[Paperezko Itsasoa #Podcast] Ekialde ezezaguna eta Joanes Bereterraren Erresuma

[Paperezko Itsasoa #Podcast] Ekialde ezezaguna eta Joanes Bereterraren Erresuma – 

Gaurko saioa prestatzeko Umberto Eco italiar semiologo eta intelektual bikainak hil aurretik idatzitako azken liburuetako bat erabili dut: Storia delle terre e dei luoghi leggendari, 2013an argitara emana. Interesik baldin badaukazue, gaztelaniazko itzulpena Lumen argitaletxeak kaleratu zuen: Historia de las Tierras y los Lugares Legendarios eta frantsesezkoa, berriz, Flamarion argitaletxeak: Histoire des lieux de légende izenarekin. Liburu apur bat garestia den arren aitortu beharra daukat edizio benetan fina dela, kalitate handiko irudiz hornitua eta ederki dokumentatua. Zuen hurrengo galderari erantzunez: ez, ez dut inolako komisiorik kobratu arestiko hitzengatik. Gomendio bibliografiko hau erabat zintzoa da.

Irudi luke gizakiontzat bi hitz direla ahoskatzen zailenak: “ez dakit”. Ezezagutzak artegatzen gaitu, ezinegona eragiten digu… Jakinmina, kuriositatea, esploratzeko grina da akaso giza espezieak duen bertuterik handiena. Grina horrek eraman gintuen zuhaitzetatik jaitsi eta gure atzeko bi hanken gainean zutik jartzera, itsasoak zeharkatzera, Lur Planetatik irten eta beste planetetara bidaiatzera.

Grina horrek eraman gintuen, azken finean, gure inguruarekin liluratzera eta buruari galderak egitera, esperimentatzera. Dena den, gure erantzun behar aseezin horrek, askotan, erantzuna bera aurkitzera baino, erantzuna asmatzera eraman gaitu. Fenomeno naturalak ulertzeko orduan, ia beti, azalpen mitikoa dator lehenik eta esperimentazio enpirikoan oinarrituriko azalpen zientifikoa gero. Hodeiak lurrundutako ura direla eta ur hori kondentsatzean euria sortzen dela ulertu baino askoz lehenago euriaren jeinu edo jainkoa asmatu behar izan genuen.

XXI. mende honen hasieran, lurrazal guztia, edo ia guztia, esploratu eta kartografiatu dugu jada. Ez da ezkutuan dirauen zibilizaziorik. Herrixka global batean bizi omen gara. Baina hau fenomeno berria da gizadiaren historian eta duela ez horrenbeste mendera arte ugariak ziren mapetako hutsuneak. Horror vacuii jasanezin batek bultzatuta, nola edo ahala, espekulatuz, bete genituen zulo horiek: herrialde imajinarioak sortu genituen, alegiazko geografiak, legendazko erresumak, izaki mitikoak… Horiei buruz mintzo da, hain zuzen ere Eco-ren liburua.

Antzinaroan Ekialdeak, Asiako lurralde zabal ezezagunek, lilura eragiten zieten greziarrei. Kristo aurreko IV. mendean, Alexandro Handiak Pertsiar Inperioa menperatu zuen eta Indiaraino iritsi. Bere asmoa munduaren amaierara ailegatzea zen. Izan ere, babiloniar mapa zaharretan oinarriturik, Miletoko Anaximandro eta Hekateo filosofoen ustez, bai Europa, bai Asia, bai Libia (hau da, Afrika) tamaina berekoak ziren eta hiru kontinente horiek inguratuz Kanpoko Ozeanoa legoke. Alabaina, Alexandro Indo ibairaino iritsi zenean argi geratu zen han ez zela Asia amaitzen. Hamar urtez hari segika ibilitako armada akituari pazientzia amaitu zitzaion eta konkistatzaile handiak atzerako bidea hartu behar izan zuen, Babiloniarantz. Alexandro Handiaren konkistek erakutsi zuten Asia uste baino handiagoa zela, neurtezina.

