Eremu goriak
Eremu goriak –
Maite Berriozabal Berrizbeitik Bizkaiko Hitzan.
Eremu gorriak gorabehera, eremu goriak lehenetsi nahi dituela pentsatu du erdi irribarrez. Espero bako ausardiaz iradoki dio idatzitakoa alboratu eta aurrez aurre elkartzeko aukera.
Deskribapenean ez du gauza askorik jartzen, baina euskaraz idatzitako pare bat lerro nahikoa izan dira harekin hitz egiten hasteko. Nahiago luke argazkia balu, baina ez dauka. Alonsotegin bizi dela eta alaba biren aita dela esan dio. Gipuzkeraz idazten duela ohartu da, eta arraroa iruditu zaio. Kuriositatea eragin dio idazkerak, eta, zuzenegia izateko beldurrez, ea bizitza guztia Alonsotegin daraman galdetu dio. Ezetz erantzun dio Gontzalek, banatu aurretik hogei urtez bizi izan zela Arrigorriagan. Hizkerarena argitzeko zeharkako estrategiak kale egin diola ohartu da, eta Gontzalek beste gai bati ekin dio.
Modu zuzenean galdetu dio Gontzalek Mertxeri aplikaziora zeren bila sartu den. Hasiera batean lehorra iruditu zaio galdera; jende berria ezagutu nahi duela erantzun dio, galtzeko ezer ez duenak sentitzen duen askatasunarekin. Esaldia berriz irakurri ahala gorritu zaizkio masailak; galdera lehorrari erantzun ximela eman diola pentsatu du. Isiltasuna sumatu du une batez; Gontzalek ez dio berak nahi beste azkar erantzun, eta pantailara begira gelditu da, zain. Esan nahiko lioke beste norbaiten gorputzaren forma duen sofa okupatu nahiko lukeela tarteka, inoren ohean kulero barik lo egin, eztabaida diruditen elkarrizketa kitzikagarrietan ardoa edan…
Itxaronaldiaren ostean, berak ere jende berria ezagutu nahi duela esan dio Gontzalek. Originaltasun eta zintzotasun erakustaldi horri bazter eginez, Mertxek alabez galdetu dio. Nagusienak liburutegian egiten omen du lan aspalditik, eta gazteenak jatetxe bat zabaldu ei zuen duela pare bat urte beste lagun batekin. Ostalaritzaren egoera gogorraz aritu dira, nekatuta eta estu dabiltzala neurri murriztaileen kontura, baina momentuz behintzat aurrera jarraitzen dutela jatetxearekin. Berari semeaz galdetu izan balio ez zukeen jakingo zer esan, nondik hasi azaltzen distantziaren zergatia, nola esan ez dela nahi beste akordatzen berarekin…
Zorionez, ez dio bere semeaz galdetu. Konturatzerako, ordubete daramate hizketan, eta Mertxek argazkiaz galdetu dio. Berak ere zalantza asko izan zituen argazkia jarri edo ez jarri, baina azkenean Urkiolara egindako azken txangoan ateratako selfie-a jartzea erabaki zuen. Gontzalek lotsa argudiatu du, anonimotasuna, ziurtasunik eza… Umorez erantzun dio Mertxek badirela orain zimurrak leundu, begiak handitu edota ilea iluntzen duten aplikazioak. Abisatu barik bidali dio Gontzalek bere argazki bat. Mertxek eskerrak eman dizkio. Ez dio berari esan, baina oso erakargarria iruditu zaio bere hasiera bateko edertasunik eza.
Bat-batean Gontzal aurrez aurre ezagutzeko gogoa piztu zaio. Eremu gorriak gorabehera eremu goriak lehenetsi nahi dituela pentsatu du erdi irribarrez. Espero bako ausardiaz iradoki dio idatzizkoa alboratu eta aurrez aurre elkartzeko aukera. Gontzalek ez du ezetzik esan hasieran, eta gero baietz esan dio bi edo hiru bider. Noiz eta non elkartu bihar zehaztuko dutela erabaki dute, eta Mertxe irribarrez eseri da ohearen ertzean. Beste horren gorputzaren perimetroan kabitzen asmatuko duela esan dio bere buruari, eta gaurkoz bere mugak arakatzeari ekin dio.