Zer gertatzen ari da Zaballan?
Zer gertatzen ari da Zaballan? –
Badaude iraungitzen ez diren titular batzuk, solte ikusiz gero atzo goizekoak edo duela 40 urtekoa diren asmatu ezinda geratzen zaren horietakoak: “Soldadu israeldarrek gazte palestinar bat hil dute”, “Iberdrolak irabaziak izan ditu aurten”, edota, gaurkora etorrita, “Zaballako kartzelan preso bat hil da”.
Bost preso hil dira aurten espetxe arabarrean. Iaz ere bai, beste bost.
- Azkena emakume bat, patologia larriak diagnostikatuta zeuzkana.
- Urriaren 1ean 35 urteko gizonezkoa, ziegan aurkitu zuten gorpua.
- Irailaren 22an 32 urteko gizonezko bat hil zen.
- Uztailaren 17an 23 urteko gizonezko bat agertu zen hilik bere ziegan.
- Apirilaren 7an preso bat ospitalean hil zen.
Salhaketa elkarteak Iruñeko kartzelan beste bi lagun hil zirela eman zuen jakitera duela hilabete, eta horiei Martutenen hildako biak eta Baionakoa gehitzen badizkiogu, orotara hamar dira aurten Euskal Herriko espetxeetan hildako presoak. Horien erdia, beraz, Zaballan.
Zer gertatzen ari da Euskal Herriko espetxeetan? Zer gertatzen ari da Zaballan? Hildako bakoitza kasu solte eta isolatu bezala saldu nahi izaten da, baina hildako askok joera bat islatzen dute, kausa bat. Zaballako preso batek gutun anonimo bat bidali du duela gutxi Salhaketara, espetxean etengabe bizi dituzten neurri iraingarri eta krudelak salatzeko. Osasun-krisi honetan presoek sufritutako neurri zorrotzak eta etengabeko irregulartasunak azpimarratzen ditu bereziki.
– Martxotik iraila bitarte ezinbestekoa den arreta jaso gabe egon dira: medikuak, psikologoak, hezitzaileak, langile sozialak eta beste.
– Familiekin kontaktu fisikoa izateko aukera oro kendu zaie, eta horrek kasu askotan eragin duena bikote harremanak bertan behera geratzea edota familiarekiko lotura hoztea izan da. Edozein pertsonarentzat hori gogorra bada, are gehiago preso batentzat. Ondorioak larriak izan dira: suizidioak, suizidio saiakerak, erasoak, medikamentu kontsumoaren igoera…
– Gartzelatik irten (epaiketak, mediku kontsultak, hiletak…) eta itzultzen diren bakoitzean 11-14 egunez isolatzen dituzte, 12m²-tako ziegan. Kanpoko patioak 1800m² dauzka eta segurtasun distantziak mantendu ahalko lirate inongo arazorik gabe.
– Kalean, gutxiago edo gehiago, gure artean harremandu ahal izan gara. Justuki isolatuenak daudenak are gehiago isolatu dituzte.
– Janari errazioa zeharo eskasa da, eta ez baduzu ekonomatoan elikagaiak erosteko dirurik gosea pasatzen duzu.
– Pertsona fisikoki hondatzen da mugimendu faltagatik, eta psikikoki gartzelak ezartzen duen presioarengatik.
– Presoak negozio ekonomiko galanta dira batzuentzat, soldata ugari daude eta dirua sortzen da, eta interes ekonomikoak daude presoak ahalik eta denbora luzeena gatibu mantentzeko.
Hori guztia eta gehiago da, beraz, Zaballan gertatzen dena. Gai asko daude zintzilik: presoekiko giza tratua, kartzela eredua, pandemiaren trataera harresien barrualdean, kartzelen transferentzia Jaurlaritzari, krimen baten erroan dauden arazoak gizartean tajuz lantzea…
Izugarrizko krisi ekonomiko baten atarian gaude, eta gizartean pobrezia gorria inoiz ez bezala ikusiko dugu hurrengo urteetan. Gutxien zeukatenek gutxiago izango dute, eta asko zeukaten gutxi horiek are gehiago izango dute… piramidearen puntan dauden faraoiak kenduta, gizarteko klase sozial guztiek egingo dituzte eskailera batzuk beheruntz. Ostalaritza, aeronautika, automozioa… eta abar luze bat hondoa jotzen ari dira, eta horrek animaleko eragina izango du: langabezia eta lan prekarioa areagotu egingo dira.
Aberatsek lapurtzen dute, justuki horregatik dira aberats; baina jende xeheak miseriari hortzak ikusitakoan hasten da lapurretan. Azken talde hau ugaritu egingo da datorren (edo jada etorri den) testuinguruan, eta azken talde honetako jendeak amaitzen du gartzelan. “Gaizkileei” egurra eman behar zaiela aldarrikatzen duten askok sentituko dute haien azalean, eta agian berandu baino lehen, legea hausteko behar gorria. Egun horretan ispilura begiratu eta zer ikusten duten jakin nahiko nuke.