Borondatezkoa eta derrigorrezkoa

Borondatezkoa eta derrigorrezkoa –

Euskalduntze edo berreuskalduntzearen txaluparen masta nagusian, borondatearen bandera dugu ezarria azken hogeitaka urteetan. Haren azpian, aldiz, gaztelaniaren derrigortasuna dugu ongi itsatsia EAEn, eta Nafarroan. Jakina, horrela ezin aurrera eginik dabilkigu txalupa: borondatez aurrera egiten hasi orduko, artean irabazitakoa finkatu gabe dugula, derrigortasunaren gilak galgatzen eta hondartzen baitigu aurreratutako bidea.

Borondatezkoa eta derrigorrezkoaBaina gaztelaniaren derrigortasunaren oinarria -Hego Euskal Herriko herritarretatik %34,55ek baino ez zioten oniritzia eman Espainiako Konstituzioari 1978an. Abstentzioa %51,21ekoa izan zen. 3. artikulua: ”El castellano es la lengua española oficial del Estado. Todos los españoles tienen el deber de conocerla y el derecho a usarla”-, eta euskararen borondatezkoarena ez dizkigute ukitu ere egin nahi aginte politiko-ekonomikoa eskuetan dutenek, eta, gainera, egoera hori legitimatzeko behin eta berriz entzun beharra dugu nazionalisten eskutik, bi hizkuntzak geureak ditugula: azken berrehun urtean bereziki, bortxaz eta mespretxuz eta irainez ezarri digutena, eta geurea.

Ahozkora mugatzen den Euskaraldia idatzira luzatu asmoz, Joxe Manuel Odriozolaren Euskalgintzaren lekukoak (Elkar. 2004) liburu bikaina berrirakurtzeari ekin diot, eta atal ezin utzi honekin egin dut topo: “Hizkuntza-hertsapena”:

Euskararen berreskurapenean hertsapenaren edo koakzioaren gaia planteatzen dugunean, zentzu demokratiko sakona duen jendeak ez du aditu ere egin nahi izaten behartu edo derrigortu adizkirik. Askatasun osoan burutu behar dugu beraz eginkizun hori, bestela laster gogoraraziko dizute frankismoaren garai beltza. Ez dezagun, otoi, inor ezertara hertsatu; euskara ez da nonbait gainerako mintzairen antzekoa, gizarte-elkarreraginetan ainguraturik bizi dena; aitzitik, gizarte-izaeraz gaindi hegaldaturik, metafisikaren goi-hatsetan bizi da. Tira, bada.

Goazen ustezko askatasunaren bila hizkuntza-harremanen paradisura: “Me gustaría ser vasco -Joseba Arregi ari zaigu- sin que tampoco nadie me lo imponga desde fuera, como en su día me lo impuso Franco, obligándome a una lealtad para conmigo mismo y para con unos elementos culturales que formaban parte de mi personalidad. Me gustaría poder utilizar el euskera cuando lo crea conveniente, cuando quiera hacerlo, en las relaciones que me apetezca, siempre que también lo quieran aquellos con los que quisiera comunicarme en relación personal. No me gustaría que nadie me obligara a utilizar el euskera, ni que nadie me lo impidiera” (Joseba Arregi: “Deseos para el 96”. Diario Vasco. 1996/1/6.)

Merezi du aipu hori birritan irakurtzea, bestela posible baita eskapatzea Joseba Arregik dioela Francok “euskara” inposatu ziola, eta ez “gaztelania”. Jakina, Joseba Arregi euskaldun familia baten jaio zen Andoainen, familia nazionalistan, eta bere buruarekiko leialtasunez eta familian jarauntsitako kultur elementuei eusteko, hots, jeltzaletasunari, euskarari eutsi zion. Francok behartuta eutsi zion euskarari; harrapa ezak hori hankatik!

