Iker Üthürralt eta hartza euskal kulturan

Iker Üthürralt eta hartza euskal kulturan –

2020an, urtero Saran egiten den Idazleen Biltzarra irailaren 6ra gibelatua izan zen, koronabirusaren aginduei jarraituz. Ez zen urterokoa izan, bistan da, mahaien artean metro bateko tartea zegoen, eta barnean izateko musukoa edo maska beharrezkoa zen. Jendea Sarako Biltzarrera hurbildu bazen ere, jende kopurua ez zen beste urteetan izaten denaren erdira iritsi. Hala eta guztiz ere, egun goxoa eta ederra izan zela aipatu zuten hurbildu ziren guztiek. Baziren, liburu eta disko berriak nonahi, eta bisitariek aukera ezin hobea izan zuten, lasai ederrean, liburuak aztertzen ibiltzeko eta baita mahaietan ziren idazleekin mintzatzeko ere. Aurtengo Sarako Biltzarra urriaren lehen asteburuan egiteko asmoa dute. Ikusiko.

Iker Üthürralt eta hartza euskal kulturan

Nik ere hainbat liburu erosi nuen, egia erran, nahi nituenak baino guttiago, sakelan nituen sosek ez baitzidaten gehiagorako baimentzen. Eta  orain, segidan, bertan erosi nuen liburu bati buruz mintzatuko natzaizue, ene iduriz, merezi duelakoan. Idazlea Iker Üthürralt irakasle gaztea dugu, eta liburuaren izenburua. Hartzaren figura euskal kulturan.

Iker Üthürralt eta hartza euskal kulturan

Iker Üthürralt Saint-Esteben zuberotarra dugu, Mitikilen 1997an sortua, Baionako Unibertsitatean Euskal Filologian lizentziaduna eta gaur egun, lehen mailako irakasle gisa lanean aritzen dena. Hauxe da, nik dakidanez, bere lehen argitalpena, baina liburuan  erabili dituen azalpen gartsuak eta idazteko duen luma zorrotza ikusirik, ez dut uste azkena izanen duenik. Geroak erranen. Zarautzeko Dakit argitaletxeak plazaratu dio oraingoa.

Üthürralt-ek sarreran honela erraiten digu: Euskaldunek betidanik harreman tinkoa ukan dute izadiarekin, eta osatzen duten aberediarekin. Hain zuzen, euskal kultura aberats hori naturatik bereganatutako elementuetan oinarritu da, garatu da eta bizitzen jarraitzen du. Hauxe da liburuan agertu nahi duenaren abiapuntua.

Europako gizon-emazte zaharrek hartza leize-zuloetan ezagutu zuten, eta izadiaren zikloari jarraitzeko zuen trebezia miresteko aukera izan zuten. Neguloa edo hibernazioa da, garai bateko arbaso zaharrek, gehien miretsi zutena, azken finean hartzak, natura berak neguan egiten duena, errepikatzen baitu. Neguan lo, lurrak egiten duen bezala, eta bedatse edo udaberriaren hastapenetan iratzartzen da, ama-lurraren antzera. Basabürüko herrietan hartzari aitañi deitu izan diote, gizakiaren lehen arbaso sakratua zelakoan, Europako beste hainbat tokitan bezala.

Iker Üthürralt eta hartza euskal kulturan

Hartzak euskal iruditerian eta kulturan ildo sakona utzi digu, eta inauteriarekin loturiko ekitaldietan bizi-bizirik darrai oraino. Eta horixe da Iker Uthürralt-ek liburuaren hirurogeita hiru orrialdeetan barna jakitera eman nahi diguna. Horretarako, hartzaren figura aztertzen du Ipar Hemisferioko hainbat herri eta kulturatan, historiaurreko aztarna arkeologikoekin hasiz, herri sinesmen zaharretan izan zuen eraginarekin jarraituz, eta eliza giristinoak ekarri zion desakralizazioarekin amaituz.

Horretaz gain, biziki ongi aztertu du Bortuetan, hau da, Pirinioetan, izan duen eragina eta utzi dituen arrasto kulturalak. Haren ustez, hartza Pirinioetako arima izan omen da. Euskal mitologian hartzak izan duen  indarra aipatzen digu gero, Txomin Peillenen hainbat testigantza gogora ekarriz. Aipatu euskaltzain zuberotarrak euskal animismo zaharra aztertu zuen Santa Grazin eta horretarako 1985ean luze mintzatu zen Basabürüko herri horretan hil zuten azken hartzaren ehizan parte hartua zen Dominika Prebenderekin eta baita haren aita Pettirirekin ere. Pettirik honela azaldu zion: Eüskaldün zaharrek ziozien gizuna hartzetik jiten dela. Gizuna hartzetik fabrikatürik düzü eta gizuna beno intelijentago düzü.

