Interpretazio okerren mapa bat

magnifying-glassEz nuen pilota geroz eta lodi eta ero honekin jarraitzeko inolako intentziorik. Baina egunak joan ahala eta nire “Gu, ezker abertzalekook” artikuluak eragindako erantzun saldoa ikusita, ohartu naiz horietako ugarik funtsezko arazo bat zutela abiapuntu: nire testuaren interpretazio arras eskasa. Nire hitzen interpretazio oker, bihurri, gaininterpretazio eta hanpadurak bata bestearen jarraian irakurri ditut erantzun ugaritan. Horretan goia jo duena Joxean Agirre Agirre-ren “La palabra se abre paso” artikulua izan da,  Garan ekainaren 19an publikatutakoa. Bertan egiten zen nire artikuluaren erabateko karikaturizazioa komikoa litzateke baldin eta autoreak ez balitu horretan oinarrituko nire kontra jaulkitako zenbait deskalifikazio.

Tentatuta egon naiz artikuluaren copy-paste soil bat egiteko, hortxe baitaude niri egotzi zaizkidan kritika gehienei erantzunak. Kontuak interes teoriko eta kritikoa duelakoan,  ordea, idazki bat zirriborratzea erabaki dut, artikuluaren halako close reading bat egitekoa, testuaren gordiar korapiloen hariak ateratzeko. Luze joko du, baina hitzez-hitzeko irakurketa zehatzak horixe eskatzen du. Alderdi funtsezkoena izanagatik, testu bat osoki interpretatzeko ez da aski arreta testuan soilik ipintzea. Guztiz narratiboak ez diren elementuek -autorearen beste idazki batzuk, testuinguru politiko-soziala, publikatze lekua, erabilitakoa hizkuntza eta abar- ere testua hobeto ulertzen laguntzen dute sarritan. Oraingoan ez ditut kontu horiek aintzat hartuko, baina ez legoke gaizki interesa duenak horien inguruan hausnartuko balu lipar batez.

Gurean ez dugu ohitura handirik testu interpretazioetarako. “Errealitatearen”, “historiaren”, “gizartearen  baldintza objektiboen” eta abarren interpretatzaile andana dugu, baina testu interpretatzaileei dagokionez, siku gabiltza. Akaso gure iragan katolikoaren pisua izango da; exegeta baino predikadore gehiago dugu. Eta kontu honetan berriro ere geratu da agerian batzuek testu sinple-sinple bat interpretatzerakoan baldar ibiltzen direla. Ondo moldatzen gara datuekin, errealitate gordinarekin –ez naiz sartuko ikuspegi honen atzean dagoen kartoi usainezko materialismoaren kontuan-, baina ez hain ongi testuekin. Hala, ez da harritzekoa nire testua zorrotz eta zehatzenen irakurri dutenak literaturzale eta literaturgileak izatea –tartean Eneko Barberena-. Literaturak, besteak beste, horixe irakasten baitu, testuak zorrotz interpretatzen.

Uste dut Roland Barthes-ek esan zuela noizbait hizkuntza faxista-edo zela, totalitarioa. Hizkuntzaren filosofiaren inguruan ezagutza minimoa duen edonork daki, Aristoteles geroztik gutxienez, hizkuntza erabiltzea orokortzea dela. Hitz egitea, erabateko zehaztasuna erdietsi ezin denez, halako injustizia kometitzea dela. Hortik, muturreko erlatibismotik, Antzinako Grezian eszeptikoek hartutako erabaki erradikalera irits gaitezke, hau da, isiltzera. Baina tartean aukera ezberdinak baditugu; injustizia eta injustiziak daudela alegia.

Hau guztia diot nire artikuluari egindako kritika gehienen funtsa honakoa izan delako: orokortzea eta ezker abertzalea karikaturizatzea. Jarraian azalduko dudan moduan, ez dut uste nire artikuluan brotxa lodia hartuta orokortu nuenik, ez behintzat idazteak berak ezinbestean dakarren orokortze horretatik haratago. Izan ere, egiazki, orokortze hori, laugarren paragrafoko lehenengo esaldian egin nuen soilik.