Hurrengo mendeetan, europar eruditu handiak kontinente erraldoi hark gordetzen zituen misterioak argitu nahian aritu ziren, gehiegizko irudimenez eta muturreko espekulazioz apika. Antzinarotik Erdi Arora arte, Ekialdeko gauza miragarrien kontakizunak arrakasta handiko genero literario bilakatu ziren.

Kristo aurreko IV. mendean jada, Knidoko Ktesias idazle greziarrak liburu bat idatzi zuen Indiako mirarien inguruan. Lan hori, baina, galdu egin zaigu. Zorionez, Plinio Zaharrak Kristo osteko I. Mendean idatziko Naturalis Historia liburua ez da galdu. Zera zioen hor:

“Egia da Indian gizon askok bost ukalondo baino gehiagoko garaiera dutela, ez dutela arnasik hartzen eta ez dutela buruko, hortzetako edo begietako minik izaten, eta oso gutxitan baino ez dituztela gorputzeko beste gaitz batzuk jasaten; eguzkiaren beroaren banaketa oso orekatu batek epeltzen ditu. Beraien filosofoek, gimnosofista izenekoek, egunsentitik ilunabarrera arte irauten dute Eguzkiari begira, eta egun osoa ematen dute harea sutsuaren gainean, oin bakar baten gainean edo bestearen gainean.

Megastenesen arabera, Nulo izeneko mendi batean, oinak atzerantz jiratuta eta oin bakoitzean zortzi behatz dituzten gizon batzuk daude. Beste mendi askotan, zakur burua duten gizonak bizi dira, basapiztien larruz jantzita, zaunkaka eta, atzazalak arma gisa erabiliz, txoriak ehizatuz bizi direnak; Ktesiasek dio, idazten zuen garaian, arraza horretako ehun eta hogei mila pertsona baino gehiago zeudela; eta idazten du, halaber, Indiako herri batean emakumeak behin bakarrik erditzen direla bizitzan, eta seme-alabak berehala zahartzen direla. Ktesiasek berak, monokoloez, hanka bakarra eta jauzirako aparteko bizkortasuna duen giza arraza batez hitz egiten du. Esziapodo ere esaten zaie, bero denean lurrean ahoz gora etzanda egoten direlako, euren oin bakar horren itzalarekin babestuz. Haiengandik ez urrun trogloditak daude, eta mendebalderantz jarraituz bururik gabeko gizon batzuk daude, begiak sorbaldetan dituztenak.”

Plinioren kutsu fantasioso berarekin idatzi zituzten euren lanak, besteak beste, Herodotok (kristo aurreko V. Mendean), Kosmas Indikopleustesek (Gure Aroaren IV. mendean) edota San Isidoro Sibiliakoak (VII. Mendean). Plinio Zaharraren esziapodoez, trogloditez edota zakur buruko kinozefaloez gain europar idazleek beste hamaikatxo izaki mitiko asmatu zituzten. Zerrendatu ditzagun horietako zenbait:

– Blemiak. Bururik gabeko gizonak; begiak, ahoa eta sudurra bularraren erdian dituztenak. Etiopia inguruan bizi omen ziren.

– Panotti, grekeraz: “Dena belarriak”. Hauek ere giza arraza bat ziren. Belarri izugarriak zeuzkaten, hain handiak, ezen, horiekin bildu ahal baitzuten gorputz osoa eta babesgarri gisa baliatzen zituzten.

– Astomoi. Gorputza hilez estalita zeukaten gizakiak. Ez zeukaten ahorik eta, ondorioz, usainekin elikatzen ziren.

Azken hauen antzekoak Brachistomo izenekoak. Herri honetako gizon emakumeek bazuten ahoa, baina oso txikia eta, ondorioz, janaria lastotxo batekin xurgatuta baino ezin ziren elikatu.

– Siziliako Diodoro historialariak dio, Taprobana uharte legendarioaz mintzo delarik, irla horretan badela mingain bifidoko jende bat, aldi berean bi elkarrizketa izan ditzakeena.

Gorgadeak, gorputza ilez estalita zeukaten emakumeak, oso lasterka zebiltzanak.

