Lourdes, Maite, Estitxu, Amaia…

Lourdes, Maite, Estitxu, Amaia –

Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan.

Gizonak izan balira, ahaztuta leudeke? Kantatzeari lagako zion Lourdesek? Abandonatu egingo zuten Estitxu?

Lourdes, Maite, Estitxu, Amaia...

Izenburua irakurrita askok pentsatuko duzue txikitako kuadrillaz jardungo dudala, lankideez, lehengusinez, edo sasoi baten nire bizitzaren parte izan ziren emakumeez. Aitatutako lau andrazkoak ez ditut ez kuadrillakide, ez lankide, ez lehengusina. Baina, bakoitza bere neurrian, laurak izan dira (eta badira oraindik ere) nire bizitzaren parte.

Izenei ondo begiratuta, asko kargutuko ziren nortzuk diren emakume horiek, zerk lotzen dituen. Bai, kantariak dira: Lourdes Iriondo, Maite Idirin, Estitxu Robles-Arangiz eta Amaia Zubiria. Abeslari bide-urratzaileak, emakumeak, bere sasoian punta-puntakoak. Hala ere, luzaroan ahaztuxeak egon direnak. Mitikoak —esanahi konbertzionalean zein gazteek mitiko erabiltzen duten moduan— izan beharko lirateke, baina jende gutxi gogoratu izan da haiekin azken urteetan.

Dena dela, itxialditik honantz haien gaineko zenbait erreportaje eta artikulu iritsi zaizkit. Batzuetan, lagunen artean komentatu, eurek ikusi, eta bidali dizkidate estekak. Besteetan, sarritan gertatzen den era magiko horretan: bilatu barik, gure eskuetara ailegatzen direnak, patuak aurrean jarriko balizkigu legez; beste zerbaiti buruz gabiltzala, azaltzen zaigu begien parean momentu horretan buruan darabilgun gai hori. Niri askotan gertatu izan zait, espero ez nuen leku edota euskarrietan azaldu izan zaizkit sasoi horretan gogoan nerabiltzan autuak.

Dena etorri zen Xabier Leteren heriotzaren hamargarren urteurrena zela eta, egin zuten dokumentalaren haritik. Bertan Lourdes Iriondo agertzen da, ezinbestean. Baina testigantza askok zioten Iriondo zela izarra eta aitzindaria Ez Dok Amairu sortu zenean. Zer gertatu zen, orduan? Zergatik egin zuten aurrera Laboak, Letek eta Lertxundik? Zergatik laga zion kantatzeari Iriondok? Zergatik ez du izan zegokion errekonozimendurik? Abendu berean hamabost urte bete ziren bere heriotzatik…

Dena den, Amagoia Gurrutxagak BERRIAn Izar eta ezin artikulua eskaini zion urteurrenean. Artikulu horren eta dokumentalaren gainean sare sozialetan ahanztura horretaz jardun zen. Batzuek zioten kantatzeko era hura oso modaz pasatuta geratu zela; beste batzuek genioen eboluzionatzeko aukerarik ere ez zuela izan, beste kantari batzuek egin zuten legez.

Estitxu Robles-Arangiz etorri zitzaidan akordura, eta Maite Idirin. Hirurek desberdin kantatu arren, kantaera oso “femeninoa” zuten (tonu altuak, ahots fina…), oso modakoa lehen, baina aspaldian demodé dagoena. Zer gertatuko zatekeen eboluzionatu izan balute? Idirinek musika klasikorantz jo zuen; kontserbatorioan ikasi eta sopranoa izan da zenbait proiektutan. Baina Iriondok eta Robles-Arangizek beste aukerarik izan balute? Gizonak izan balira, ahaztuta zeudekeen? Kantatzeari lagako zion Lourdesek? Abandonatu egingo zuten Estitxu?

Amaia Zubiriaren kasua bestelakoa da. Zubiriak ez dio utzi inoiz kantatzeari. Bere ibilbidea egin du, eta beste bide batzuk ere jorratu ditu. Oker ez banago, jardunean dagoen emakume kantari zaharrena da, eta karrera luzeena duena. Baina biziraun besterik ezin du egin dituen diru sarrerekin. Eta errekonozimendu publikorik izan du? Saririk, ohorerik egin diote? Adarra saria, esate baterako?

Lau emakume hauek bidea urratu zuten, baina bide bazterrean laga ditugu. Ahanzmendutik atera, eta merezi duten ohorezko lekua emango ote diegu inoiz?

Lourdes, Maite, Estitxu, Amaia…

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.