatez. euskera jakin ez arren, futsezkoa izan da populu horren apoioa eskeraren alde.
Egitura zanpatzailea jarri behar dugu mira-puntuan, batez ere berton dauzkagun egitura kolonizatzatzaileak; eta EGITURA diot (banako zintzoa salbuetsiz betiere): ETB, EUH….
Adibidez, gure hedabide publiko batek “euskalduntze berantiarraren” matrakaz bonbardatzen duenean populua, nola kexa gaitezke “euskaldungoaren euskerarekiko pasibotasunaz”?
2) EMAN BARIK EZ DAGO HATZERIK. Bertsio militarrez: la mejor defensa es el ataque.
Ongi euskal eremu trinkoak antolatzeari. Baina inork ez du aipatzen gizarteari euskal kultura eta pentsaera sakona helarazteaz. Nik eman dut matraka nahikoa ZUZEU honetan (“Erraldoia oinutsik”…). Hori gabe, defentsa-lubakiak eraiki arren, Zaldibarko zabortegiarena gertatuko zaigu.
Ez dagoela kultura-hedapen hori egiteko potentzialtasunik?
BADAGO potentzia! Hemen parte hartzen dugunok lekuko! Urratsak ematen hastea baino ez dago, belaunaldi zaharragokoak gazteagoekin “debraziatuta”
E, euskal populuaren parte batek, nahiz biziki tipia izanda ere, hartu behar du zure ikuspuntua eta obratu, hil ala bizikoa da. Ez da politikoki baztertzailea, esan nahi dut ez duela inolako borondate onik baztertzen. Aldiz erresistentziaren bihotza da. Euskara, euskaltasuna eta (ene iduriko) lana eman behar lituzke zentroan. Hau ezean, beste ahalegin politiko guziak alferrikakoak egongo dira.
Ondo azalduta, erdaldun askok gurekiko daukaten jarrera jasanezina.
Baina badago beste gizarte esparru mardul bat, erdaldunek baino kalte handiagoa egiten digutenak: euskaradun erdaltzaleena. Horietako asko euskaldunon komunitateetan ondo txertatuak, erdara zabaldu eta zabaldu, utzikeria, burugabekeria eta harrokeria nahas. Gogora datozkit hainbat politikari, kazetari eta beste, euskaldunpasibo baina españoleraginkor.
Zuzen zara Anton.
Eta diozunez gain, ez ditzagun ahaztu Gara/Naiz, Noticias de Gipuzkoa, eta antzeko egunkari “abertzaleak”. Horiek bai egiten dutela kalte, “Euskal Herria” egunero mila aldiz errepikatzen dutelarik, espainol paregabean.
Espainola da Gara/Naiz eta Noticias de Gipuzkoa-ren aberria. Gara/Naiz eta Noticias de Gipuzkoak Euskal Herriaren Irlandizazioa bultzatzen dute, lotsagarriro gainera. Euskara hila den (edo hila ez bada ere, espainolaren txotxongilo huts izango den) Euskal Herri independente bat dure helburu. Ez da hori baino traizio handiagorik.
Gara, Naiz, Noticias de Gipuzkoa, Deia eta abar minbizia dira Euskal Herriarentzat. Minbizia dira euskararentzat.
Bada ordua zabor guzti hau ozen salatzen hasteko, alderdikeria nazkagarrien gainetik.
Bai. Eta ez ahaztu Onda “vasca”, ETB2, Radio Euscañí, Eitb-música…
Baita. Eta ETB2 ren kasuan, eragiten duen kaltea bereziki latza da, “vasco” izate horri ematen baitio hauspoa. Beste hitz batzuetan, Euskal Herriaren irlandizazioa. “Vascoak gara, ez espainolak. Hori bai, euskarak ez du ezertarako balio”. Hori da beren mezua. Disimulatu ere ez dute egiten honezkero.
Konparatu “El conquis” eta Baserria telesailak. Ezer baino lehen, esan beharra daukat nik disfrutatu egin nuela Baserria ikusten (sarriegi entzuten ziren erdarazko esaldiak salbu), baina topikoen sakonketan eragin lezake. Konparatzea besterik ez dago. De factoko irudikapena honakoa da: El Conquis ‘guaya’/’super’ da, modernoa. Baserria aldiz antzinakoa, zaharkitua eta abar, euskara bera bezala.
Nik biziki ospatzen ditut Baserria moduko telesailak, baina euskarak “El Conquis” bezalako telesailak behar ditu, urgentziaz gainera. Baita “La Isla de las…” gisako telesailak ere. Euskarak guztia behar du. Euskara zokoan utzi edo gehiago zokoratzeko topikoen indarketa gure suizidio prozesuaren parte besterik ez dira, goian aipatu dudan auto-lotsaren erreflexu bizia.
Baina Euskara (euskal komunitatea) ez da erreka bazterrean geratuko halako mende edo urte batean edo batzutan halako programa bat eman zutelako telebista batean…
Lehenengo urratsa: utzi Euskara aipatzeari. Gaztelaniaz ari direnak -garenak?- ez gara Gaztelaniaren alde; Julio Iglesiasek ez zuen (du, oraindik ere?) gaztelaniaren alde kantatzen; alabaina, askorentzat, Benito Lertxundik “Euskararen alde” kantatzen du…
Jaits dezagun Euskara aldaretik; Euskara gu gara, geure baitan bizi da, ala ez da bizi. Pasa gaitezen “Euskara jende” izatera. Ez baita Euskara halako eta halako behar duena, edo zapalkuntza, mesprezu… jasaten dituena… Gu!!! gara.
Honela pentsatuta -eta sentituta- biluzik geratzen gara, eta geure hizkuntza Euskara izatera iragan liteke, ez bestela.
Hemen, batzuk hizkuntza berreskuratu nahi dugu, baina aski dugu, eta egin genezakeen gehiena ere, agian, gu geu, geure burua, berreskuratu besterik ez da.
Gauzak nahasten ditugu: Euskara aipatzen dugularik, linguistika egiten ari gara. Arnasgune eta beste aipatzen ditugularik, soziolnguistika egiten ari gara. Hizkuntza aipatzen dugularik, geure hizkuntzaz ari gara. Euskara ez da gure hizkuntza; gure hizkuntza Euskara da.
Euskitzek bota du artikulua gaur; kazetarien ingurunean nola geure hizkuntza hutsalkerian eroria dagoen, solasak, xeheak zein handiak, Gaztelaniaz gertatzen diren…
Ez dugu urratsik eginen geure hizkuntza zer den ulertu bitartean, euskalduna izatea Euskaraz egiten jakitea besterik ez den bitartean.
A, beste gauza bat; ez erdaldun elebakarrik, eta ez eleaniztunik, baina ez eta euskaldun elebidunik ere, ez dugu erakartzerik “funtzionatzen ez duen sietema linguistiko” batera. Hortaz, bai, trinkotu dezagun gure komunitatea, ahal den tokitik trinkotzen hasi ere, eta gero gerokoak. Hori bai, horretan dirua gastatu beharko dugu…