[Paperezko Itsasoa #Podcast] Ekialde ezezaguna eta Joanes Bereterraren Erresuma

Kasu batzuetan, errealitatea eta fikzioa nahasi egiten ziren. Greziarrentzat pigmeoak arestian aipatu ditugun errealitatearen eta mitoaren arteko gizaki horiek bezalakoak ziren. Aristotelesek bere lanetan aipatzen omen ditu, antza. Bere esanetan Egiptotik hegoaldera bizi ziren eta gizaki nano batzuk ziren, ukalondo bateko garaierakoak. Pigmeoen etsairik handienak kurriloak ziren, hegazti horiek euren soroetako aleak jaten baitzituzten. Pigmeoek, beraz, ahuntz eta akerren gainean igota kurriloei eraso egiten zieten. Pigmeoen eta kurriloen arteko borroka eszenak greziar eta erromatar garaiko hainbat ontzi eta mosaikotan aurki ditzakegu irudikaturik. Pigmeoen tribuak benetan existitzen dira, Afrika Ekuatorialean, baina ukalondo bat baino gehiagoko altuera izaten dute, 1,5 metro bataz bestez eta, bistan da, ez dute inoiz kurriloen kontra borrokarik egin ahuntz baten gainean. Ziurrenik greziarrek benetako pigmeoen berri izango zuten, baina informazio hori ahoz aho transmitituko zitzaien eta, ondorioz, ohi den bezala, informazio hori deformatuta iritsi zitzaien, magnifikatuta.

Beste hainbeste gertatu zen Erdi Aroan. Otto von Freising alemaniar kronistak dioskunez, 1145ean armeniar enbaxada bat iritsi zen Eugenio III.a aita santuaren gortera. Enbaxadoreek Joanesen berri eman zioten, Asiako lurralde ezezagun batean bizi zen errege kristau nestoriotar ahalguztidun bat. Errege hura europarren aliatu boteretsu bat izan zitekeen musulmanen kontra Bigarren Gurutzada bat deitzen bazen.

Otto von Freisingen kronikan esaten zaigunez, handik urte batzuetara, 1165ean, Manuel Conmeno, bizantziar enperadorearen eskuetara Joanes erregearen gutun bat iritsi zen. Konstantinoplara bakarrik ez, karta Federiko Bizargorri Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorearen eskuetara iritsi zen eta eta baita Alexandro III.a aita santuarengana ere.

Gutun hartan esaten zenez, Ekialde Urrunean, musulmanen lurretatik haraindi, Gurutzatuek fedegabeei konkistatutako Palestina eta Siriako Lur Santuez haratago bazen erresuma kristau bat. Bertako erregea zen Presbyter Johannes, rex potentia et virtute dei et domini nostri Iesu Christi. Eskutitz hartan deskribatzen zirenak ez sinestekoak ziren: Betiereko Gaztetasunaren Iturria aipatzen zen, zerutik eroritako manaz elikatzen zen herri bat, harrizko ibai bat astean hiru egunez baino korronterik ez zuena, sutan bizi ziren salamandrak, berealdiko aberastasunak, jauregi miragarriak… Joanes Bereterraren erresuma Babelgo Dorreraino hedatzen omen zen eta europar inperio handienak ere ñimiñoak ziren haren domeinuen handitasunarekin konparatuta. Joanes Bereterraren karta bere osotasunean entzuteak merezi du, saioaren bukaeran irakurriko dizuet.

Spoiler txiki bat egingo dizuet: eskutitz hartan kontatzen zirenak asmakeriak baino ez ziren. Baina, nork idatzi zuen gutuna? Zein helbururekin? Zenbaiten ustez karta hau Germaniako Erromatar Inperioko scriptorium batean izkiriatuko zen. Izan ere, XII. mende hartan Federiko Bizargorri eta bizantziar enperadorea etsaiturik zebiltzan eta gutunean ustezko Joanes Bereterra tonu gutxiesgarriz mintzo zaio Manuel Conmenori.

Gutuna faltsua bazen ere, askok sinetsi zuten: 1177an, arestian aipatu dugun Alexandro III.a aita santuak bere sendagile Filipe bidali zuen Asiara Joanes Bereterrarentzako beste eskutitz batekin. Dirudienez, pontifize gorenak Joanesi eskatzen zion ezen nestoriotar heresia alboratzea eta Erromako Elizaren mende jartzea. Ezer gutxi dakigu Filipe sendagileari buruz, ez alegiazko Joanes Bereterrarengana heldu ote zen ezta erantzunik jaso zuen ere.

