Traduttore, traditore

Traduttore, traditore –

Joxe Rojasek sarean.eus atarian.

2020 arraro honi alde onak bilatzen hasita, euskarak hizkuntz teknologietan irabazi duen lekua izan daiteke albiste on horietako bat. Itzultzaile automatikoak asko hobetu dira/dizkigute, esaterako, eta hor ditugu Eusko Jaurlaritzak, Elhuyarrek eta Vicomtechek sortutako adibide publikoak adibidez (pentsatzen jarrita, beharbada 2019koak dira, baina tira, barkatuko didazue lizentzia espazio-tenporala…). Ahozko euskararen ezagutza eta transkripzio automatikoan ere aurrerapauso handiak izan dira, Aditu bezalako produktu komertzialak ateratzeraino. Eta bestelako funtzioak ere oso azkar aurreratzen ari dira, adimen artifizialaren laguntzari esker, antza.

Hori, noski, albiste izugarri ona da eta erabat pozgarria da ‘kaleko’ norbanako euskaldun -eta beharbada ez-hain-euskaldunentzat. Hizkuntza errazago ulertu edota erabiltzeko makulu berriak agertzea beti da albiste ona… Baina litekeena da bere ifrentzu iluna ere ekartzea.

Euskara makinentzat ulertezin edo ulergaitza izan den bitartean, alor digitalean ere hizkuntza izan dugu euskaldunok gure territorio libre bakarra. Horrek, besteak beste, eta paradoxikoa eman badezake ere, maila handiko askatasuna eman digu, adibidez, sarera begirako produktu edota eduki kulturalak geuretik, hizkuntz komunitatearen edo sortzaile bakoitzaren interes propiotik sortzeko. Gutxi-asko, eta beste hizkuntza batzuetan ez bezala, orain arte sarean euskaraz topa daitekeena euskaldunok euskaldunontzat sortutako edukiak izan dira.

Baina, ai, zer gertatuko da hizkuntz teknologiek aurreratzen jarraitu eta, halako batean, euskara hizkuntza gisa ‘garden’ bihurtzen badute gure inguruko gailuentzat? Lehen arrasto batzuk sumatzen hasia dira azken hilabeteotan. Eta kezkagarriak ez dakit, baina pentsatu lasai bat emateko modukoak behintzat badira.

Traduttore, traditore

Pentsa dezagun interneteko nabigazioan: nabigatzaileen artean nagusiena den Chromek, adibidez, defektuz zure gailua konfiguratuta dagoen hizkuntzara itzultzen ditu bisitatzen dituzun webguneen edukiak. Hizkuntz teknologiak oro har, eta euskararen bueltakoak zehazki, apurtxo bat gehiago hobetzen direnean, iritsiko da une bat non berdin dion irakurtzen ari zaren testu hau zer hizkuntzatan idatzi den; nabigatzaileak, galdetu eta sarritan abisatu ere egin gabe, bisitariko gailuaren hizkuntzara itzuliko baitu zuzenean. Iritsiko da une bat non internauta erdaldun bat sarean.eus atariko edukiak goitik behera irakurri ahalko dituen, jakin gabe ere jatorriz zer hizkuntzatan idatzita dauden.

Ez pentsa hau zientzia-fikzioa denik. Gaur-gaurkoz jadanik gertatzen ari da. Google Chromek bezala, Facebook bezalako zerbitzu batzuek ere erabaki dute itzulpen automatikoa aplikatzea erabiltzailearen konfigurazioaren arabera. Oraingoz, multinazionalen itzulpen automatikoak dezente kaskarragoak dira bertan sortutako itzultzaile neuronalenak baino, eta gehienetan oso nabarmen geratzen dira. Baina hala ere, dagoeneko gertatu da behin baino gehiagotan, irakurle erdaldunak haserre deitzea euskarako komunikabideen erredakzioetara, erabat asaldatuta publikatutako edukien erdara eskasa dela eta. Durangaldeko Anboton eta Goierriko Hitzan izan ditugu adibideak duela aste gutxi batzuk.

Kasu hauek oraindik anekdota barregarriak besterik ez dira, hain zuzen ere, itzulpen automatiko horien teknologia ez dagoelako oso aurreratuta. Baina teknikak hobetzen direnean (eta oso azkar hobetuko dira, zalantzarik gabe), zer gertatuko da hamar urte barru?

Gauzak doazen erritmoan, hemendik ez oso gutxira iritsiko da une bat, edozein hizkuntzatan sortutako eduki bat txukun, azkar eta erabiltzailearen parte hartzerik gabe euskaratuta jaso daitekeena; eta, aldi berean, euskaraz sortutakoa edozein hizkuntzatan -eta bereziki gaztelaniaz, frantsesez edota ingelesez- jaso daitekeena norberak ezer egin gabe. Hizkuntzaren aldagaia lehen planotik desagertzeak nola eragingo dio, adibidez, komunikabideen ekosistemari? Zer ondorio izango du euskaraz sortutako edukiak ahaleginik egin gabe zuzenean erdaraz kontsumitu ahal izateak? Eta erdaraz sortutakoak euskaraz jasotzeak?

Uste dut eztabaida eta gogoeta pausatua behar duela gaiak. Pausatua baina aldi berean urgentea, gainera, zerbait erabaki orduko arazoa etxekoa atarian joka izan nahi ez badugu behintzat…

Traduttore, traditore  Traduttore, traditore

 

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.