 

a) “Eta ez dut uste, haatik, ezker abertzalea ezkerreko politiketan inori lezioak emateko posizioan dagoenik.”

Ez zait iruditzen asaldatzeko moduko esaldia. Pentsa, ez dut esaten sikiera ezker abertzaleak ezkerreko politikak egiten ez dituenik, baizik eta ez dagoela “inori lezioak emateko posizioan”, gauza aski ezberdina dena. Asaldatzeko motiboak are gehiago txikiagotzen dira hurrengo esaldia irakurtzen badugu: “Egiatan, ez dut uste inor inori lezioak emateko tokian dagoenik.” Ideia bera errepikatzen da gainera hurrengo paragrafoko lehenengo esaldian: “Baiki, ez dut uste, salbuespenak salbuespen, ezker politikei dagokionez, etxaferuka hasteko tenorean dagoenik inor hemen.” Hori bai, oraindik kontu handiagoz, “salbuespenak salbuespen” jartzen dudalako. Alegia, nezkez esan daitekeela Ezker Abertzaleari egur gupidagabea banatzen ari naizela –lezioak emateko posizioan ez zaudela esatea egur gupidagabea banatzea da?-, ez bada gainontzeko mugimendu eta alderdi politikoei.

 

b) “Baina ez zarete harrituko esaten badut ezker abertzalea –gehiengoa–, maiuskulaz idazten diren auzi nazional handietan tematuta, abertzaleago iruditu izan zaidala maiz ezkertiarragoa baino”

Esaldi honetan jada –gehiengoa- hori ipintzen dut. Jendea akaso idazkera eufemistikora hain dago ohitua ezen ez baitie hitzei garrantzirik ematen dagoeneko. Baina nik “-gehiengoa-” ipintzen badut –gehiengoa- esan nahi dudalako da. Nire beste zenbait idazki irakurri dituztenek jakingo dute ez dudala sobera gogoko hitzak alferrik erabiltzea, itzulinguruka ibiltzea. Ezker Abertzalearen inguruan orokortu nahi izan banu ez nukeen “-gehiengoa-“ jarriko; baina jarri jarri nuen. Hori gutxi balitz, “maiz” jartzen dut, berriz ere, ez alferrik. Egia esan, ez dakit nola gorde nezakeen esaldi honetan baino zuhurtzia handiagorik. Horiek jarri banituen zerbaitengatik izan zen; arrazoia oso sinplea da: kritikak kritika, pernandoren egia delako ezker abertzaleak ezkerreko politika eta egitasmoak lantzeko indar handia izan duela, eta bere baitan ezkerreko mugimendu sozial ugari –ekologismoa, antimilitarismoa, antikapitalismoa, feminismoa etab- artikulatu direla, nahiz eta, noski, horrek ez duen esan nahi Ezker Abertzalea denik mugimendu horien jabe. Horiek alde batera lagata, esaldiak dioena ez da deus bereziki berria –erantzunen batean gogoratu didaten gisara-, baizik eta Ezker Abertzaleari bere sorreratik bertatik maiz kritikatu izan zaiona –barrutik zein kanpotik-. Tira, ez nuen bolbora asmatzeko asmorik, soilik kritika hori testuinguru berri honetan –akanpaden mugimenduaren karietara, eta interpretazioa apur bat bihurrituz, Bilduren “instituzionalizazioari” begira- gogora ekartzekoa.

 

c) “Gurean, ordea, denbora galdu gabe hasi ziren ezker abertzaleko zenbait, kontua hasi eta ordu eskasetara –eta mizkintasun osoz– akanpadak sorbaldapetik begiratzen, honengatik eta besteengatik markaje estua egiten.”

