2020an 1.229 intzidentzia jaso ditu Behatokiak; 2019an baino %66 gehiago
Hizkuntza Eskubideen Egoera 2020 –
2020ak agerian utzi du hizkuntza-eskubideei ematen zaien bigarren mailako balioa
…
- 2020an 1.229 intzidentzia jaso ditu Behatokiak; 2019an baino %66,75 gehiago
- Pandemia egoera izendatu zenetik kexen kopuruan igoera nabarmena izan da, baita urraketen izaera eta larritasunean ere
- Agurne Gaubeka, Behatokiko zuzendaria: «Urgentzia eta azkartasuna aitzakia ezin hobeak bihurtu dira hizkuntza-eskubideari ematen zaion balioa agerian uzteko»
- Ezinbestekoa da hizkuntza-eskubideen alorra oinarrizko balore bezala hartu eta noranzko horretan lanean hastea
«Tamalez, hizkuntza-eskubideen urraketek protagonismo berezia izan zuten 2020an ere». Hori izan da, hain zuzen, Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak Hizkuntza Eskubideen Egoera 2020 txostenaren aurkezpenean egindako lehen hausnarketa. Gaur goizean Bilboko Euskararen Etxean egindako agerraldian hilabetez hilabete hizkuntza-eskubideekiko eman diren gorabehera eta kexa guztiak aurkeztu ditu erakundeak. «2019ko txostena etxealdi betean aurkeztu genuen, eta aurtengo balantzea egoera samurragoan aurkezteko aukera dugun arren, 2020an intentsitate bereziz pairatutako herritarren bizipen eta ezintasunetan oinarrituta dago», adierazi du Gaubekak.
Hain zuzen, aurtengoan badira urteko balantzea egiterakoan aintzat hartu beharreko bi alderdi: pandemia egoera izendatu zenetik kexen kopuruan eman zen igoera, zein eman diren urraketen izaera eta larritasuna. Behatokiko zuzendaria argi mintzatu da: «Gure hizkuntzaren etorkizuna aztertzeko, behar beharrezkoa da hizkuntza-eskubideekin aurreko urtea bezalako une erabakiorretan zer gertatzen den ongi aztertzea».
Datuen gorakada
Garbiñe Petriati Behatokiko teknikariak eskaini ditu erakundeak bildutako datuak. Adierazgarriak dira oso: 2020an 1.229 intzidentzia jaso ditu Behatokiak Akuilari eta Euskararen Telefonoa euskarrietan, 2019an baino %66,75 gehiago. 1.148 kexak, 36 zoriontzek eta 43 kontsulta edo iradokizunek osatzen dute, hain zuzen, aurtengo balantzea.
Lehen ondorioa argia da: kexak nabarmenki igo dira, eta aipatu gisa, pandemiari hertsiki loturiko urraketen ingurukoak izan dira gehienbat. Petriatik, halaber, datuen eta errealitatearen arteko arrakalan jarri nahi izan du enfasia: «Kontuan izan behar da kopuru hau errealitatearen lagin bat baino ez dela». Izan ere, «jakin badakigu herritar askok egoera berezia zela pentsatuaz edo atzerapenak edo bestelako albo-kalteen beldur, zerbitzuak euskaraz eskatzeko erreparoa izan dutela». Eta Behatokiko teknikariaren hitzetan, sistema osoaren hutsuneen adierazle da hori: «Hizkuntzaeskubideen kontzientzia izan arren, zerbitzua jaso nahi bada euskara erabiltzeari uko egin behar izatea sistema osoaren hutsuneen seinale argia da».
Oinarrizko arloak lehen lerroan
Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza izan dira kexa gehien jaso dituzten erakundeak, eta sektore pribatuan, merkataritzako kate komertzial handiak izan dira gehienbat urraketen arduradunak. Beste hitz batzuetan, oinarrizko zerbitzu izendatu ziren arloetan kexen igoera nabarmena identifikatu da. «Herritarrak etxean gehien geratu diren urtea izan arren, informazio eta zerbitzuen beharrak eta sektore ekonomiko batzuen igoera nabarmenak eragin zuzena izan du, esaterako, elikagai merkataritza edo mezularitza enpresenak. Beste aldean, hainbat zerbitzuren etenaldi edo itxierek ere kexa kopuruaren jaitsieran eragina izan dute, besteak beste, ostalaritzarenak», zehaztu du Petriatik.
