Arratsaldeko mutila
Arratsaldeko mutila –
Lankideekin erausian, lantokiko bertze lankide bati “arratsaldeko mutila” deitu diogu, inork ez baitu haren izena gogoratzen. Berehala ohartu gara izendapen hori, arratsaldeko mutila alegia, ipuin baten abiapuntua edo poema baten izenburua izan litekeela –bidenabarkoan erranda, ez zaigu anitz kostatu erabakitzea zein poetak aterako liokeen zukua hobekien titulu horri–.
Arratsaldeko mutila izan daiteke, administraziora tramite bat egitera joaten garelarik, hartu eta beharbada irribarre ñimiño bat eskainiko digula espero dugun hori, irribarrearen itxaropenak egin beharreko izapidea aitzakia bihurtzeraino; edo, liburudenda batean, kobratu diezagun ematen diogun liburua batez ere haren arreta erakartzeko asmoz hautatu dugula ohartzen ez den hori da arratsaldekoomutila. Diskretuki eta sekretuki miresten duguna da arratsaldekoomutila. Arratsaldeko mutilak, une batez, Thomas Mann bihurtzen gaitu, Suitzako hotel batean, zerbitzari haren Bavariako azentu deliziosa aditu nahian.
Arratsaldeko mutilarena pandemiak debekatu ez digun plazer horietarik bat. Nik aspalditik praktikatzen nuen –tira, nire heterosexualitateak eskatzen dituen egokitzapen guziak eginda, ez naiz astelehen buruzuri batean armairutik ateratzen ari–, pandemia hasi baino aise lehenagotik. Horrela, jende franko musu eta besarkada faltagatik kexaka ari den honetan, nik ez dut kasik aldaketarik sumatu, fantasiatik segitzen baitut bizitzen. Hori ona edo txarra ote den bertze egun batean erabakitzeko utziko dugu.
Arratsaldeko mutila
[Joan den igandean, hiru testu prestatu nituen Euskalerria Irratiko asteleheneroko kolaboraziorako. Bat irratian irakurri nuen; bigarrena, atzo goizean argitaratu nuen; hauxe da hirugarrena]