Egin dezagun jauzi artikuluaren hasierara. Hor hasten da kontua. Hasieratik garbi uzten dut ezker abertzaleko zenbaiti buruz ari naizela. Eta hemen, arestian esan dudana errepika dezaket: “zenbait” idazten badut, zenbait esan nahi dudalako da. Egiatan, absurdua litzateke Ezker Abertzale guztiari leporatzea akanpaden mugimenduaren gaineko mizkintasuna. Batetik, bere kargu publikoek auziaren inguruan ezer esan dutenean, nik dakidala, mugimendua begi onez ikusteko izan delako. Azkenekoa, Donostiako alkate Juan Carlos Izagirre, zeinak Donostian akanpatuta zeudenei udaletxean biltzeko proposamena luzatu baitzien. Bestetik, ezker abertzalean aspaldi handitik lanean ari diren zenbait adiskideekin –bide batez, horietako bat, deretxorik gabe prozesu juridiko inhumano batean auzipetua dagoena- izandako hitz aspertuek ere gauza bera eman didate aditzera. Baina era berean, mugimenduaren hasieratik bertatik ikusi nuen ezker abertzalean bertan kokatzen ziren hainbatek mugimenduari mespretxuz begiratzen ziotela. Uste dut kontua jarraitu duen edonork konprobatu dezakeen gauza dela. Eta kontuaz idatzi banuen ez zen izan ezker abertzaleko lau zoro ari zirelako horretan, baizik eta nahiko gorpuztua zegoen diskurtsoa iruditzen zitzaidalako. Hala ere, inork zehaztapen falta egotzi dit, izen abizenak ez jarri izana. Jakina, idazten dugun gauza bakoitzaren atzean daudenen izen-abizenak jarri beharko bagenitu, gure idazkiek buletin ofizial itxura handiagoa lizango ukete zutabe itxura baino. Alabaina, puntu honi dagokionez, debate publikoko adibide bat jartzearren, Iñaki Sotok maiatzaren 27an Gaur 8n idatzitako “Joaquin Sabina eta Madrilgo «kartoizko zaldia»” aski nagusikeriazkoa iruditu zitzaidan, non, besteak beste, Madrilgo kanpaldiak “nerabe baten udaberriko kanpaldiaren abesti” itxura zuela esaten baitzuen.

 

d) “Jakina, zalantzak izatea zilegi da –neronek ere baditut bat baino gehiago–, jarrera kritikoa izatea bezainbat, baina benetan gogaikarria egiten zait zenbaiten gurasokeria.”

Zati horretan aitortzen dut akanpaden inguruan zalantzak eta kritikak egon daitezkeela, aitortzen dut neronek ere baditudala. Egiatan, arestian aipatu adiskideekin edukitako hizketaldietan bat etorri ginen zenbait kezketan: euskararen erabilera EHko akanpadetan, autodeterminazio eskubidea… Zalantzak eta kritikak edukitzea, hortaz, onartzen dut –eta konforme nago- testuan, gogaitzen nauena zenbaiten gurasokeria da.  Berriz ere zenbaiten.

 

e) “Batez ere “guk urteak daramatzagu haserre”, “guk hogeita hamar urte daramagu borrokan” eta horrelako gukeriak, zeinak “gu guay gara” eta “asko duzue gugatik ikasteko” mezu harroputzetan laburbiltzen baitira.”

Laburbiltzen horrekin, agerikoa da zenbait horien gurasokeriei buruz ari naizela.

 

f) “Besteren eginahalez apropiatzeko lehenengo pertsona plural horren erabilera merkea.”

Esaldi hau funtsezkoa da artikulua ondo irakurtzeko. Zeintzuk dira “Besteren eginahalak”? Jakina, ezker abertzaleko beste batzuen egianahalak, zeinak “lehenengo pertsona plural” horren bitartez apropiatzen baitita “Gu, ezker abertzalekook” esanez. Beraz, esaldi honetan geratzen da argi eta garbi, orain arte geratu ez bada, beren burua ezker abertzalekotzat duten zenbaiten jarrerari buruz ari naizela, zehazki, hurrengo lerroetan azaltzen dudanez, “Gu, ezker abertzalekook” esatearen indar permormatibo hutsaz baliatzen direnei buruz.

 

g) “Izan ere, badirudi norbere burua ezker abertzaleko kide gisa izendatzeak borrokalariaren debaldeko labela ematen diola bati zuzenean. “Gu, demokratok” esateak demokrataren debaldeko labela ematen dizun gisa berean.”

