Markel Olanok Twitter bidez Irutxuloko Hitza kritikatu du

Markel Olano HitzaMarkel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusi ohiak ez du gustura irakurri Irutxuloko Hitzak Easo plazako bidegorria zuzendu dela dioen albistea. Twitter bidez azaldu du: “Irutxuloko Hitza, Udalaren kudeaketa goraipatzen. Nola aldatzen diren gauzak! Kamarada.”

Bere hitzetatik ondoriozta daiteke Hitzak Donostiako udalari beti egurra eman diola, eta, Juan Karlos Izagirre Bilduko alkateari, ostera, loreak botatzen dizkiola. Arrazoi izan ala ez, ez al da harritzekoa Ahaldun Nagusi izandakoak hain era zuzenean Hitzari kritika egitea? Twitter tresnaren “informaltasunak” eta Olano dagoeneko karguan ez izateak eragingo zion hori idazteko bultzada.

Irutxuloko Hitzaren irakurleek neurtu beharko dute aurrerantzean Hitzako kazetarien lana. Dena den, pozik egon daitezke kazetariak. Irakurle fidela dutela dakite eta, kamarada bat, Markel Olano.

10 pentsamendu “Markel Olanok Twitter bidez Irutxuloko Hitza kritikatu du”-ri buruz

  • Niri primeran iruditzen zait Olanok esan duen hori esatea. Olano pertsona oso aktiboa da sare sozialetan, zergatik ez ditu sare horiek erabiliko nahi duena adierazteko? Ez gaude ba, denbora berri batean? Zergatik ez hasi benetan norberak dituen minak eta bestelakoak argitaratzen, Islandian edo Norwegian bagina bezala? Hobe lukete Bilduko iritsi berriek ere lehenbailehen heltzea kontuari eta aukera berriak erabiltzea garbi hitz egiteko. Badabiltzala somatu dudan arren, ez ditut oraino benetan ikusi. Bistan da Olanori min egin diola Irutxuloko Hitzaren jarrera aldaketak, baina ez horrek bakarrik, Ludger Mëssen artikulu bat ere ez zaio batere gustatu eta halaxe erakutsi du: “Indignante comparación de Ludger Mees entre Euskadi y la Alemania Nazi“, idatzi du bere txioen artean. Ausarta, gutxienez. Ez dakit benetan nola diren gauzak, baina Interneten dabiltzan politikarien artean, argiena eta garbiena egiten zait Olano. Hobe bai horretan denak antzeko balira, zer demonio!

  • Kazetariaren ustez herritarrentzat onura bada Udalak egindakoa, albiste positibo bezala planteatzea egokia iruditzen zait. Hori Udalean Bildu dagoelako gertatzen dela Olanoren ondorioa izango da.

    Beste batzuk esan dezakegu: “Jeltzale bat Hertzainak-en letra bat aipatzen. Ze punkiak zareten batzuk, kamarada!”

    Bilduren Udalaren aurka komunikabideak botatzen ari direnarekin, loreren bat pasatzen utzi beharko da, ez?

  • Aritz Sorzabal 2011-07-20 16:45

    Irutxuloko Hitzako zuzendaria naiz eta, egunkaria aipatu dezutenez, gauza bat zehaztea ondo legoke. Markel Olanori esan behar diogu Irutxuloko Hitzak ez duela Udala goraipatu Easo plazako bidegorriaren ibilbidea aldatzeagatik. Amarabai auzo elkartea izan da Udala goraipatu duena, eta guk horren berri eman dugu:lehenik eta behin, bidegorriaren inguruko erabakiaren berri; eta bigarrenik, auzo elkarteak emandako iritziaren berri, zoritxarrez ez baita oso ohikoa herritarrek agintarien lana txalotzea. Atzo antzeko zerbait gertatu zen Eguzki, Haritzalde eta Uliako auzo elkarteek emandako prentsaurrekoarekin; Udal Gobernua txalotu zuten Monpaseko pasabidearen proiektua alboratzeagatik. Irutxuloko Hitzak horren berri eman du, inolako baloraziorik egin gabe oraingoan ere. Hitzak herritarren ahotsa jaso du, besterik gabe. Horregatik, ez dakit zertara datorren kritika hori.