Osasungintzako sektoretik harago, sektore guztietan herritarren osasuna zaintzerakoan erdara erabili da, herritarren hizkuntza-eskubideak alboratu edo bigarren mailan utziz. Behatokiko teknikariaren hitzetan, «2020an, sektore eta eremu guztietako kexek herritarren osasun eta segurtasuna izan dute hizpide». Honen inguruan erakundeko zuzendari den Agurne Gaubekak gogorarazi du «hizkuntza-eskubideak kontuan hartzea, herritarren segurtasuna, osasuna eta mezu edo informazio ezberdinak hobe barneratzeko ariketa ere badela». Urte honetan eman diren aldaketak, eta urgentziaren eta azkartasunaren beharrak «aitzakia ezin hobea bihurtu baitira herri honetako jendartearen hizkuntza-eskubideei gure egunerokotasunean ematen zaion balioa agerian uzteko».
Txostenaren xehetasunak
Hizkuntza Eskubideen Egoera 2020 txostena atalka dago antolatuta, alor bakoitzean gertatzen diren urraketen berri emateko. Laburpen honetan, ordea, arlo batzuk soilik nabarmenduko dira; deigarrienak, ez horregatik besteak baino garrantzitsuagoak. Hori dela eta, guztien berri jasotzeko www.behatokia.eus webgunean edo esteka honetan dago txostena ikusgai.
Administrazio publikoak: euskara bigarren mailakoa zerbitzu eta informazio orokorretarako Ahozko arretan herritarrek lehen hitza euskaraz egin arren (zuzenekoan, telefonoz zein bide telematikoak erabiltzerakoan), hainbat kasutan erdarazko erantzuna eman zaiela helarazi digute. Beraz, egoera horiek herritarra erdaraz egitera bultzatzen dutela ondorioztatu daiteke.
Halaber, idatzizko eta paisaia linguistikoarekiko urraketak ere sail guztietan ugaritu dira. Gaubekaren hitzetan, «batez ere Covid-19ak eragindako osasun eta segurtasun oharren ugaritzeak eragina izan du». Web orrialde eta sistema telematikoetako euskarazko aukerak egoki garatuak ez izateak ere eragina izan du, batez ere telematikoki herritarrek egin beharreko tramite asko euskaraz egiteko bermea ez eskaintzeagatik.
Osasungintza: herritarrek gehien behar izan duten zerbitzua eta euskaraz eskatzeko erreparoa
Osasungintza publikoko zuzeneko urraketekin zerikusia zuten 137 kexa jaso ziren 2020an. Hauetako asko pandemiaren ondorioz izandako gorabeherekin lotzen dira. «Eguneroko aldaketa, kontratazio zein bestelako neurriek herritarrak euskara lasai erabili ahal izatea baldintzatu dute. Profesionalen eta unitateen antolaketan aldaketa eta lekualdatzeak eman dira, profesional horien aldi baterako ezgaitasunen ugaritzeak eragina izan du kontratazio berrietan ezartzen ziren irizpide edo lehentasunetan, eta nola ez, hizkuntzarena ez da inon lehentasuna izan» adierazi du Behatokiko eledunak. «Zalantzarik gabe, osasun zerbitzuen kalitatean, eta ondorioz, herritarren osasunean ere eragina izan du horrek».
Osakidetza zein Osasunbidean harremanetarako hizkuntza euskara hautatua izan arren (lehentasunezko hizkuntza euskara ezarrita), herritarrek jakinarazi dute ez zaiela behar bezala bermatu euskarazko arreta. Honela mintzatu du Gaubeka: «Euskarazko medikua ezarrita zutenei ere, hilabete hauetako aldaketak medio, hainbat kasutan ez zaie bermatu ordezko profesionalak euskarazko arreta emango ziela».
Segurtasun indarrak: herritarrak inoiz baino baldintzatuago
2020an hizkuntza-eskubideak errespetatzeko berariaz eskatzen ibili behar izan dira herritarrak segurtasunaren alorrean. Pauso hori eman dutenek, baina, bestelako albo kalteak jasan behar izan dituzte, edo horren beldur izan dira. Horren adierazgarri dira txostenean jasotako Foruzain, Ertzain, estatuetako polizia zein udaltzainei zuzendutako kexak. Gaubekaren hitzetan, «alarma egoerak eta ezarritako neurri zein debekuek asko baldintzatzen dute herritarrek beraien hizkuntza eskubideen errespetua lasaitasunez eskatzea».