Tesia argia da: norbere burua hutsalki ezker abertzalekotzat performatu baino, ezkerreko politiken eta egitasmoen alde egin dezatela bere burua esparru ideologiko horretan kokatzen dutenek. Izatez, susmagarria ere izaten baita insistentzia hori. Seguru asko, demokraten demokratenak, ez baitu bere buruari etengabe esan beharrik “Gu, demokratak” garela.

h) “Gu, ezker abertzalekook” esan eta, agi denez, ez duzu justifikaziorik eman behar, automatikoki kokatzen zarelako borrokaren abangoardian, nahiz eta urtetan egin duzun gauzarik iraultzaileena hautesontzi batean boto ziztrin bat sartzea izan (utzi dizutenean, hori bai). Nahiz eta kultur eredu kontserbadoreenetan (rock erradikal baskoa eta prosa kitsch-purpura) tinko mantendu, nahiz eta ingeniaritza OPUSen edo enpresaritza Deuston ikasi, nahiz eta antzinako erresuma baten ikurra eraman golkoan, nahiz eta alde zaharreko magrebtarrei destainaz so egin.”

Zati hau izan da, dudarik gabe, misreading potoloenak eragin dituena. Neurri handi batean, lehenagotik zetozen irakurketa okerren ondorio dira. Izan ere, orain arte esandakoari jarraiki, guztiz faltsua da testu zati horretan diodana Ezker Abertzaleari leporatzen diodanik. Baina ez hori bakarrik, aurrekoak ahaztuta ere, testua hau soilik ondo irakurrita ere ezinezkoa da ondorio horretara iritsi. Zergatik? “nahiz eta ingeniaritza OPUSen edo enpresaritza Deuston ikasi” horregatik. Ezker Abertzaleari buruz ari banintz, eta ez kasu konkretuei (zenbait) buruz, ezingo nuke sekula halakorik idatzi, ezagun baita Ezker Abertzaleko guztiek ez dutela “ingeniaritza OPUSen edo enpresaritza Deuston ikasi”. Arrazoi beragatik, zati hori paralelismoaren baliabide erretoriko bidez eraikia dagoelako, ezin esan daiteke gainontzeko kasuetan (RRV, prosa kitsh-purpura, Nafarroako Erresumaren ikurra golkoan, magrebtarrak…) Ezker Abertzaleari buruz, bere osotasunean, ari naizenik. Kasu zehatzei buruz kritikoki ari naiz, ez direnak erabat isolatu edo bazterrekoak Ezker Abertzalean –bestela ez nituzkeen aipatuko-, zentzu eta soseguz hausnartzen duen edonork dakien gisan.

 

i) Joxean Agirre Agirre: “(Beñat Sarasola) Reprocha a la izquierda abertzale el tratar con mezquindad a la gente acampada, el menospreciar a cualquiera que amenace su vocación vanguardista, el mirar con desprecio a los magrebíes y tener como único bagaje de izquierda su «prosa kitsch-púrpura».”

Honaino ailegatuta, iruditzen zait ongi uler daitekeela Agirreren testu zati horretan –eta beste zenbaiten Argiako web guneko iruzkinetan- egiten den nire artikuluaren interpretazioa gotik behera dela okerra. Agirrek jakingo du, kontzienteki idatzi duen, hau da, herrak-edo jotako maltzurkeriaz, edo sinpleki, errakuntza batek eraman duen hori idaztera. Bereziki behartua da “(Beñat Sarasola) Reprocha a la izquierda abertzale (…) tener como único bagaje de izquierda su «prosa kitsch-púrpura»”. Zati hori, zuzenean, asmazioaren eremuan sartzen da.

11 pentsamendu “Interpretazio okerren mapa bat”-ri buruz

  • Ja ja! Badakizu, garesti irteten da ezker abertzalearekin sartzea.

