Ezkerrak, eskuinak eta euskaldunok
Ezkerrak, eskuinak eta euskaldunok –
Aste honetako Argian irakurtzen nion Iñaki Muruari nola dioen euskaldun euskaltzaleon aurrerabideez: “Aipatu UEMAko ekitaldi interesgarrian, Sakanako esperientzia ikusi eta eskarmentutik ikasi genuen, gai guztietarako ekonomia dela zutabe eta, beti, denen parte hartze eta onespenarekin egin behar dela aurrera, inor albora utzi gabe, denak proiekturako inplikatuz. Gu, berriz, artistak gara zatiak zatitzen!”
Eta atzo irakurtzen nion berriz Berrian Maddi Ane Txoperenari, nola Euskal Herrian Euskaraz taldeak: “oinarriak berritzea erabaki du orain: «Jauzi bat» ematea. Independentziaren aldeko aldarriak zedarrituko du salto hori: izan ere, orain arte ez bezala, euskalgintzako eragileak erabaki du Euskal Herriaren independentzia «argi eta garbi» galdeginen duela hemendik aitzina. «EHEk Euskal Herriaren independentzia eskatzen du, euskararen lehentasunezko estatusa eraikitzeko, eta normalizazio osoa erdiesteko beharrezko duen hizkuntza politika burujabea bultzatu ahal izateko». Besteak beste nonbait: “euskarak jasaten duen zapalketa «Europaren eta patriarkatu kapitalistaren ondorio» baita”.
Artistak zatiak zatitzen… Munduko borondate onenaz, izango da. Baina ez da hori I. Muruak proposatzen duen bidea. Eta ni I. Muruarekin nago, eta ez euskaldun euskaltzaleon mugimendua murriztu nahi dutenekin bestelako baldintzak jarriaz norberaren ikuspegian munduko justuenak balitez ere…
Ez dakit EHEren oinarri berritze honek zerikusirik duen Sortuk azken boladan bultzaturiko Plaza Hutsetiko hausnarketarekin, baina ildokoa iruditzen zait.
Eta nire ustean:
- 1. Ezker abertzalea saiatzea Euskal Herri osoa eta bereziki Euskal Herriko ezker guztia euskalduntzen / euskaltzaletzen beti izango da euskaldun guztion eta euskalgintza guztiaren mesedeko.
- 2. Aldiz, ezker abertzalea saiatzea euskalgintza guztia ezker doktrinatzen beti izango da euskaldunon eta euskalgintzaren kalteko, oro har.
Eta era berean esan dezadan (hainbat munta / munta hainbat):
- 3. Eskuin abertzalea saiatzea Euskal Herri osoa eta bereziki Euskal Herriko eskuin guztia euskalduntzen / euskaltzaletzen beti izango da euskaldun guztion eta euskalgintza guztiaren mesedeko.
- 2. Aldiz, eskuin abertzalea saiatzea euskalgintza guztia eskuin doktrinatzen beti izango da ere euskaldunon, oro har, eta euskalgintzaren kalteko.
Orduan euskaldun euskaltzaleon mesedeko dateke… (batbederak betetzeko)… Iparraldean, Nafarroa Garaian, EAEn …
Eta “herria” osatua baita, nik dakidala alde guztietan ezkerragokoez eta eskuinagokoez, herri euskaldun euskaltzalea …
Muruak goiko aipuan jaso beste hau ere ohargarria da, dioenean: “ikusi eta eskarmentutik ikasi genuen, gai guztietarako ekonomia dela zutabe”. Eta nik ere hala uste. Hala izan da eta hala izango da. Ez baitut uste etorkizun handirik genukeenik euskaldun euskaltzaleok Euskal Herri ekonomikoki ahul batean…
Muruak kontatzen du ere bestela anekdota jakingarri bat, mezuaz jabetu nahi izanez gero bederen. Hala dio:
«UEMAk antolatu ekitaldi batean, Baztango udal ordezkariak zioen: “Askotariko pentsaera eta izaerek osatutako jendarte baten emaitza gara gu”. Kolpean, oroitu nuen duela urte batzuk Irurita inguruko gazte bati entzuna: “”. Orduan harritu nintzen gazte hark oparitu zidan egoeraren aurrean».
Bittor, uste al duzu euskaldun komunitatea bizi daitekeela independentziarik gabe? Pentsatzen dut baietz erantzungo duzula, baina gogoratuko dizut katalanek uste dutela ezetz, haien hizkuntzak ez duela bizirik iraungo Espainiaren barruan egonda.
Beharbada hortik egin beharko genuke batasuna, izan ezker zein eskuinekoak.
