Lekeitioko naufragoen salbamenduko etxola
Lekeitioko portuaren itxura, ohi den legez, aldatzen joan da urteen poderioz.
Azken aurrerapenak gehitzen joan zaizkio, eta zaharkituak edo baliogabeak kentzen. Lekeitioko argazki zaharren bidez erraz nabari daitezke hark izan dituen aldaketak. Aldaketa urbanistiko horietako bat 1905ean gertatu zen, naufragoen salbamenduko estazioa eraiki zenean, gaur eguneko Arrantzaleen Kofradia dagoen toki berean.
1903an Elantxobe, Bermeo eta Lekeitioko alkateek, Diputazioari eskatu zioten naufragoen segurtasuneko eta salbamenduko zerbitzua sortzeko probintziako portuetan. Eskariari ezetza eman zioten, Aldundiak nahiko irizten baitzion portuetako hobetze-lanez arduratzeari.
Baina Lekeitioko Udalak eta Arrantzaleen Kofradiak ez zuten etsi. Eta horrela 1905ean, Naufragoen Salbamenduko Espainiako Elkartearekin hilabeteetan luze jardun ondoren, akordu batetara iritsi ziren. Akordu horren bidez aipaturiko elkarteak naufragoen salbamenduko estazioa uzten zion Lekeitioko portuari.
Horrela 1905eko apirilaren 9an Naufragoen Salbamenduko Elkartearen Lekeitioko behin-behineko Junta eratu zen, Espainiako Elkartearen menpe zegoena eta Lekeitioko salbamenduko estazioa zuzendu eta kudeatuko zuena.
Talaiako lurrak aukeratu ziren estazioa eraikitzeko tokitzat, “San Pedro” Arrantzaleen Kofradiaren gaur eguneko egoitza dagoen toki berean. Salbamenduko Estazioaren eraikuntzak hiru fase izan zituen: kokatuko zen ingurua urbanizatzea, salbamenduko txalupa eta gainerako tresnak hartuko zituen kaseta eraikitzea eta arranpa bat eraikitzea, salbamenduko txalupa kasetaren barrutik uretara botatzeko.
Lekeitioko Udalak, 1905eko maiatzaren 27ko Osoko Bilkuran hartutako erabakiaren bidez, talaiako lurrak erauzteko obrak hastea agindu zuen, kaseta kokatuko zen ingurua urbanizatzeko. Lanak lau hilabeteren buruan amaitu ziren eta urbanizazioa paseo batekin osotu zen, arboladia zuena eta iturri bat, kasetaren atzeko aldean.
Udalak ingurua urbanizatzeko gastuak ordaindu zituen, 3.200 pezeta. Arranpa eraikitzeko gastuak, 3.719,72 pezeta, udalak erena ordaindu zuen, eta gainerakoa, Naufragoen Salbamendurako Espainiako Elkarteak. Salbamenduko kaseta, txalupa eta gainerako tresnak Emile Robu frantziarrak donatu zizkion Lekeitioko herriari. Horregatik herriko seme izendatu zuten 1905eko irailaren 25ean.
Salbamenduko estazioaren arranpak eragotzi egiten zuen kaitik tinglaura bitarteko pasua; eta horregatik, zubi txikitxo bat eraiki zuten arranpa gainean. Semaforoa zen estazioaren beste elementu bitxi bat, horren izateari buruzko datuak 30. hamarkadakoak direlarik.
Naufragoen Salbamenduko Elkartearen Lekeitioko behin betiko Junta 1907ko otsailaren 15ean eratu zen, baina 1935ekoa da haren funtzionamenduari buruz orain arte ezagutzen dugun araudi bakarra.
Hamabi ziren Lekeitioko Juntako partaideak, eta horien artetik aukeratzen ziren lehendakaria, idazkaria eta diruzaina. Zuzendaritzako Juntari zegokion estazioaren funtzionamenduaz eta mantentze-lanez arduratuko ziren langileak izendatzea: patroia, motorista eta ikuskatzaile teknikoa.