Pigmeoen mitoak oinarri erreal bat zuen bezala gauza bera gertatzen zen Joanes Bereterraren kondairarekin.

Nestorio Kristo ondorengo V. mendeko teologo bat izan zen, Konstantinoplako patriarka edo aitalehena izatera iritsitakoa. Bere esanetan, Jesukristok bazituen bi izaera: jainkotiarra edo dibinoa bata eta gizatiarra edo humanoa bestea. Ama Birjina izaera humanoaren ama baino ez zen, Jesukristo gizakiaren ama, ez Jesukristo jainkoarena. Dena delarik ere, guretzat garrantzia eskasa izan dezakeen ñabardura teologiko honek kalte handia eragin zion Nestoriori: 431ko Efesoko Kontzilioan herezetzat jo zuten eta Arabiara erbesteratu behar izan zen.

Kondena honek, baina, ez zituen, inondik inora, Nestorioren jarraitzaileak isilarazi. Kristautasunaren sekta edo korronte honek hedapen eskerga izango zuen hurrengo mendeetan Asia guztian zehar. V. eta VI. mendeetan baziren nestoriotar komunitateak Persian, gaur egungo Afganistanen eta Asia Erdialdeko garai bateko sobietar errepubliketan, baina baita haratago ere.

Txinan, Ibai Horiaren ertzean dago Xi’an hiria. Duela 1300 urte Chang’an izenez zen ezaguna eta Tang dinastiaren hiriburua zen. Ziutate hartan bada K.o. 781 urteko harrizko estela bat. Estela hura Chang’an-eko nestoriotar eliza batean eraiki zen, Txinaren ebanjelizazioaren oroitarri gisa. XVII. mendean, misiolari jesuitek aurkitu zutenean erabat liluraturik geratu ziren. Izan ere, kristautasun nestoriotarrak hedapen nabaria izan zuen Txinan eta Tang dinastiaren Inperioko hiri nagusietan baziren komunitate kristauak. Halere, 842-845 urteetan atzerritar erlijioen kontrako jazarraldi bat etorriko zen eta, ondorioz, nestoriarrek Txinatik ihes egin behar izan zuten. Kristautasun mota honek arrakasta handiagoa izan zuen, aldiz, mesetako zenbait herri nomaden artean: sogdianarren, turkiarren eta mongoliarren artean. Agidanez, Asia Erdialdeko ordokietako kristau hauek izan ziren mitoaren sorburua.

1200. urtetik 1300era bitarte zenbait europar merkatari, diplomatiko eta misiolari Asian barrena sartzera ausartu ziren. Marco Polo da horien artean ezagunena, baina badira beste zenbait: Giovanni de Piano Carpini, Gilen Rubrukekoa, Pordedoneko Odoriko… Bidaiari horietako batek ere ez zuen Joanes Bereterra aurkitu, baina haren berri jaso zuten nestoriotar kristauen ahotik. Nestoriotarrek nabarmenkeriagatik egingo ote zuten?

XV. Mendearen amaieran, Portugesek Afrika inguratu eta Etiopiara iristean kristauak aurkitu zituzten. Etiopia, izatez, K.o. III. mendetik da kristaua. Bertan kokatu nahi izan zuten Joanes Bereterraren erresuma. Horren adibide dugu, Francisco Álvaresen kontakizuna: Verdadeira informaçao das terras do Preste Joao. Alvares 1520tik 1526ra egon zen Etiopian enbaxada bateko kide.

Azken ele gisa esan dezagun, Joanes Bereterraren eskutitzak oihartzun handia izan zuela Erdi Aroko Europan, gutxienez XVI. mendera arte, hamaika hizkuntzatara itzulia eta liburu ugaritan aipatua izan zela. Fantasia geografiko hura proiektu politiko bat indartzeko tresna bat zen, azken finean. Asiako lurralde urrunetan errege kristau bat baldin bazegoen, Mendebaldearen eta Ekialde Urrun horren arteko aliantza erdietsi beharra zegoen. Mito hura Mendebalde Kristautzaren espantsiorako akuilu erabakigarria izan zen.