Ez. Independentziarik gabe oso nekeza izango dugu euskaldun irautea, eta nik desio dudan etorkizun independente balizkoan ere oso nekeza izango dugu euskaldun irautea. Horregatik independentziarekin zein independentziarik gabe euskaldun euskaltzaleok dugun aukera bakarra da ditugun bitarteko guztiak eta gehiago erabiltzea jadanekotik euskaldun euskaltzaleon komunitatea indartzeko espainol eta frantses espainol eta frantses zaleen aurrean. Eta horretarako zenbat eta adjektibo gutxiago izan euskaldun euskaltzaleon komunitateak, orduan eta aukera hobea gure komunitatea zabaltzeko. Eta aldiz zenbat eta adjektibo gehiago erantsi euskaldun euskaltzaleon komunitateari, fede batekoak izan, zein bestekoak, orduan eta murritzagoa bihurtzen dugu gure komunitatea.
Independentzia zaleok baditugu edo sortuko ditugu edo indartuko independentziaren aldeko erakundeak, hala nola, kristau zaleek, edo sistemaren aldekoek edo kontrakoek. Baina euskaldun euskaltzaleok, geure propioak besteetara makurtu gabe, edota hobeto, beste guztiei gurera etortzeko aukera eskainiz, eta ez murriztuz.
Ni ez naiz independentziaren zain geratuko euskaldun euskaltzaleon mugimendua sendotzeko eta indartzeko. Eta eskerrak ere ez garen horren zain geratu azken 150 urtean. Ezin dugu amets horren bila itsutu Iparraldean, ez oraingoz Nafarroa Garaian, ez dirudi gizartea halakori begira dagoenik, baina ezta ere oraingoz EAEn itxuraz, gizarteak begiratzen duen aldera begiratzen duelarik, gaur egunekoa baino egoera indartsuagoa beharko dugulako Espainiako estatutik aldentzeko aukera baliatu ahal izan dezagun, Kataluniak ere beharko duen bezala.
Bakoitza berean beraz… Ez zerikusirik ez dutelako. Baizik eta bereizketak komeni ez zaizkigulako. Batzea interesatzen zaigulako. Eta euskaldun euskaltzaleok, euskaldun euskaltzaleokin, euskaldun euskaltzaleon indarrak handitzen, ez?
Ezkertiar edo feminista adjektiboak gabe ere, euskaldunen nazioak bizirik iraun dezake. Baita fededun eta baserritar adjektiboak gabe ere. Ados nago horietaz guztietaz biluztu behar dugula proiektu euskalduna.
Independentzia premia ezkutatzea, ordea, ez dakit onuragarria den.
Eta inork ez dio independentziaren zain egon behar dugula euskararen alde egiteko (bistan da independentziarik gabe egiten utzi diguten guztia egin dugula, bestela ez ginateke hemen), ez eta ezin ditugula adostasunak lortu eta indarrak batu independentista ez direnekin. Baina argi utzi behar diegu, era pedagogikoan, independentzia ezinbestekoa dela. Independentzia gabe esfortzu guztiak komunzuloan behera joango dira.
Euskaal Herriko komunitate erdaldun eta erdaltzaleei, frantses zein espainol, garbi utzi behar dieguna da beraiek euskara ikasten ez duten bitartean, eta hala guri galarazten euskaraz bizi ahal izatea Euskal Herrian, gure zapaltzaileak direla. Eta Euskal Herrian demokrata den guztiak jakin behar duela euskaraz, eta ez badaki, ja ikasi behar duela, demokrata izan nahi badu. Eta hala beraz Euskal Herrian euskal herritar izateko legeak ere derrigortu behar duela herritar guztiak euskara jakitea, Hegoaldean espainola inposatzen diguten bezala eta Iparraldean frantsesa. Horrek bakarrik emango liguke euskaldunoi bide euskaraz bizi ahal izateko gure lurrean. Independentziarekin edo gabe. Euskal Herriko erdal komunitatea du ezinbestean kitatu beharreko zorra gurekin ez gaitzaten derrigortu nahitaez espainola eta frantsesa erabili behar izatera beraiekin harremanean izateko.
“Ez. Independentziarik gabe oso nekeza izango dugu euskaldun irautea, eta nik desio dudan etorkizun independente balizkoan ere oso nekeza izango dugu euskaldun irautea”
Nahikoa ados naiz ideia horrekin. Konkretuki erran nahi luke independentistak berak ere umil egon behar direla eta batez ere euskalzaleen esfortzuak begirunearekin ikusi behar dituztela nahiz eta esfortzu horien mugak beti demostratu. Eta euskaltzaleek ez lukete erori behar baikortasun ofizial zozoan askotan ikusten dugun bezala eta independentisten arrazoiak entzun bederen.
