Atzeratu ala aurreratu?
Atzeratu ala aurreratu? –
Bart, inguruko hedabide guztien arabera, atzeratu egin dugu ordua, urtero egin izan dugun legez, energia aurreztuko delakoan (dugulakoan?). Eta datorren martxoan, besterik adosten ez bada, alderantziz egin beharko dugu; aurreratu, alegia. Baina lasai, irakurle. Ez nator lerrootan zorioneko eztabaida horretaz neure iritzia ematera, ea energiarik aurrezten den ala ez, edota merezi ote duen ordutegi naturala hautsi eta naturaren kontra jokatzea. Ez, horretaz ez dut zeresanik. Horrezaz harago, urtean birritan izaten dudan zalantza baten gainean idatzi nahi ditut hitzok. Zer egin ote dugu, ordularia atzeratu ala aurreratu?
Bart, seme gazteari azaltzen ahalegindu nintzen, nolabait, betiko orduan oheratu eta ordubete lehenago esnatuko ginela edo. Ordu aldaketarena zehazten saiatu nintzen, eta, aldaketaren balizko zergatiaz landa, semea ez zegoen ados atzeratze kontuarekin, beraren ustez, atzeratu barik aurreratu egingo baikenuen; egin dugu. Hau da, denbora aurreratu, aurreztu egin dugu, erlojua ordubete lehenagora ekarrita. Atzeratuz gero, ordubete hori galdu egingo genukeen, martxoan egin egingo duguna, nonbait. Eta, semearekiko elkarrizketatxo horretatik abiatuta, ordua aldatuta (atzeratuta edo aurreratuta ez dut esango), gosaldu eta teklatura hurbildu naiz, kezka hori zuekin partekatu nahian, eta, bide batez, ea baten batek askatzen didan korapiloa.
Izan ere, ustez, ezberdin pentsatzen omen dugu denbora euskaraz eta erdaraz (gaztelaniaz, esan nahi dut erdara esatean). Ez da lehenengo aldia horrelako atakan sentitu naizela, eta uste dut, zinez, zertxobait badagoela ezberdin kontzepzio horretan. Azken batean, atzeratze eta aurreratze kontzeptuen atzean, lehenago eta geroago konparazioak daude. Hau da, gauden unetik lehenagoko edo aurreko une batera jauzi egitean, teorian behintzat, aurreragoko une batera igaro gara, eta, beraz, aurreratu egingo genuke denbora hori, semeak arrazoitu bezala. Era berean, gauden unetik geroagoko une batera pasatzean, atzeragoko une batera pasatzen gara, eta, hortaz, atzeratu egingo genuke denbora; galdu, alegia. Nolabait, hasiera eta bukaera kontzeptuak bezalakoxeak lirateke atzeratzea eta aurreratzea. Biziaroan, aurrera ala atzera ari gara? Amaierara ala hasierara ote goaz?
Horren harira, gogoan dut aspaldiko pasadizo bat, non euskaldun bi zerbaiten bila ari ziren liburu baten baitan. Bata, erdaraz jaio eta hazita, gaztetan euskaldundua zen; bestea euskaraz sortu eta bizi ei zen, uneoro edo. Bila zebiltzana non zegoen ez zekitela, liburu hasieratik hurbilago ala bukaeratik hurbilago al zegoen, han ari ziren elkarri esaka: aurrerago, aurrerago! batak, eta atzerago, atzerago! besteak. Batak, baina, liburuaren hasierako partean zegoela esan nahi zuen, eta besteak, gauza bera. Elkar ulertu ezinik, berbera adierazita ere. Hasiera eta bukaera; aurrea eta atzea; lehenago eta geroago. Hau kaka-nahastea!
Tira, irakurle. Igande goizeko psikolastoa baino ez da hau, ez lar kezkatu. Oraina da orain. Gozatu eguna, gauden orduan gaudela ere.