Haurrak eta militantzia
Haurrak eta militantzia –
Orain dela 3 urte eta erdi, nire bizitzan izandako aldaketarik handiena bizi izan nuen. Ama izan nintzen, hain zuzen ere. Horrelako erabakia gauzatzeak bizitza hankaz gora jartzen du, azken finean zure bizitza antolatu behar duzu zutaz guztiz dependientea den pertsona baten arabera. Baina niretzat, sakonagoa eta indartsuagoa da, behintzat nire kasuan, izaeran ematen den aldaketa.
Konturatu gabe, inolako terapia egin barik, nire lehentasunak aldatu ziren. Ez dut gauza bera sentitzen lehen gogoko nituen gauzak burutzen. Ez naiz hainbeste kezkatzen aurretik buruhauste handiak ziren horiengatik, eta beste harremanek behar duten energia ekonomizatzen dut. Hauek orain bururatzen zaizkidan adibide batzuk besterik ez dira.
Militantea eta ama bazara, orduan, barrutik daramazun kontraesana bikoizten da. Ama izan aurretik militantzia izan bada zure bizi hautua, ama izanda hau ez litzateke aldatu beharko, baina zailagoa bihurtzen da. Hasteko, ez jendartea ezta talde militante ezberdinak ere, ez daude prestatuta amatasuna edo aitatasuna gauzatu nahi duten militanteen beharretarako. Ez, gauza sinpleenetatik hasita; hau da, zaintza txandak bermatzea edota umeen ordutegiak kontutan hartzea bileren ordutegiak ezartzeko momentuan. Ezta, inolaz ere, gurasoengan, eta batez ere amengan sortzen diren behar afektibo berrientzat. Zalantzarik ez dago, esparru militanteetan jendartearen baloreak birproduzitzen jarraitzen ohi dugula, eta kasu hau ez da salbuespen bat.
Aurretik aipatutakoa zenbait aitek sentituko dutelakoan nagoen arren, uste dut emakumezkoengan eragin gehiago duela. Heziketa prozesu patriarkalaren ondorioz, emakumeoi txikitatik amatasunaren beharra eta honekiko erantzunkizuna sartzen digute hezurretaraino. Beste zenbait gauzekin bezala, hau, jendarteak agintzen duen bezala ez gauzatzeak kriston erruduntasun sentimendua eragiten digu. Beraz, militantzia eta amatasunarekin malabareak egiteak sentsazio garratzak sortarazten ditu. Umea edota familia alboratzen ari zarela, txikitxuaren hazkunde prozesua galtzen ari zarela, ez zaudela behar beste bere ondoan… eta abar luze bat.
Militantziak bizi eredua izan behar duela eta berez bizitzaren beste esparruetatik ezin dela banatu sinistu izan dut beti. Baina zaila da hau modu orekatuan bizitzea, eredu militante honetan uneko prozesurik garrantzutsuenetarikoa den amatasunaren beharrak kontutan hartzen ez direnean. Zaila da amatasunaren pisuak militantzian suposatzen duenaren kontzientzia zure kideek konpartitzen ez dutenean, nahiz eta hamaika aldiz azaltzen saiatu. Zaila, azkenean haurtxo bat hazkunde prozesuan laguntzea ez baita konsideratzen ekintza militante bat. Amatasun edo aitatasun kontziente batek izan ahal duen potentzial iraultzailea izugarrizkoa dela jakin arren.
Kontraesan hauek biderkatzen dira zure esparru militantea bizi espazio sasi komunitario bat denean. Zure militante kideekin, bileretaz gain, beste sare edota bizitzaren gaineko erabakiak konpartitzen dituzunean. Hor, bizitzaren etapa ezberdinetan egoteak, eta komunitate politikoaren erritmoa gurasoak ez direnek markatzeak, proiektuarekiko aldentzea edota frustazioa eta ezinegona sortarazten digu zenbait gurasoei. Gurasoen artean sareak indartzera eramaten gaitu, eta gutxiago edo gehiago, beste kideengandik banatzen gaituen distantzia emozionala, politikoa edota erreala gero eta handiagoa da. Profil anitzez osatu nahi den talde batentzat heldu behar den arazo bat da hau, nire ustez.
Bukatu baino lehen, ez dut aipatu gabe utzi nahi, iritzi tarte honetan gurasoei, eta beraz helduei, garrantzi guztia eman diedala, arazo honen muinean dagoena jendarte honetan helduek duten zentralitatea izanda ere. Hau da, dena eraikita, pentsatuta eta arrazoituta dago helduen arabera, eta umeak ez dira kontutan hartu behar diren subjetu bezala ikusten. Umeen borondate eta nahiari ez zaie ematen helduenei bezain beste pisua eta garrantzia. Umeak, askotan ez ditugu errespetatzen hamaika moduz, broma edo jolasetatik hasita, edota, beraiekin, heldu bat inoiz tratatuko ez genukeen bezala aritzen.
Beraz, bizitza osorako hautu gisa militantzia ulertzen badugu, gure espazioetan umeek eta gurasoek, behar bereziak izan ahal dituzten gainontzeko kolektiboekin batera, lekua izan behar dute besteen parean. Bestela, besteak beste, antolakunde, proiektu edota eragile ezberdinen zama den militantziaren gazte zikloa betikotzera kondenatuak egongo gara.