    Easo plazari buruzko bi albisteak, bakoitzak bere ondorioak atera ditzan:

    http://irutxulo.hitza.info/2011/07/19/easo-plazako-bidegorriak-ez-du-jada-oinezkoen-eremua-zapaltzen/

    http://irutxulo.hitza.info/2011/07/07/easo-plazatik-zuzen-egingo-dute-aurrera-txirrindulariek/

  • Bai, Hasier. Olanoren prentsa buruak oso jaioak dira twitter erabiltzen.
    Atzo jaiotakoak bagina idaztea ere…

  • Miel, nik baino gehiago dakizu esaten duzuna benetan hala dela baldin badakizu. Baina, benetan dakizu Olanori twitterren idatzi egiten diotela? Segur zaude? Ez ote zara anonimotasunean ezkutatuta gaiztakerian ari? Barkatuko didazu, baina azken urteotako nire esperientzia oso bestelakoa da: Olanok berak idatzi izan ditu sareetan idatzi beharrekoak, eta ez beste inork.

  • Arkaitz Apalategi 2011-07-21 20:09

    Uste dut Markel Olanoren kritika hori gehiago oinarritzen dela berak lehendik izan ditzakeen aurreiritzietan, albistearen benetako balorazioan baino. Albiste hori irakurrita, Irutxuloko Hitzak udalarekiko izan duen jarrera aldaketaren frogatzat hartzen badu hori, benetan bere usteak frogatzeko ezer hoberik aurkitu ez duelako da. Tokiko prentsan lan egiten dugunok, tamalez, ohituta gaude politiko askoren partetik aurreiritzietan oinarritutako horrelako kritika xelebreak jasotzera. Hori bai, udal baten edo diputazioaren proiektu bat aurkeztu eta horri jarraipen informatiboa ematen diogunean, orduan ez dute lorerik izaten guretzat. Gure lana publikoa da eta oso erraza da kanpotik kritikatzea, baina politikarien lanbidea ere halakoxea da, eta kritikak euren kontrakoak direnean ez dituzte horren ondo onartzen. Portzierto, animo Irutxuloko Hitzako lankideei.

  • Gari Garaialde 2011-07-21 21:43

    Arkaitz eta Aritzen erantzunekin erabat ados nago, baina horrek ez dit eragozten Hasierren bi erantzunekin ere ados egotea. Kritika zentzugabea, okerra edo maltzurra izanagatik, egia da txioka dabilela eta dabilen gutxienetakoa dela.

  • Martin Maya 2011-07-21 22:33

    Ia 20 tweet idatzi ditu azken bi egunetan gai berdinari buruz, bere etiketa propioak sortuta eta denak albisteetara edo argazkietara loturez hornituta. Eta hori gutxi balitz, horietan lehenengoa idaztea nahikoa izan zen tweet-ak norbaiti atentzioa eman eta honek Zuzeun Markel Olanoren ekimen berritzailea komentatzeko (sarrera hau).
    Nik bat egiten dut kanpaina orkestatuaren teoriarekin. Tweetak Markelek idatzi edo ez, kanpaina honetan laguntza izan duelakoan nago.

  • Inor kritika zurrun eta zuzena egiten iaioa bada, hori ezker abertzalea da eta izan da. Non egin du Olanok bekatua?
    Eta tokiko euskarazko prentsak lan handia egiten du eta ezinbestekoa dugu, baina tokian tokikoek izaten dituzte euren zaletasunak eta joerak ere, eta horri kritika egitea zilegi da, errespetuz egiten den neurrian.
    Olanok eskubide osoa du egin duen kritika egiteko, eta Irutxuloko Hitzak kritika horri erantzutekoa ere bai. Egin dezala.
    Euskaraz aritzen da sarri Olano, bestalde, oso politikari gutxik egin ohi duena. Segi dezala horrela (euskaraz), era batera edo bestera.

  • […] Markel Olanok dioen moduan nola aldatzen diren gauzak, kamarada.Errekorren Guinness Liburuaren arabera, “musikaren historian arrakasta handiena izan duen […]