Ondoren, hainbat ipuin zahar kontatu ondoren, Aita Junes Casenave-Harigile apez eta ikertzaile zuberotarrak Santa Grazin aurkitutako kantu ederra aipatzen digu Üthürralt-ek, oso-osorik, beste hainbat argitalpenetan barruan dituen hitz lizunak kenduta, azaldu baita sarri. Kantuan iradokitzen zaigunez, hartz batek neska bat bahitu eta bortxatu zuen. Hona hemen, bada,  Hartzaren kantorea:

1.- Malür bat heltü zaikü Basabürüan

egiaz erraitera Santa Grazian.

Prima eder bat hartzak usuki Pusunpes altean

bena hanitx irus izan da jan ez düanean.

 

2.- Otsoa izan balitz harakoitia

   ihork aski zükean horaren haxitzea

bena hartzari nor leiteke mentüra haxitzera

zeren eta hura beita oro malezia.

 

3.- Prima handi haren aflijitüa

egin zereionean hartzak usukia.

Mentüraz eta kosteren ziozü kolpe hura bizia,

gangrenatzen aisa beita hartzaren usukia.

 

4.- Erran Maider, beha hadi ene erranari,

peko eihera borta zerra ezan hobeki.

Hartz handi hura horra bazain Ehüsarre aldeti(k),

zepo hon bat heda eta hatzaman ezan zankoti(k).

 

5.- Konplitü direnean hilabeteak,

lau, bost, sei, zazpi, zortzi, bederatziak

sendotüren ziriozü primari dolorea

eta gero kantatüren Hartzaren kantorea.

Herri guztiek beren animalia  sakratu eta totemikoak izan dituzte, eta euskaldunen artean hartza izan da mende luzeetan miresmen eta begirunea jaso dituena. Gure arbasoen gogoan hartza zen biziaren ametsa eta  etengabeko gurpil ibilkaria hobekien islatzen zituena. Neguan lotan gelditzen da bedatsearen aiduru, ama-lur berari agitzen zaion bezala, eta hartza iratzartzean lurra iratzartzen zaigu. Bere loaldi eta iratzartzearekin urte oroz  errepikatzen zaigun  biziaren zikloa irudikatzen du.

Garai zaharretatik datorkigu euskaldunoi Paleolito Aroan, leize-zuloetako iluntasunetan landutako sineste erlijiosoa, zulo haietan, mundu izoztu hartan euskara eta euskaldunak jaio baikinen. Gure hizkuntza eta gure izaerarekin batera, biziari buruzko ikuspegia, gure mundu-ikuskera berezia, gure sineste zaharrak alegia, garatu genituen. Hau da, ene irudikoz, eta laburbilduz, liburu honen mezua, Iker Üthürralt irakasle gazteak biziki ongi iradoki diguna.

 

Iker Üthürralt eta hartza euskal kulturan
Iker Üthürralt eta hartza euskal kulturan
Iker Üthürralt eta hartza euskal kulturan

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

2 pentsamendu “Iker Üthürralt eta hartza euskal kulturan”-ri buruz

  • Javier Cuadra 2021-03-28 08:37

    Bejondeizula. Ez nekien liburu honen berri eta eskuratzeko larri nago orain.
    Egizu kontu, esaterako, zeuk ere hemen inoiz aipatu duzun Domingo Sabalo “Jatsa” pilotari hazpandarra “hartza” zela askoren esanean, eta Erratchun “Gaskoina” hil zen egun berean sortua zela. “Hartza/haritza” zen Gaskoina batzuren esanean (“Zaldubik” edo Hiribarrenek “Eskaldunac”en: “hartza du iduri”). Horren alkatzua zer den ez daukat hain argi ere, baina, nolabait esan: hartz zaharra hildako egun berean sortu zen hartz gaztea Hazparnen. Eta horrek, bistan da, “Jatsa” hein batean pilotaritzen hasi orduan hartu zukeen bere esanahia, h.d. 16tsu zituela orduko.

  • Javier Cuadra 2021-03-28 09:19

    Hartzak eta neskak “familia” izan zutela-eta, hamaika ixtorio dabil, jakina, gehienak Europan barrena. Baina biziki gomendatzen dizuet ‘Kukuli’ perutar pelikula, kitxuaz errodatu zen lehena.

    César Itier kitxualari frantsesak oso gainbegiratu dokumentatua ematen dio ixtorioari, bere zabalkuntzari eta garapenari “El hijo del oso” liburu ederrean, Cusco aldeko kitxuazko bertsio baten harian.

    Perun gaindi ixtorio horrek ezaugarri bereziak hartu ditu (bertako hartza, “ukuku”, belarjalea da hutski).
    Lehen bazen youtuben errazki ikusteko.

    Gurean oraino, amamak kondatzen zuen (ustez Orozkoko Urigoititik…) ixtorioa, oso “menostuta” eta erdi lotsetan bezala, eta ezpal txiki eginda aurkitu nuen inguruko lekuetan oraino Etxebarriaren “Gorbeia-inguruko etno-ipuin eta esaundak”en.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude