Panorama honekin baikor egotea zaila da

Panorama honekin baikor egotea zaila da

Urtebete egingo du gripe kutsakor batek gure bizitza danbateko batez eten eta etxera bidali gintuenetik. Hasieran, denak ziren memeak, bideo deiak, balkoiko DJ berriak, eta auzokoen arteko zumba eta bingo txapelketak. Baina urtebete pasa den honetan, normaltasun berriak ez du uste genuenaren antzik.

Pandemia luzea eta neketsua egiten ari da, eta udan bizi genuen irudikeria hori neguaren hotzarekin batera arindu ezineko zama pisutsua bihurtu da. Berriak ez dira inoiz onak, etorkizuna lausotu zaigu eta badirudi, inoiz amaituko ez den tunel batean murgilduta gaudela.

Konturatzerako, urtebete atzera begiratu eta denak berdin jarraitzen du. Gure herrietan poliziaren presentzia jasangaitza dugu oraindik, gazteen portaerak kriminalizatzen dira eta harremantzeko askatasuna berreskuratu ezinik gabiltza. Honi guztiari, hainbeste espero genuen txertaketa prozesuan irregulartasunak daudela gehitzen badiogu, panorama honekin baikor egotea zaila da. Kaleak isilik eta goibel daude eta orokorrean guztiok freskotasuna galdu dugula nabari da. Hainbeste zaindu beharreko osasuna mantentzen gabiltza baina pixkanaka-pixkanaka, bada galtzen gauden eta ezinbestean zaindu behar dugun beste osasun mota bat, isilpekoa, askotan aipatu ere egiten ez dena: osasun mentala.

Meme, bideo, DJ eta abarrik gabe, oro har, gaizki, triste eta bakarrik sentitzen hasi garelako. Musuko azpian kezka aurpegiak ezkutatzen  dira, bestetan antsietateak hartuta eta batzuei depresioa azaleratu zaie dagoeneko. Izan ere, datuek hala diote, eta azken urtean osasun mentalari egozten zaizkion gaixotasunen kasuek gora egin dute.

Panorama honekin baikor egotea zaila da

Egoera honetara nola iritsi garen erraz deduzitu daiteke. Lan produktiboa gure bizitzaren erdigune bihurtzeak eragin handia izan baitu. Eta pandemia aurretik egiten genuen lan berdina egiten da (kasu onenean, lana duenak, noski), baina lanak sortzen dituen tentsioak askatzeko espazioak desagertu dira.

Sistema kapitalista zer da ba, dirua sortu dirua kontsumoaren ongizatean gastatzea, bada orain, ongizate hori zeharo galdu dugu. Ez dugu aisialdirik ez, eta gainera, harremantzeko askatasunik gabe ez dugu gure denbora librea norekin konpartitu errudun edo erantzule sentitu gabe. Gure bizitzak prebentzio neurrien kumulu bat bihurtu ditugu eta horretara ohitzen ari garen heinean, gure barruan dugun erresistentzia hori itzaltzen ari da, eta berekin, gure bizitzak ere. “Hau da orain tokatzen zaiguna” pentsatuko dute askok, baina urtebete horrela daramana, senideak ikusi ezin dituena, negozioa galdu duena, laguntzak iristen ez zaizkiona, zabor kontratuen ondorio ERTE-a kobratuko ez duenari egoera gehiegi luzatzen ari zaio.

Panorama honekin baikor egotea zaila da, horregatik, inoiz baina gehiago zaindu behar da gure bizitzari bakea, lasaitasuna eta oreka ematen dion osasun mentala.

Panorama honekin baikor egotea zaila

Zer duzu buruan “Panorama honekin baikor egotea zaila da”-ri buruz

  • Bai.
    Gero eta zailago daukagu gure osasun fisikoa nahiz mentala zaintzea… ezpada ze… izokina (Salmo sp.) bezala ez badugu egiten.

    Egin kontu ibaiak, bere etengabeko korrontez itsasora garamatzala erremediorik gabe. Gainera, ur-jauzi eta guzti tarteka-marteka.

    Izokinak argi dauka bere helburua (ibaiburuan errutea) eta ikustekoa da nola egiten duen ibaian gora, ur-jauziak ere gaindituz.
    Gure osasun mentala zaintzeko modu bat litzateke hura bezala jokatzea: izokinaren politika.

    Egoerari aurre egitea, bakoitzak bere ahalean.
    Ea egoera hau zerk eragiten duen galdetuz, zer den birtuala edo enganagarria, eta zer den erreala argituz, gure agintari itsuei erantzukinak edota dimisioa galdatuz. … berriro ere…
    IZOKINAREN POLITIKA