In memoriam

In memoriam –

Argazkian 22 urteko mutikote biboteduna, itxura vintage samarrarekin. Jose Miguel Etxeberria Alvarez da, ezizenez Naparra, eta albiste da atzo bere desagerpenari buruzko txostena eman ziolako Eusko Jaurlaritzak familiari, ikerketa egingarri bat eskatu dezan.

In memoriam

Harrigarria: 40 urte luze desagertu zela, eta albiste da bere desagerpenaz egin den txosten batek auzia argitu lezakeen ikerketa eskatzea. Beste horrenbeste Mikel Zabaltzarekin: 35 urte hilda agertu zela, eta dokumental bat behar izan da haren heriotzaren bertsiorik krudelenak tokia har dezan Espainiako iritzi publikoan.

Gogoan dut Franco hil berritan Espainian planteatu zen dikotomia, haustura edo erreforma, eta zein nagusitasunez irabazi zuten apustua erreformistek. Horri esker, ez zen etenik egon aurreko erregimenarekin, eta haren zutabe faktikoek tinko irauten dute 45 urte pasa ondoren. Gerrako irabazleen jarrerak irauten die, eta ez diote inongo beldurrik boterearen palanka guztiak erabiltzeari, irabazitakoa defendatzeko.

Horrela lortzen dute inpunitatea denboran luzatzea, memoria galduko dugun esperantzarekin. Bada, hain zuzen horregatik da memoria hain garrantzitsua; gure arma bakarra da, ezkutuan dagoena noizbait ezagutzera iristeko eta etorkizuna justiziaren gainean eraikitzeko.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko martxoaren 25ekoa]

In memoriam

Euskalgilea eta herrigilea, jubilatua baina ez erretiratua.