Berde eta heze, basoa mozorro
Berde eta heze, basoa mozorro –
Joana Artzak dantzan.eus atarian.
Belar, goroldio, garo, sastraka edo hostoz gorputza estalita agertu ohi dira Euskal Herriko hainbat mozorro. Trapu zaharrak, zakuak, koloretako jantziak, animalia larruak… eta baita landareak ere erabiltzen dira, sarri, mozorrotzeko. Gure mugetatik kanpo ere bada ohitura inguruko landaredia erabiltzekoa gorputza estali eta festara irteteko. Eskura izan ohi da mozorroa osatzeko material hori, eta ezkutatzeko eta kamuflatzeko ezin hobea da, bildu ditugun argazki hauei begiratu besterik ez dago.
.
Eibar
Eibarko koko-dantzetan sasikartia izeneko mozorroa agertzen da. Gorputz osoa huntzez estalita darama eta koko-dantzariekin eta beste hainbat mozorrorekin batera ibiltzen da baserriz baserri eskean.
.
Etxauri
Etxauriko inauterietan Gerixipot gerezi lapurra harrapatu eta epaitzen dute hainbat mozorrok. Basaki mozorroak, erdi zuhaitza erdi gizakia denak, ere parte hartzen du Gerexipoten ehizan.
.
Kanpezu
Astearte inauterian Toribio panpina ateratzen dute kanpezuarrek, kaleetatik paseatu eta gero epaitu eta hiltzeko. Panpinarekin batera mozorroak irten ohi dira eta haietako asko begetalak dira. Zakuekin eginiko soinekoak landarez eta hostoz apaintzen dituzte.
.
Izaba
Ezpel Pertsonaren berri eman digu Galder Unzaluk; Izabako inauterietako mozorroetako bat da. Zaku oihalez eginiko soinekoa jantzita ateratzen eta ezpel landarearen adarrekin estaltzen du oihala. Buruan lastozko kapela edo saskiren bat ipini ohi du. Eta eskuan maskuria eramaten du herritarrak zirikatu eta kolpatzeko.
.
Artea
2021ean, luzaroan lozorroan egon ondoren, kokomarroak agertu dira inauterietan. Herriko adinekoen testigantzetatik abiatuta garai bateko inauteritan bezala, hainbat mozorro atera dira kalera. Horietako batzuk landarez estalitako zakuak soinean dituztela ohartarazi gaitu Marisa Barrenak.
.
Altsasu
Altsasuko mozorrorik ezagunena momoxorroa da, ehundaka agertzen dira handik eta hemendik inauteri asteartez; baina horien artean, kasik kamuflatuta, beste hainbat mozorro ibiltzen dira. Tartean, burua barazkiz estaltzen dutenak, batzuk txikoria, beste batzuk aza…
.
Torralba del Rio
Inauterietan ez ezik, udan ere agertzen zaigu Euskal Herrian mozorro begetal bat. Torralba del Rion, San Juan egunean, Juan Loboren ihesa eta harrapatze festa egiten da. Aurpegia belztuta eta landarediaz gorputza estalita ihes egiten saiatzen den gaizkilea da Juan Lobo edo Moro Juan.
.
Silio (Kantabria)
Errege egunean Kantabriako Silio herrian La Vijanera inauteriak ospatzen dira. Hainbat mozorro ateratzen dira kalera, haietako batzuk “trapajones” izenez deituak. Mozorro horiek elementu naturalekin estaltzen dira: lokatza, huntza, iratzea, artoa, txilarra, hostoak, zuhaitzak…
.
Bielsa (Aragoi)
Ostegun Gizenetik igandera Bielsako kaleak mozorroek hartzen dituzte. Mozorro bat Hiedra (Huntza) izenez ezagutzen da. Kontatzen da karabinero batek eskatu zuela berak ere mozorrotu nahi zuela, baietz esan zioten, baina berdez izan behar zuela. Beraz, gorputza huntz hostoekin estalita agertu omen zen kalera. Egun, urtero agertzen d bakarren bat horrela mozorrotuta. Irudi hauek Altsasun eginak dira, Bielsako hainbat mozorro Altsasuko inauterietara bertaratu baitziren 2006. urtean.
.
Bejar (Salamanca)
Bejarren korpus igandean gorputza goroldioz estalita duten gizonak, los hombres de musgo deituak irteten dira kalera. Prozesioan parte hartzen dute udal ordezkari, aguazil eta musika bandarekin batera.
.
Appenzell (Suitza)
Silvesterklaus mozorroak San Silbestre edo Urte Zahar Egunean etxez etxe ibiltzen dira Suitzako Appenzell herrian. Talde txikitan mozorrotuta, joareak astinduz eta kantuan ibiltzen dira urte berria opatzen herritarrei.
.
Basel (Suitza)
Urtarrilaren 13, 20 edo 27an Kleinbaselko (Basileako auzoa) Hiru Sozietateen festa ospatzen da. Vogel Gryff, Wild Maa eta Leu dira hirukote protagonista (grifo, gizon basatia eta lehoia). Gizon basatiaren, guretzat Basajaun, dantzekin hasten da festa.
.
Cerkno (Eslovenia)
Laufarija inauteriak ospatzen dira Esloveniako Cerkno herrian. Urteko lehen igandean hasten dute jaia eta igandero mozorro gehiago agertzen dira kalera igande inauteri arte. Mozorro nagusiari Pust deitzen diote (inauteri gizona), goroldioz jantzita eta buruan adarrekin, negua irudikatzen du. Beste hainbat mozorro ere naturako elementuez baliatzen dira gorputza estaltzeko.
.
Ingalaterra
Udarari ongietorria egiteko Ingalaterran maiatzeko lehenengo astea jai egin ohi dute, eta hainbat festa ospatzen dira. Hastings herrian, “Jack in The Green” jaialdia egiten dute, mozorro begetalek hartzen dituzte kaleak. XVI. eta XVII. mendeetan Ingalaterran maiatzaren lehena ospatzeko lorez eta hostoz apainduriko girlandak egiten omen zituzten, pixkanaka, langileen gremioak elkarren artean lehiatzen hasi eta konpetentzia bihurtu zuten;gorputz osoak estaltzen zituzten apaingarriak egiteraino. XVIII. mendetik ezagutzen da egunHastings-en ospatzen den gisako festa.
.
Frantzia
Paris hego-mendebaldeko erregetzaren egoitzan 1393ko urtarrilaren 28an ospatu zen festako protagonista nagusiak mozorro begetalak izan ziren. Gorteko maila goreneko sei zaldunek, tartean Karlos VI erregea, lihoz eta landaretzaz egindako mozorroak soinean zituztela mozorro-dantza eskaini zuten. Lihoz estalitako jantziekin eta maskarekin aurpegia estalita atera ziren ikusleengana, ez baitzen komeni inork ezagutzea, beren estatusarekin bat ez zetozen salto frenetikoak eta oihu lizun eta lotsagabeak egiten baitzituzten. Azkenean, soinean zeramaten landaretzak su hartu eta lau dantzari erre ziren dantzaldiaren erdian.
Berde eta heze, basoa mozorro Berde eta heze, basoa mozorro