Agenteak euskalduntzeko euskara plan edo eskakizunetan azken urteetan emandako aurrerapausoak txikiegiak direla ere aipatu dute Behatokitik, eta euskarazko zerbitzua bermatu eta herritarrak euskaraz artatu ahal izateko hizkuntza gaitasunik ez duten pertsonak kontratatzen jarraitzen dela nabarmendu da.
Hezkuntza: euskararen haria etenda
2020a urte oso berezia izan da hezkuntzako komunitate osoarentzat. Zenbait hilabetetan sektorea ohiko moldetan etenda geratzeak kalte nabarmenak eragin dizkie euskararekin kontaktua hezkuntzaren alorrean soilik mantentzen zuten norbanakoei.
Horrez gaindi, pandemia egoerak informazio asko eta azkarra behar izatea eragin du hezkuntzan ere, eta «azkartasunaren aitzakiapean, gaztelaniaz heltzen ziren jakinarazpen zein neurri ezberdinen azalpenak» adierazi du zuzendariak. «Askotan beranduago heltzen ziren euskarazko azalpenak, jada neurri horiek beste batzuengatik ordezkatuak zirenean».
Alor sozioekonomikoa: oinarrizko zerbitzu direnek ere, hizkuntzaeskubideei muzin
Oro har, ez da bezeroen euskarazko arreta bermatu; informazio eta ohar gehienak gaztelaniaz jarri dira, eta hainbat kate komertzialek sare sozialetan zein web guneetan euskarazko informazioa bermatzeko ez dituzte beharrezko neurriak hartu, ezta sorreratik bertokoak direnek ere. Gaubekak zerbitzuaren kalitatearekin lotu du gabezia: «Eskaintzen diren zerbitzuetan zein langileei zuzendutako oharretan, osasun neurriak azaltzeko gomendio eta jarraibide gehienak erdaraz eskaini dira. Euskarazko arreta eta informazioa ez bermatzea, herritarren oinarrizko eskubideak behar bezala kontuan ez izatetik harago, ematen den zerbitzuaren kalitatearekin erabat lotua dago».
2020an aisiarako eskaintza zabaltzen hasi zen heinean, segurtasun eta osasun neurriei lotutako ohar eta karteldegietako urraketak ere ugaritu dira. Euskarazko telebista publikoko eskaintzarekiko kexen igoera ere izan zen, batez ere konfinamendu garaian. Herritarrek inoiz baino gehiago baliabide digitaletan euskarazko eskaintza faltak herritarren hizkuntza eskubideak urratzen dituela salatu dute.
…
Behatokiko zuzendariak etorkizunerako mezu bat helaraziz amaitu nahi izan du agerraldia. Pandemiak egunerokotasuna, beharrak, bizitzeko eta lan egiteko moduak aldatu dizkigun honetan, argi utzi nahi izan du «herritarrek osasun egoera larriak zein arazo sozioekonomikoak dituztenean, laguntza baliabideak edo zerbitzuarekiko informazioa euskaraz jaso ahal izateak herritarrekiko enpatia eta zaintza erakusten dituela». Beraz, Behatokiko arduradunak dei egin die administrazio publikoko arduradunei zein eremu sozioekonomikoko entitateei herritarren hizkuntzaeskubideak oinarrizko balore bezala aintzat hartzeko noranzkoan lanean has daitezen.
Hizkuntza Eskubideen Egoera 2020 by Behatokia – issuu
Hizkuntza Eskubideen Egoera 2020
Lehengo lepotik burua, eta guk axolagabe jarraitzen dugu… Harrigarria iruditzen zait Behatokiak aurkeztu dituen datuek hautsak harrotu ez izana, edo agian ez, ikusirik zer nolako egoeran gauden; gure Herria gero eta urtuago, banatuago eta ahulduago dagoen honetan, euskaraz bizitzea ezinezkoa den honetan, gu gozo-gozo bizi gara. Horrela jarraituz gero gureak egin du. Edozelan, gutxi bagara ere jarrai dezagun Herri hau euskaraz eta euskaratik aurrera eramaten, jarrai dezagun euskaraz bizitzen ahalegintzen.