Bestetik bi taldeek, egia erran erabat bereiziak ez direnek, ekimen eta esperientzia praktiko herrikoi eta askeak ( hau zehaztekoa) jorratu behar lituzke elgarrekin, on liratekeenak oraitik beretik eta ustezko gero konplikatu horretan ere.
Erran bai, Bittor, bakar batzuek, gure buruari plazer egiteko, erraiten ahalko diegu nahi duguna demokratei
Hegoaldean ezdakit nola den baina hemen frantses badira ez dago demokrata huts edo pururik oso guti baizik; ez dira hona jin euskara ikastera baizik eta hemengo bizitza abantail guziekin gosatzeko Frantzian diren ber eta frantses gisa. Nola ongi badakiten zoko-moko guzietan gehiengoa izatera kausituko duten egunen batean dagoen inbasio etengabearekin, haien mentalitatea ez da hobetuko.
Bi komunitate badaude orai iparraldean territorio berarentzat konpetentzian. Eta gureak galtzen ari da. Gehienetan bestea laguntzen du ere.
Beldur naiz hemengo demokrata frantses edo erdaldun gehienek ez dizutela zure diskurtsoa entzun nahiko. Iduritzen zait euskal komunitatearen zentzua jorratu behar ginukeela berriro erabat galdua ez den toki eta jendeetan eta bakarrik haien ekimenen gainean kontatu. Mugatuak gelditzen badira ere, ez dugu ezer gehiago eginen. Milesker artikulu interesgarriagatik.
Intersekzionalitea ideia eta tresna oso ona da, justizia osoa pertsegitzen duelako, arlo eta alderdi guztietan. Horrekin batera ezin ukatuzkoa da euskaltzale eta kapitalista izan daitekeela bat, edo feminista eta kolonizatzaile eta linguistikoki inperialista, edo komunista eta sexista.
Hemen justizia arlo batzuen aldeko borrokak kontsentsu handitxoa du eta, zoritxarrez, justizia linguistikaren aldekoak etsai asko eta oso ahaldunak.
Kontua euskara denean, euskaldun euskaltzaleak dira operatiboak. EHE bezalako talde baten egitekoa al da independentzia eskatzea? Beno, beharrezkoa da, baina kasu horretan tresna gisa behar litzateke, ez helburu nagusi gisa. Eta eulituak gara, jadanik entzuna baitugu euskara oztopoa datekeela “nazioa” osatzeko orduan. Hori ez ote da likidazionismo linguistikoa?
Nik uste aldarrikapen goitiarrak baino elkarlan behitiarra behar oraingoan duela euskerak.
Hots, euskaltzale guztiok (dela independentista, ez- indepen., edota eszeptiko nahiz aseptiko), elkarren artean euskera sustatzeko programa minimo bat aurkeztu, “ekimen praktiko herrikoi eta askeak”, Benatek dioen bezala, eta “intersekkzionalismoz”, hau da, desio duten guztiei dei eginda.
Beraz, estrategia eta pausoak zehatz-mehatz erabaki, adierazi, sektore aktiboei aurkeztu eta praktikara eraman, tronpetariek “Jericó hiriari zazpigarren bira eman baino lehen” (nire errana “Erraldoia oinutsik” artikuluan.
Hor diodana da Kulturgintza Plan bati ekin beharra, euskerara motibazioa pizteko eta gizarte-sektore aski zabalera heldu ahal izateko.
Proposamen zehatz batzuk egiten ditut, eta proposamen gehiago aurkeztea komeni dela.
Ez ahal duzue uste, lagunok?
Euskaltzalea eta independentista naiz. Baina, bai euskal herri euskalduna, bai independentzia lortzea nahiko zail ikusten dut (eta baikorra izaten saiatzen ari naiz).
Independentziak euskalduntzea erraztuko luke (ez bermatu) eta euskalduntzeak independentzia erraztuko luke (ez bermatu), baina aldertziz, independentziaren esijentziak euskalduntzea ahultzen du eta euskalduntzearen esijentziak indenpendentziarako bidea zailtzen du.
Bittorrek dion bezala, borroka bakoitzak ahalik eta indar metatzerik handienak bilatu behar ditu eraginkorra izango bada. Izan badira, independentista ez diren euskalzaleak, eta, izan badira, euskalzaleak ez diren independentistak. Esparru bakoitzak bere aldetik jardunik, bata lortzeko aukerak areagotzen dira, eta, ondorioz, bestea lortzekoak ere.
Gai gara herriko/auzoko jaiak gugandik ezberdinak direnekin antolatzeko, gai gara gure kirol taldea ezberdin direnekin batera animatzeko, zergatik ez gara gai bizitzaren arlo gehienetan natural egiten dugun hori politikan egiteko?
Politika dogmatizatzeari utzi eta buru gehiagorekin aritzeko garaia da.
Guztiz ados MIE delakoarekin?
Oraindik ez diat ulertzen zergatik ezkutatzea akronimoen atzean (robotekin nabilen inpresioa zeukeat).
Orduan, EUSKERAREN ETORKIZUNAZ IRADOKIZUN KONKRETURIK?
Poztu naiz azken iruzkinak irakurrita, eta asko guztatu zait delako MIEk dioenean: “euskalduntzeak independentzia erraztuko luke”.
Aspaldi dakite hori Madrilen eta Parisen. Aspalditik eraso digute. Euskalduntze pauso bakoitza dugu ahalduntze pauso. Degiogun horri!
Artikulun honetan baita iruzkinetan ere ideia eta gogoeta interesgarriak leitu ditut.
Orai, Josuren azken galdera honi erantzuteko (nahiz ezdakitan MEIri edo denoi pausatua den?) ausartuko nuke berproposatzera duela zenbait urte hemen bertan eztabaidatu ginuen ( ez aski) euskal kibutzaren hipotesia.
Ideia konkreturik baldinda, hau bai konkretua da baina ez denen gustukoa ordea!
Gure erosotasuna kordokatzen dugun guzia hastiatzen dugu eta.
Alta badakigu gauden egoera sozio politikoetan, euskal komunitateak ezin duela erresistitu baizik, agonia luzatu baizik. Egoera aski fite aldatzea, hots independentzia lortzea oso zaila da eta gainera askok arrazoiz erran duten bezala horrek ez luke automatikoki segurtatuko euskal komunitatearen biziraupena ezta bere oinarrizko ezaugarria den euskararena ere.
Kinka honetan askori erridikulua litzaiekeen euskal kibutzaren ideia ez aztertu nahi izaitea erridikulua deritzot, marka txarra.
Duela berrogei urte behintzat Lezo abertzale erromantiko eta ekintzaile harrigarri horrek, oraindik gu bezala burgestu ez zenak argi ikusi zuen aterabide gabeko zilo txar batean ehortziak ginela eta pentsatu zuen Mexikoari ugarte bat erostea euskal komunitatea han bizi arazteko.
Perilean eta halere bizi nahi zuten populu askok horrelako soluzioak esperimentatu dute eta batzutan ongi kausitu ere.
Nabari da ez dugula komunitate guzia estruktura horietan sartuko, ez behar ere. Gainera kausitzeko ezinbesteko laguntza beharko du kanpotik.
Baina izan litzateke euskal erresistentziaren punta. lan modu zahar-berriak eraiki gizarte solidarioagoa esperimentatzeko, euskara eta kultura intentsiboki aztertu eta pratikatu, filosofia bat humanista hausnartu, errelebaren belaunaldi berriak sorrarazi eta hazi eta Eginkizuna erraldoia da araiz eta diferentziekin estruktura batetik bestera parte hartzaileen sentsibilitateen arabera. Baina antzeko helburu batekin. Euskal komunitatearen biziraupenean aktiboki parte hartu eta denbora berean independentzia bat preparatu eta lortu arte.
Lehenik egin behar ginuke egundaino egin izan diren eta oraindik antzeko esperientziak. Segur nago badaudela.
Benat,
Baiki, euskal komunitatearen biziraupenerako KIBUTZAZIOA izan daiteke irtenbideetariko bat.
Baina horietara zenbat eta EUSKALTZALE GEHIAGO BILDU, hainbat hobeto.
Jende gehiago bil gaitezen, ahalegin serio bat egin behar genukeela uste dut KULTURGINTZA SAIO BATI hasiera emanez (gure Jeriko inguruan biraka dabilen tronpeteriak zazpigarren buelta eman beino lehen).
ERRALDOIA OINUTSIKen proposatzen den moduan edo beste modu batez, baina lehenik eta behin programa zehatz bat diseinatuz eta aurkeztuz oraindik aktibo dauden euskal sektoreei.
Horretarako prest naukazue lehen lerrorako.
Zer Josu ez zara izitzen gehienak “kibutz” hitza entzutean? gainera “kibutzazio” hitza asmatzen duzu? bukatzeko atorra bustitzeko prest?
Ados programaz gogoetatzeko eta horrekin batera filosofiaz. Horretarako idealena litzateke adin desberdinetako parte hartzailez osarturiko taldea. Gazterik gabe ezingo dugu ildo luzerik egin.
Uste dut ulertzen zaitudala baina gehiago ezplizita zinezake nola ikusten duzun “kulturgintza saio” hori?
Anartean, aipatzen duzunez “erraldoia oinutsik” irakurriko dut istante.