Duela 500 urteko maitasun hitzak

Duela 500 urteko maitasun hitzak –

Amagoia Gurrutxaga Urangak Berria egunkarian.

Ezagutzen den euskarazko lehen testu lirikoa izan daitekeena aurkitu dute Oñatin, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan. Eskuizkribu anonimoa da, eta 1508. eta 1521. urteen artean idatzia dela uste dute hura ikertzen ari diren adituek.

Duela 500 urteko maitasun hitzakMiguel Ibañez Insausti eskribauaren protokolo batean aurkitu zituen hitzok Aierbek; zehazki, 1503 eta 1522 bitarteko notario eskrituretan, eta uste da testuaren egilea Insaustirenean lan egin zuen eskribautzarako ikasle bat izan daitekeela. Datari dagokionez, idazketa motak eta letra berarekin datatu eta idatzitako beste dokumentu askoren presentzia ikusita, 1508 eta 1521 artean idatzi zela ondorioztatu dute ikerlariek, behin-behinean. Hori da agiriaren inguruko gakoetako bat: behin-behinekoak dira orain arteko interpretazioak.

.

Zailtasunak eta balioa

Testua bera idazketa proba moduko bat da, eta euskarazko esaldiak gaztelaniazko testu batek uzten dituen zirrikituen artean idatzita daude, orrialde baten ertzetan eta hitz artean. Agiria digitalizatuta eta Gipuzkoako Artxiboen Atariaren bidez kontsultagarri egon da urteetan, baina oharkabean pasatu da orain arte.

Ander Ros filologoak jakinarazi duenez —berak egin du eskuizkribuaren interpretazioa—, zailtasun handiak izan dituzte testua irakurtzeko. Euskarria bera, papera, apurtuta zegoen ertz batean; tintar ezberdinak zeuden gainera, ezabatuta eta bata bestearen gainean erabilita; tinta korritua ere bai. «Azkenean, hiruzpalau hitz geratu zaizkigu ezin irakurrita, baina lortu dugu gehien-gehiena irakurtzea». Irakurtzen hasi zirenean, gutun baten aurrean zeudela uste izan zuten, baina ez. «Poema bat da, eta beste baten lehen lerroa ere badago. Gero, hori tatxatu, eta bigarren batekin hasi zen».

Oñatin aurkitutakoak «euskaraz gorde diren poema zaharrenak» dira, Rosen arabera. «Horrek ez du esan nahi idatzi diren lehenak direnik. Ondo ikusten da honen aurretik bazegoela tradizio luzea. Egile ezezagunak orduko lirikako ereduak baliatzen ditu».

Hizkuntza aldetik ere, finkatu samar dagoela ikusten da poeman, «eta horrek esan nahi du tradizioa zegoela euskaraz idazten; izan poemak, izan bestelako testuak». Dialektologiaren aldetik, lehendik jakinekoa zena berresten du testuak: bizkaiera eta gipuzkera egun mendebaldeko eta erdialdeko dialektoak deitzen direnak orain baino askoz hurbilago zeudela; bien arteko muga askoz lausoagoa zela. Eta ezagutzen ez ziren pare bat hitz, ondo ulertzen ez diren bakarren batzuk eta ezohiko erabilera ematen zaien besteren batzuk ere badira lerrootan. Hala ere, testuaren ikerketa ez da hasi besterik egin, filologoaren ustez. Gipuzkera arkaikoari buruz, esaterako, argi dezente eman dezakeela deritzo.

Donostian aurkeztu dute Oñatin aurkitutako eskuizkribua, Koldo Mitxelena liburutegiko ikasketa gelan. Ros filologoaren ondoan izan dira Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Harkaitz Millan Kultura diputatua, eta aurkikuntzak garrantzi handia duela nabarmendu dute denek, XVI. mende hasierako euskarazko testu oso gutxi ezagutzen delako eta mikrotestuak direlako gaur egun arte iritsi diren ia guztiak. Hala, Oñatin agerturikoa euskararen historia osoko gutxieneko luzerako hirugarren edo laugarren testu zaharrena litzateke, 1416ko Matxin Zalbaren gutun elebidunaren eta 1425eko Pater noster txikiaren atzetik, 1509ko Uitziko ezkontza fedearen garai bertsukoa.

Agiriari buruzko xehetasun gehiago Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoaren web orrian dago ikusgai, interesa duen ororen eskura: agiriaren argazki oso zehatzak, poemen testuaren berritze digitala, lehen transkripzioa eta interpretazioa, bertsoak sortu zireneko giroaren azterketa eta azterketa paleografikoa. Eskuizkribua Donostian egongo da ikusgai datozen bi asteetan, Koldo Mitxelena kulturuneko sarreran.

«Ene laztan gozo ederra / penaz penaçen naçu…». Hala hasten da Azkoitiko (Gipuzkoa) XVI. mendearen hasierako notario protokolo batean aurkitu duten euskarazko testu anonimoa. Rosa Aierbe doktoreak aurkitu zuen, hain zuzen ere, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan, Oñatin, ikerketa bat egiten ari zela, eta baita artxibategiko arduradunei jakinarazi ere. Hortik aurrera, eta Ramon Martin zuzendaria buru zutela, artxibategiko lantalde osoa murgildu da agiriaren prestaketan eta azterketan, Iago Irijoa historialariaren laguntzarekin -berak egin du testuaren behin-behineko lehen transkripzioa-.

Duela 500 urteko maitasun hitzak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.