  • Garbi ikusten da. Beñat Sarasolak artikulu hau idatzi behar izatea normala iruditzen al zaizue? Beñaten iritziekin bat etorri ala ez, esan behar dudala iruditzen zait. Hainbat iruzkin iraingarri jasan izan behar ditu, zergatik eta bere iritzia emateagatik. Dena zergatik eta Ezker Abertzaleari kritika egiteagatik. Besterik ez.
    Hauxe da Ezker Abertzalearen arazorik larriena: ez dakiela autokritikarik egiten, ezta kritikari jasotzen. Ni bai, ni Ezker Abertzaleari buruz ari naiz, orokorrean. Ezker Abertzaleak, eta bere inguruko militante sutsuenek ez dute Mugimenduari buruzko kritikarik onartzen. Kanpotik badatoz, españolista eta burges deitzen diete, eta barrutik badatoz… baina barrutik datorrenik ezagutzen duzue? Horixe da arazoa. Beñat Sarasolak Ezker Abertzaleari buruzko autokritika xume eta onargarri bat egin duelako, sekulako haginkadak sartu dizkiote lepoan. Lotsagarria.
    Izan ere, ez da harritzekoa. Galdetu Ezker Abertzaleko bati ea bere historia osoan Ezker Abertzaleak, kasu orokorretan, ez partikularretan, zer egin duen gaizki. Baina galdetu, ez azkeneko hauteskundeetan Bilduri botoa eman dion 18 urteko gazte bati, bizitza osoan birziklatzea denbora galtzea eta alferrikako esfortzua dela pentsatu arren atez atekoa munduko proposamenik onena iruditzen zaion horrelako bati, ez, galdetu Otegiren adineko bati, bere 40 edo 50 urteak ezker abertzalearen inguruan pasa dituen bati, Gaztetxeetan laguntzen eta jendea erakartzeko ekimen oro antolatzen. Seguruenik ez du erantzuten jakingo. Zer egin du ba Ezker Abertzaleak? Unean tokatzen zena, noski, estrategia paregabez jokatu beti. Izan ere, Lizarrako akordioa haustea EAJren errua izan zen. Eske Loiolakoan Nafarroa ezin genuen lortu (lortu, lurralde baten ordez trofeo bat bezala), eta, gainera, españolek hautsi zuten negoziazioa, oinarrizko baldintzak ez baitzituzten onartzen… Eta horrelaxe ibili dira asko eta asko 50 urtean. Eurak egia osoaren jabe balira bezala, eta errua beti besteei egotziz. Ezker Abertzaleak ondo jokatu baitu beti, eta besteen errua izan baita guk proposatzen genuena, Euskal Herriarentako bide bakarra, ez lortzea.
    Eurak izan dira beti Herria, besteak ez balira bezala, zenbait herriko jairetan jarri zuten bezala, euren herriko jai alternatiboak, eurek eginak (ondo pentsaturiko jai alternatiboak, konstruktiboak, eta pozgarria iruditzen zait) “herritarrenak” baitziren, udaletxeak antolatuak herritarrenak ez balira bezala. Ezker Abertzaleak beti izan izan du sekta antzeko baten itxura: kanpokoak, denak, gaiztoak dira, eta guk egiten duguna, dena, ondo dago. Gogorra da zenbaiten portaera, bizi osoan herrian bizi arren, harremana izan arren, Ezker Abertzalekoa ez izateagatik aurpegira ere ez begiratzea. Herrian bi bloke sortuz, horrela: gu, Ezker Abertzaleko perfektu ultratxatxiguai euskaldun eta langileak, eta besteak, españolak eta burgesak.
    Ezker Abertzaleak, ezkerrekoa izan dadin, irekia izan behar du. Iritzi aniztasuna onartu, besteei ere arrazoi eman hala egin behar dela uste badute, eta, batez ere, autokritika egin.
    Agian Ezker Abertzaleko munduan eroso, haien iritziekin bat, sartuta dagoen batek ez du ikusiko iruzkin honetan idatzi dudana eta, seguruenik, kritikatu egingo du gainera, berriro ere arrazoirik ez dudala eta, Ezker Abertzalea jainko berri bat bezala tratatuz, gurtzen ez duena etsaitzat eta herexetzat hartuz. Baina euskaltzale independentista izan arren, alderdien jokoetatik kanpo jardun nahi duen batek sekulakoak entzun behar izaten ditu “hark ez zuen hori egin behar, bada” esatearren soilik. Onartzen ez zaituztela ohartzen zara, gizartearen zati batek marjinatzen zaituela (noski, kasu horietan ez naiz ari Ezker Abertzaleko guztiei buruz, bai baititut neuk ere Ezker Abertzaleko lagunak eta. Baina asko eta asko dira horrelakoak). Gogorra da ikustea herriaren zati batek beste zatia bigarren mailan ikustea. Harrokeria ezin handiagoa deritzot. Eta noski, neu ere harroa izango naiz, baina ez puntu horretaraino.
    Aro berriak datoz eta nire testu baldar honekin esan nahi dudan gauza bakarra zera da, denok aldatu behar dugula, baina baita Ezker Abertzaleak ere. Ez esan dena ondo egin denik, estrategia burutsu eta egokiak erabili direnik beti. Pentsa bakoitzak bere iritzia duela, eta bere iritzia plazara dezakeela. Eta pentsatu besteen iritzi horretan arrazoi pixka bat egon daitekeela.
    Barkatu nire idazkera baldarrarengatik. Interpretazio okerrak eragingo ditu seguruenik, eta ideia nahaspila handia egongo da. Baina, mesedez, iruzkin honi erantzuteko gogorik izanez gero, ez joan nire kontra etsaia banintz bezala. Irakurri, kritikatu, errespetuz, eta pentsatu, mesedez, zertan dudan arrazoi eta zertan ez, eta zergatik. Egia esan, horrelako erantzunak benetan interesatuko litzaizkidake.

