Diputazioa, indio-hizkeraz
Diputazioa, indio-hizkeraz –
Amatiñok, bere blogean.
Egia esan, ez dakit Ipar Ameriketako indioek nola hitzegiten zuten ingelesez XIX. mendean, baina far westeko filmak saiatu zirenez erakusten, infinitiboz eta preposiziorik gabe konpontzen omen ziren. Ez da harritzekoa. Besteak beste, ekonomia bide da, menderatzen ez den hizkuntzaz baliatzeko orduan, errezetarik errazena.
Mutikoa nintzela (1959?) bazen auzoan gure etxera maiz etorri ohi zen ehiztari erdalduna, dozena erdiren bat txakur zituena eta, denak gobernatzeko, inguruko baserritar bati horrenbesteko bat ematen ziona, hilero. Eibarko semea izan arren, gure baserritarrak ez zekien askorik gaztelaniaz, eta behin joan omen zen ehiztariaren etxera, urduri samar edo, esaten: “Muertos va-ber eh… muertos va-ber!”
Nonbait, ehiztariak ahaztu egin zuen hilerokoa ematea, eta txakur-zaintzailea ate-joka joan zitzaion gogoratuz, dirurik ezean ezin izango zuela txakurrentzako jatekorik erosi, eta janaririk ezean, txakurrak goserik hilko zirela. Ehiztariak gertaera hura kontatu izaten zuen aukeran zetorkion bakoitzean. Ez zuen sekula pentsatu baserritar ezjakinak, berak euskaraz baino dezente gehiago zekiela gaztelaniaz.
Hogei urte geroago, 1979an, Bizkaiko Diputazioak Errontegiko zubia inauguratu zuen, eta Jose Mari Makua Diputatu Nagusiak harro asko esan omen zuen honelako zerbait: “Esta infraestructura viene a dar respuesta a los desafíos con los que se va a enfrentar la necesaria modernización de Bizkaia, y unirá por primera vez ambas márgenes de la Ría, sin tener que pasar por el centro de Bilbao”. Herri Irratiak galdetu zion euskaraz ere esango ote zukeen eta, Ahaldun Nagusiak, borondaterik onenaz: “Ba… horixe… egin dogula… zubi haundia eta ederra izango dala… Bilboraino joan behar barik”. Anekdota, Arantxa Urretabizkaiari entzun nion orain dela hogeitaka urte.
.
Gipuzkoako Diputazioaren txanda
Garaian garaikoa, bart izotzak gogotik jo duela-eta, Gipuzkoako Diputazioaren arduradunek ohar hau jarri dute, gaur bertan, autopistaren sarrerako pantaila elektronikoan:
Gaztelaniaz: PAVIMENTO DESLIZANTE POR HIELO
Euskaraz: ZOLA LABAINA IZOTZA
Seguru, gero, biak mintzo direla egoera berberaz, eta, zalantzarik gabe, biak direla ulergarriak. Baina, zehatz-mehatz, ohar berdinak ote?
Gaztelaniazkoa ondo baldin badago, zergatik euskaraz ez du adierazten: IZOTZEZ, IZOTZAGATIK, IZOTZA DELA-ETA edo dena delakoa?
Eta euskarazkoa bada ondo dagoena, zergatik ez gaztelaniaz jarri: PAVIMENTO DESLIZANTE HIELO eta kitto?
Ala… “indio-hizkera” gorde ote dugu, berriro ere, euskararentzat?