Trumpekin eta tranpekin… ez eskerrik asko

Trumpekin eta tranpekin … ez eskerrik asko – 

Joan egin da, ez du botererik. Kostata baina joan egin zen. Mundua zalantzaz bete zuen. Lixiba eraginkorra izan zitekeen koronabirusaren aurka? Txinatarrek asmatutako arma biologikoa Munduko Osasun Erakundearekin batera lanean aritu dira? Trump-en aurkako konplota goitik behera burutu da, komunikabideen laguntzaz eta iruzur masiboaren bidez, Etxe Zuritik kanporatzeko?

Probarik gabe. Ustezko hauteskunde iruzurraren inolako zantzurik gabe. Utziko didazue hitz joko erraza egiten, baina Trumpekin edo tranpekin lau urtez gehiago jarraitzea jasangaitza litzateke. Aldaketa klimatikoaren aurkari zuzena, Greta Thumberg ekintzailearen lana baztertzearen aldekoa. Erregai fosilen erabilera luzatzearen alde, fracking edo beste edozein modu suntsitzaileren alde egingo luke, baldin eta bere nazioko interesak babesten bazituen. Ingurugiroa aintzat hartu gabe, nazioarte mailan hartutako hitzarmenak zapuztuz eta deitoratuz. America First edo Amerikako Estatu Batuen intereses bakarra bilatuz eta gainontzekoak bigarren mailan utziz. Planned Parenhood bezalako erakundeei funtsak lortzea oztopatuz. Emakumeen ugaltze eskubideak arrakalatuz.

Beste planeta bat da Trumpi botoa eman dion gehiengo zuri kontserbadorearena. Bertan ez dago inolako zalantzarik, presidente ohiarekin daude erabat. Hamarretik lau estatubatuarrek babesa eman zioten kudeaketari, baina bere boto-emaileen artean ia %100ean mantendu zen. Agian Covid gabe, agintean jarraituko luke? Gogoratu behar da 2008an Obamari botoa eman zioten langileek ere eman ziotela Trumpi; West Virginian, meatzaldean, eta tradizionalki sindikatuetan aritu izan diren langileek Trumpen alde bozkatu zuten. Babesa ematen zioten, lanpostuak berreskuratzen ari zela uste zutelako. Nahiz eta gai horretan sineskeria handia egon, Trumpek badakielako etorkizuna ez dela ikatza, ez petroleoa…

Trumpekin eta tranpekin… ez eskerrik asko