  • Gari Garaialde 2011-06-21 16:33

    Zale, Beñatek esandako geihena hankaz gora bota duzu, bera kritikatzen dutenek egin duten gauza bera eginaz; brotxa hartu, idazluma hartu beharrean.
    Zuk esan duzu: Galdetu Ezker Abertzaleko bati eta berak erantzungo dizu, ez zuk.

  • Gari Garaialde 2011-06-21 16:48

    Ah, agian ez da sumatu baina Beñaten testua asko gustatu zait eta zure testuan esan nahi zenuena iruditu zaidanarekin ados egon naiteke, baina esan duzunarekin ezin dut ados egon.
    Nik dudak dauzkat ea banaketa nork egin zuen eta zerk eta zergatik eta noiz eta nork baztertu duen nor eta zergatik eta noiz eta…

  • Ezker abertzalekoa 2011-06-21 17:16

    Ni Ezker Abertzaleko militantea naiz. Ez daramatzat 40 urte Ezker Abertzalean, baina ez ditut 18 urte. Zalek esan dituenetatik asko entzuna dut nire inguruan. Nire familian, hurbilean, ez da inor Ezker Abertzaleko militante, ez da inor Ezker Abertzaleko. Horregatik entzun dut Zalek idatzitakotik hainbeste.
    Nik ez dakit Zale, zuk hemen esandakoak esaten dizkiezun Ezker Abertzaleko militanteei zuzenean, aurrez aurre. Iruditzen zait gutxitan gertatzen dela hori. Eta irudipena dut hori gertatzen dela Ezker Abertzaleak urtetan hainbat herritan izan duen nagusitasunaren aurrean jarrera kritikoa izan dutenek beldurra batetik (baztertua izateari beldurra) edo/eta arduragabekeria bestetik (batzuetan erosoa da gune txikietan nagusiari eraso egitea) sentitu izan dutelako. Ezker Abertzalea, izan ere, nagusi izateaz gain nagusikeriz aritu baita sarri (ez beti).
    Ezker abertzaleak nagusikeriz aritzearen inguruko autokritika egin behar duela iruditzen zait. Baina azken urteetan Ezker Abertzalekoengan izan den jokaera aldaketaz ez ohartzea, ez ohartu nahi izatea dela uste dut. Azken urteetan (ez naiz ari azken urteaz) Ezker Abertzaleak autokritikarako egin duen ahalegina eta umiltasunez (baina konplejurik gabe) jarduteko erakutsi duen sena nabarmenak izan dira.
    Ezker Abertzaleak demokratizatu behar du, militanteen eta oro har herritarren parte hartzeak benetakoa izan behar du, baina hala ere, egun Euskal Herrian dagoen mugimendu politikorik demokratikoena eta parte hartzaileena da, eta bere arrakastak, besteak beste, hor du jatorria.
    Ezker Abertzaleak jendearengana jo behar du (eta saiatzen da) eta Zale, zure moduko iritziak dituzuenek Ezker Abertzalea ezagutzeko ahalegina egin behar duzue (eta saiatzen ariko zaretela espero dut).
    Gainerako diskurtsoak zaharkitzen ari dira