Joanes Bereterraren Gutuna

Joanes Bereterrak, Jaungoikoaren eta gure Jaun Jesukristoren boterez eta bertutez Jaunen Jaun denak, agur dagio Manueli, Erromatarren Gobernariari, eta opa dizkio osasuna eta bere eginkizunetan arrakasta.

Jada iragarria zitzaion Gure Maiestateari Gure Bikaintasuna atsegin zenuela eta Gure Gorentasuna ezagutzen zenuela. Orobat, gure mezulariak jakinarazi digu ezen zerbait atsegingarri eta dibertigarri bidali nahi zenigula Gure Errukitasunari gozarazteko. Gizon naizenez gero, atseginez onartzen dugu eta, gure mezulariaren bitartez, gurea den zerbait bidaltzen dizugu, jakin nahi baitugu Gure egiazko fede bera partekatzen duzunetz eta Jesukristo Gure Jaunarengan sinisten duzunetz. Ni, Joanes Bereterra, Jaunen Jauna naiz, eta munduko errege guztiak garaitu ditut zerupean dauden aberastasun mota guztietan, baita bertutez eta boterez ere. Hirurogeita hamabi errege dira gure zergapeko. Gure Handitasunaren mende daude Hiru Indiak, eta Ulterior Indiatik, non San Tomas Apostoluaren gorpua baitatza, gure lurra basamortuan zehar hedatzen da eta Sortalderantz hedatzen da, eta Eguzkia bezala, mendebaldetik Babilonia Mortura itzultzen da, Babelgo Dorrearen ondoraino. Gure lurraldean bizi eta elikatzen dira elefanteak, dromedarioak, gameluak, hipopotamoak, krokodiloak, methagallinarii, cametheternis, thinsiretae, panterak, onagroak, lehoi zuri eta gorriak, hartz zuriak, zozo zuriak, txitxar mutuak, grifoak, tigreak, lamiak, hienak, idi basatiak, gizon basatiak, gizon adardunak, faunoak, satiroak eta espezie bereko emakumeak, pigmeoak, kinozefaloak, berrogei ukalondoko garaieradun erraldoiak, monokuloak, ziklopeak eta hegaztiak, horien artean fenix deritzona, eta zerupean dauden animalia mota guztiak.

Gure lurraldean ezti eta esne ugari dago. Gure beste lurralde batean, pozoiek ez dute indarrik, eta igel zoriontsuek ez dute korrokarik egiten, han ez dago eskorpioirik, ezta belarretan sigi-sagaka dabilen sugerik ere. Animalia pozoitsuak ezin dira han bizi, ezta inor zauritu ere.

Gure paganoen probintzia batetik Indo izeneko ibai bat igarotzen da. Ibai hau Paradisutik dator eta, probintzia osoan zehar, bere korrontea hainbat errekatxotan banatzen du. Bertan, harri naturalak, esmeraldak, zafiroak, karbunklo topazioak, krisolitoak, onizeak, beriloak, amatistak, sardonizeak eta beste harribitxi asko aurki daitezke. Han bertan assidios izeneko belar bat sortzen da, eta haren sustraiak, norbaitek gainean eramanez gero, izpiritu higuingarria kanporatzen du eta nor den, nondik datorren eta bere izena zein den esatera behartzen du.