Euskal Herriko hizkuntza-gatazkaren ingurumarian nagusi zebilen (dabilen) ideiaren erakusgarri zuzena zela aipatu ondotik, besteak beste, Eusebio Osa zenaren artikulu batetik ideia hauek jaso zituen Odriozolak:

Liberalismoaren haizeak jo du eta astindu mendebaldeko lurraldea. Nola liberalismo ekonomikoak hala liberalismo politikoak eta kulturalak. Orain moderno izateko eta fanatiko, basati, intrantsigente edo diktadoretzat hartua ez izateko, liberalismoaren eta tolerantziaren eskolan ikasi behar duzu. Jakina, hori itxura besterik ez da, distira bat, berniz kapatxo bat. Azala zentimetro bat urratuz gero, behar-sorta galantaren erresuman zaude, intolerantziaren erresuman. Non ditu mugak liberalismoak? Erantzuna erraza da eta begi bistakoa: botere ekonomiko eta politikoaren interesetan. Zu mila gauza egitera behartuta zaude. Horretarako daude Konstituzioa, legeak, aginduak, dekretuak eta nahi duzun (edo nahi ez duzun) guztia. Ezker-eskuin behartuak gizarte liberal omen den honetan. Baina gero Herri txiki baten hizkuntza ikastera ezin omen da inor behartu. Zergatik muga hori? Hain zuzen ere, Herri txiki baten kontua delako. Gaztelera ikastera behartzen gaituzte, eta ardiekin basora gabe bizi nahi badugu, ikasi beharra dugu. Zergatik? Ez gaztelerak eskubide gehiago duelako, ez hizkuntza aberatsago edo ederrago delako, edo eta gaztelerak takoak botatzeko balio duelako eta euskarak ez (euskararen pobretasunaren azken teorizazioa). Ez. Gaztelera boterean dagoelako bakarrik. Beraz, botereak erabakitzen du hemen dena. Beraz, liberal eta tolerante izan behar dugu geurea ezartzeko tentazioak sentitzen ditugunean. Bestek guri bestena ezartzerakoan ez dute liberal izan beharrik.

Eta gorago esan bezala, gure botere autonomikoak, hots, Espainiako botereen eranskin txapeldunak erabakia du borondatearen haizeak bultzaturik soilik egin behar duela aurrera euskaldun-erdaldun txalupak.

Are gehiago, gizarte erdaldunduak kohesiorik gal ez dezan, botere espainiar eta autonomikoen indarrez ondo itsatsirik daramagun gila bedeinkatuari egiten dio putz, galgatze eta hondartze lana egiten jarrai dezan.

Borondatezkoa eta derrigorrezkoa

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

4 pentsamendu “Borondatezkoa eta derrigorrezkoa”-ri buruz

  • Xabier Isasi 2020-11-23 13:16

    Ederrra! Argi dago baina ez dirudi jende askorengana mezua iristen denik.

  • Eskerrik asko Xabier. Horixe zailena bai!

  • Zaila da “argi dagoena” ere ikusarazten, botereak bere tresna guztiekin estaltzen, eta beste irudi bat hedarazten duenean. Lanean jarraitu, iritzia zabaldu eta antolatu, ez dago beste biderik.

  • “Euskaraldia” dela eta, artikulu saila argitaratzen ari zarenez Xabier, bururatu zaidan paralelismo baten berri emango dizut. Nola jokatzen duen Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzarekin -txerto plangintza-, halaxe jokatzen duela Jaurlaritzak Euskalgintzarekin -Agenda Nagusi planak web telebista abian erdaraz. Interneten bost saio, bostak erdaraz, oraingoz, presaka ibili direla eta-.
    Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko HPS sailburuordetzak bat egiten du Euskalgintzarekin Euskaraldia antolatzeko, baina bien bitartean Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailak desberdinkeria alimaleko hori egiten du, hain zuzen Euskaraldi garaian.
    Handiagoak txikiagoari…
    Besterik ezin dela edo ahal denean ahal dena, esango didazu! Tristea eta kezkagarria benetan gure hizkuntzaren estatusa!