  • Artikulua idatzi berri zuenean irakurri nuen. Orduan, ez zitzaidan hainbesterako iruditu. Beharbada ezker abertzalekoa ez naizelako. Beharbada nik bozka eman dioten alderdiak jasan dituen kritikekin alderatuta, horrelakoa bezelako kritika artikulu bat amatxoren errita bat bezelakoa delako.

    Hala ere, Beñatek esandakoari milaka buelta eman behar izan dizkio, milaka esplikazio eta bir-esplikazio eta azkenenan baita atari honetan publikatu ere. Zer da hau?? Zergatik hainbeste buelta eta errebuelta? Dena idazleak jasan behar izan dituen kritika iraingarrien ondorio da eta honek argi uzten du ezker abertzalearen kritikaganarekiko alergia. Nik uste dut idazleak ez zuela horrelakorik espero, ez artikuluaren edukia ez delako hainbesterako, baina batez ere kritiken kutsu itxi, borregista eta sektarioarengatik. Esplikazioak eman eta gero, azalpenak “luzeegiak” omen ziren, zehazki: “Azalpen gehiegi, Beñat, zure artikuluan esandakoak adierazteko, erreferentzia gehiegi eta testu azterketa gehiegi.” Honen aurrean ez dakit zer esan.

    Nik maila bat igo nahi dut. Ezker abertzalearen inguruan ireki den eztabaidaren harira, aurrekoarekin lotuz ondorio argi bat ateratzen dut: ezker abertzalearen ZATI HANDI BATEK ez du barneratu demokrazia bere osotasunean onartzeak suposatzen duena. Artikulu honen inguruan pasa dena adibide txiki bat da, anekdota hutsa izan liteke hilabete barru. Baina jarrera hau oso errotuta dago, oso. Egin dezagun errepaso txiki bat: PP-PSOE faxista-españolista zerriak, PNV Espainiaren morroi-sasi abertzale eta poltroneroak (EA ere hemen zegoen baina orain zuen laguntxoak direnez utz ditzagun pakean), eta Aralarrekoa putre traidore batzuek.

    Nik dakidala “prozesu” magiko honetan ETAren biolentzia zikloarekin amaitzea antza denez adostu da, ez ordea herrietan politika egiteko moduarekin.

    Lasarten txanpainarekin alkatetza lortzea ospatzen zenuten bitartean, arau berdinekin Elorrio alkatzea EAJ-k lortu zuen. Lasarteko alkateak poz-pozik ospatu zuen, Elorrion honelako jarrerak aguantatu behar izan zituzten:
    http://www.youtube.com/watch?v=_bnRwAmgGwA&feature=player_embedded

    Ya behin hontaz ari naizenez “Ezker abertzalekoa”-ri pare bat esplikazio:

    1-“Nik ez dakit Zale, zuk hemen esandakoak esaten dizkiezun Ezker Abertzaleko militanteei zuzenean, aurrez aurre. Iruditzen zait gutxitan gertatzen dela hori. Eta irudipena dut hori gertatzen dela Ezker Abertzaleak urtetan hainbat herritan izan duen nagusitasunaren aurrean jarrera kritikoa izan dutenek beldurra batetik (baztertua izateari beldurra) edo/eta arduragabekeria bestetik (batzuetan erosoa da gune txikietan nagusiari eraso egitea) sentitu izan dutelako.”

    Nik esango dizut zergatik ez duten esaten, beldurra dutelako, baina ez baztertuta sentitzera, okerrago oraindik: mehatxuei bildur diolako jendeak, gorroto begiradei, baita kasu batzuetan kotxea erretzeari edota berari eta senideei egiten dizkien irainek. Hori zoritxarrez ezker abertzaleak indarra duena toki guztietan pasatzen da, zuen eguneroko jarrera politikoa da, ez esan kasu aislatu batzuk direla. Egon lasai, nahi haina adibide kontatu ahal dizkizut.