Munduaren mutur muturretan, hegoalderantz, uharte handi eta bizigabe bat dugu. Bertan, Jaunak euria eginarazten du astean bitan, urte osoan zehar. Zerutik erortzen dena ez da ura, mana ugari baizik, inguruko nazioek ere bildu eta jaten dutena. Zinez, bertan bizi direnek fruitu onenak lortzeko ez dute lurra goldatu beharrik, ez erein, ez uzta bildu ezta lurra edonola eraldatu beharrik ere. Zinez, mana honek, Israeleko semeek Egiptotik irtetean hartu zutenaren zapore bera du. Zinez, jende horrek ez du bere emazteez gain beste ezein emakumerekin harremanik izaten. Ez dute ez inbidiarik, ez gorrotorik, baketsu bizi dira, ez dute beren artean liskarrik sortzen eurena dena ala ez denarengatik; ez dute haien gainetik inor, gure zerga jasotzeko bidaltzen dieguna ez bada. Zinez, urtero berrogeita hamar elefante eta beste hainbeste hipopotamo ematen dizkiote gure Maiestateari zerga gisa, harribitxiz eta urre txit garbiz kargaturik. Zinez, lur hartako gizakiek harribitxi eta urre gorri-gorri ugari dute. Gizon horiek, zeruko ogitik halako moldez elikatzen direlarik, bostehun urte bizitzera iristen dira. Hala ere, ehun urte betetzean, gaztetu eta berritu egiten dira, leku hartan dagoen zuhaitz baten sustraietatik sortzen den iturri batetik hiru aldiz edanda. Eta ura eskuekin hartu ondoren edo hiru aldiz edan ondoren, ehun urte kentzen dituzte gainetik, esan bezala, eta hainbeste galtzen eta kentzen dituzte, non ura ikusten duenak ez baitu zalantzarik izango hogeita hamar edo berrogei urte dituztela, eta ez gehiago. Horrela, ehun urtean behin gaztetu egiten dira, eta erabat suspertu. Azkenik, bostehun urte bete ondoren, hil egiten dira, eta, jende haren ohitura den bezala, ez dituzte lurperatzen, baizik eta uharte horretara eramaten dituzte, eta bertan hazten diren zuhaitzen gainean jartzen dituzte, zeinen hostoak, urtaro batean ere erortzen ez direnak, oso zorrotzak baitira. Hosto horien itzala oso atsegina da eta oso gozoa zuhaitz hauen fruituen usaina. Hildako haien haragiak ez du kolorerik galtzen, ez da usteltzen, ez da biguntzen, ez da hauts edo errauts bihurtzen, baizik eta bizirik bezain fresko eta itxura oneko irauten du, eta horrela jarraituko du Antikristoa iritsi arte, profetaren batek iragarri zuen bezala.

Itsaso honetatik hiru eguneko distantziara, mendi batzuk daude, mendi hauetatik, harrizko ibai bat jaisten da, urik gabekoa, eta gure lurrak zeharkatzen ditu Arezko Itsasoraino. Astean hiru egunetan du korrontea, harri txiki eta handiak daramatza eta horien gainean enborrak, Arezko Itsasoraino. Eta ibaia itsasoratu ondoren, harriak eta enborrak desagertu egiten dira eta ez dira berriz ikusten. Aipaturiko ibaia dabilen bitartean, inork ezin du zeharkatu, baina gainontzeko lau egunetan igarotzea posible da.

Harrien ibaiaren beste aldean juduen Hamar Tribuak bizi dira. Erregeek gobernatzen dituztela dioten arren, Gure Gorentasunaren mirabe eta zergapekoak dira.

Inguruko beste probintzia batean, zizare batzuk bizi dira, gure hizkuntzan salamandra esaten diegu. Zizare hauek, sutan bakarrik bizi daitezke, eta mintz mota batez inguratzen dira, zeta egiten duten zizareak bezala. Mintz hau gure jauregiko ugazabandreek lantzen dute modu delikatuan, eta jantzi eta oihalak egiten dituzte gure Gorentasunak behar duen guztirako. Oihal hauek oso su kartsuan baino ezin dira garbitu.

Gure Baretasunak ugari ditu urrea, zilarra eta harribitxiak, elefanteak, dromedarioak, gameluak eta zakurrak. Gure Otzantasunak gizon atzerritarrak eta erromes guztiak hartzen ditu apopilo. Gure artean ez dago behartsurik, ez lapurrik, ezta arpilatzailerik ere. Lausengariek eta zikoitzek ez dute hemen lekurik. Guk ez ditugu jabetzak gure artean banatzen. Gure gizonek era guztietako aberastasunak dituzte.

Gure Bikaintasunaren jauregia zinez da Tomas apostoluak Gondoforo indiarren erregearentzat egin zuenaren irudiko, eta, gauza guztietan, haren antzekoa da, bai bere geletan, bai gainontzeko egituretan.