    2-“Euskal Herrian dagoen mugimendu politikorik demokratikoena eta parte hartzaileena da”. Demokrazian eta indarkeriaren erabilera ez datoz inoiz bat, zuena Cubako demokrazia bezelakoa da “herriarena”, ja! Espero dut hasi den ziklo berri honetan, demokrazia zer den dakiten ezker abertzaleko GUTXIENGO horrek benetan zabaldu dezala kontzeptuaren esanahi sakonena.

    Ondo izan

  • Idazle santu gaixoa! Beti irakurle /interpretatzaile eskasaren mende, noiz izango du behar duen irakurle “sakon kritiko” hura? tira, bat bereda bada, idazlea bera, eta akolitko zenbait ustez. Zoritxarrez, masako jende ezletratua begi aurrean duenarekin geratu ohi da/gara…

  • Zorionak Edu, ez zagok hitz gutxiagotan hobeto laburbiltzerik. Idazlea iraindu (idazle santu gaixoa!), hire burua gehiengoaren ardatz eta adibide jarri, bidebatez gehiengoa irainduz (masako jende ezletratua), eta azkenik artikuluaren esanahia hik ez bezala ulertu dutenei akolito deitu. Gora iraingintza!!! Gora sorgin ehiza!!! Gora eskaskrazia!!!

  • Testuinguru pixkat jartzearren: gurean paperezko Argia jasotzen dugu eta Beñat Sarasolaren artikulua irakurri nuenean, ez nuen espero honenbeste zalaparta eragingo zuenik. Hau ikusita, badago zerbait ulertzen ez dudana.

    Paperezko aldizkarian, Beñaten artikulua 20. orrialdean dago, eta hurrengoan, Ekai Txapartegirena, izenburu honen pean: “Ez gara besteak bezalakoak”.

    Aldizkaria orrialde horietan irekiz gero, izenburuek efektu interesgarria sortzen du: “Gu, ezker abertzalekook … Ez gara besteak bezalakoak”. Ez dakit nahita egin zutenik, baina artikuluen edukiari dagokionez, haien mezu nagusiak antzekoak dira. Edo honela leitu nituen nik arrapaladan: autokonplatzenziaren kontrako abisuak.

    Halere, nahiz eta edukiaren aldetik antzekoak izan (edo gutxienez antzekotasun puntu bat eduki), bi artikulu horiek bestelako oihartzuna jaso dute. Googleri galdetuz gero, bederen:

    “Gu, ezker abertzalekook” + Sarasola: 31.100 emaitza inguru

    “Ez gara besteak bezalakoak” + Txapartegi: 8 emaitza

    Bai, sorgin ehiza baten susmoa daukat. San Joaneko sua aurreratu asmotan edo?

  • Izena gura dabena IPa eskatu txapelokerrari 2011-06-22 23:19

    Hitz gitxi eta haiek onak. Artikuloa irakurri diagu, bazakiauk leitzen eta argi zaok ze emon guraban aditzera. Merke ataraten dala debekauta dagoanagaz txarto esatea, zera. Eritxi guztiak miina bridatu gabe bota ahal dizanean egingo diagu berba. Bitartean, “gu, ezker abertzalekoon kontra eginez ezin guayago garenok”, segi sentada birtualak egiten kalabaza-plazan.

  • Idoia Santamaría 2011-06-26 19:38

    Ez dut uste artikuluan idatzitakoak justifikatu behar dituzunik, Beñat. Justifikatzen hasiz gero, ezer “azaltzeko”, “barkatzeko”, dagoela dirudi, eta ez dut ikusten zergatik egin behar duzun –zuk edo beste inork– horrelakorik. Zure iritzia eman zenuen artikuluan, inor iraindu gabe. Hortik aurrera, ezin aurreikusi talibanen erreakzioa. Baina talibanekin argumentatzen hastea…Hori baino lan alferrekoagorik!