Beste jauregi bat dugu, lehenbizikoa baino txikiagoa, baina garaiagoa eta ederragoa, gu jaio aurretik gure aitak izan zuen errebelazioaren ondoren eraikia. Izan ere, gure aitari, bere santutasunagatik eta justiziagatik, Kasikjainko esaten zioten. Ametsetan esan zioten honako: “Egin jauregi bat zugandik jaioko den semearentzat, errege lurtar guztien errege eta Lurreko jaun guztien jaun izango denarentzat. Eta jauregi hari honako grazia hau emango dio Jainkoak: bertan inork ez duela goserik edo gaixotasunik jasango, eta bere barnean sartzen den inor ezin izango dela hil egun hartan bertan. Eta edonor, goseak edo eritasun hilgarriz joa, jauregira sartu eta denboraldi batez bertan geratzen bada, ehun jaki jan izan balitu bezain ase aterako dela, edo bere bizitzan gaixotasunik izan ez balu bezain osasuntsu”.

Bere barnetik iturri bat sortuko da, beste guztiak baino zaporetsuago eta usaintsuagoa, eta ez da jauregitik kanpo isuriko; izan ere, sortuko den txokotik, jauregiaren beste zokoraino joango da eta, han, lurrak berriz hartuko du jaio zen tokira itzultzeko, Sartaldetik Sortaldera, Eguzkia itzultzen den bezala. Eta bertatik edaten dutenek jan eta edan nahi luketenaren zaporea nabarituko dute. Zinez, halako usain bizia zabalduko du jauregitik, ezen irudi bailuke era guztietako lurrinak, perfumeak, ukenduak eta are gehiago pilatu izan dituztela. Baldin eta norbaitek, hiru urte, hiru hilabete, hiru aste, hiru egun eta hiru orduko epean, iturri horretatik edaten badu, eta hori egunero eta hiru aldiz baraurik, hiru orduz egiten badu zinez ez da hilko hirurehun urte, hiru hilabete, hiru aste, hiru egun eta hiru ordu baino lehen eta beti mantenduko du gaztaroko adina.

Jakin nahiko duzu ea zergatik Gure Bikaintasunak ez duen bereterrarena baino tratamendu duinagorik, baldin eta Guztion Sortzaileak egin baikaitu hilkorren artean ahaltsuena eta loriatsuena. Horren arrazoiak ez zaitu harrituko. Egia da gure gortean ministro asko daudela, eta horiek gainditzen nautela, eliz duintasunari dagokionez, izen eta ofizio handiagoak baitituzte Jaungoikoaren zerbitzuan. Zinez, gure seneskala primatu eta errege da, gure koparia artzapezpiku eta errege, gure txanbelana apezpiku eta errege, gure mariskala errege eta artximandrita, sukaldarien buruzagia errege eta abade. Hori dela eta, Gure Gorentasunak ez du onartu goren gradu horiek beretzat hartzerik eta, apaltasunagatik, nahiago izan du izen ez hain noblez deitua izatea eta maila apalagoa izatea.

Oraingoz ezin dizugu ezer gehiago kontatu gure botereaz eta gure loriaz. Baina gugana etortzen zarenean, ikusiko duzu lur guztiko Jaunen Jauna garela. Bitartean, jakin behar duzu gure lurraren zati bat bere zabaltasun osoan zeharkatzeko lau hilabete behar direla, eta, beraz, inork ezin du jakin noraino hedatzen diren gure gainerako domeinuak.

Zeruko izarrak eta itsasoko hondar aleak zenbatu ahal badituzu, gure domeinuak eta gure boterea kalkulatu ahal izango dituzu.

[Paperezko Itsasoa #Podcast] Ekialde ezezaguna eta Joanes Bereterraren Erresuma

Podcast honen helburua humanitateen dibulgazioa egitea da. Historia, filosofia, hizkuntzalaritza, literatura, etnografia... hamaika gai jorratu nahi ditugu ahalik eta modu arin eta gustagarrienean. Eta noski: euskara hutsean.

Zer duzu buruan “[Paperezko Itsasoa #Podcast] Ekialde ezezaguna eta Joanes Bereterraren Erresuma”-ri buruz