30eko hamarkadan Roman Etxevarrieta Garamendi zen Lekeitioko Juntako lehendakaria, Tomas Iturraran idazkaria, Victoriano Cortazar salbamendu-txalupako patroia eta Angel Achurra motorista eta mekanikaria. Txaluparen tripulazioa, aipaturiko patroi eta motoristaz gainera, lau arraunlarik osatzen zuten, salbamendu edo maniobraren bat egitera irteten ziren bakoitzean aukeratzen zirenak. Arraunlariei 25 pezeta ordaintzen zitzaien salbamendu-irteerako; eta 5 pezeta maniobra-irteerako.
Urtero lau aldiz irteten ziren Lekeitioko ondoko portuetara, Naufragoen Salbamenduko Espainiako Elkarteak ematen zituen zerbitzuak ezagutaraztera eta dirua batzera estazioaren mantentze-gastuetarako.
Urtean birritan, horietako bat San Antolin jaietan, salbamenduko simulakroak egiten ziren portuan txaluparekin, eta estazioaren tresna guztiak ondo zebiltzala frogatzen zuten. Horien artean zegoen soka jaurtikitzeko kanoia,100 gramobolboraz kargatzen zena eta soka 200 metrora arte jaurtitzen zuena. Arrantzale erretiratu askok gogoratzen dute nola egiten zen tiro kanoiarekin eta nola jaurtikitzen zuten soka tinglautik irlaraino. Sokaren mutur biak lotzen zituzten –bata tinglauan eta bestea irlan- eta boluntarioak pasatzen ziren irlatik tinglaura sokari zirgilo birekin lotutako otzara edo kutxa antzeko batean.
Salbamendu-txalupak honako tresnak izan behar zituen uneoro: estatxa edo unama bat,3 pulgadalodierako 100 metroko sokarekin, 4 arraun, palo eta bela, 4 salbamendu-txaleko, zunda bat25 metroaparailurekin, turuta, flotagailua duen aingura bat, farolak, bengalak, kizki-makil bat, abordatzeko gantxoa, aizkora bat, upel bat edateko urez betea, konpas bat, kanabera berunarekin eta salbamenduko flotagailu bat popari sokarekin lotua.
Salbamenduko herriko Junta arduratzen zen, baita ere, portuko moilak salbamendu flotagailuz hornitzeaz, baita Isuntza eta karraspio hondartzak ere udaldian.
1929an salbamenduko estazioak txalupa bi zituen, horietako bat irauli ezina (berez jartzen zen gora begira, haize bolada zakar batek edo beste edozerk buelta emanda ere). Bi ziren, halaber, soka jaurtikitzaileak: “Spandau” markakoa bat, eta “Lyle” markakoa bestea.
1930ean estazioa salbamendu-txalupa berri bateaz hornitu zen, “Emperatiz Zita” izenekoa, irailaren 21ean bedeinkatu zutena Zita enperatriza bertan zela. Kaskoa Bartzelonan egin zuten, Naufragoen Salbamenduko Espainiako Elkarteak emandako diruaz, eta motorea gehitu zitzaion, Zita enperatrizak oparituta. Txalupa berri hau besteak baino handiagoa zenez, ezin zen estazioko arranpan sartu. Horregatik karabineroen kaseta aurrean ainguratzea erabaki zuten.
1933an arranpa lurrez bete zuten berriro, txalupa berrirako beharrezkoa ez izateaz gainera, zubiak jendetza handia hartzea espero zelako, tinglau gaineko paseo berriko obrak amaitzean. Zubiko burdinazko barandari erabilera berria eman zioten, eta San Juan Talako terrazan jarri zuten.
1934ko urte hasieran kaseta argi elektrikoaz hornitu zen, materialak txalupara ahal den azkarren garraiatzeko, salbamenduren bat gauez egin behar zenean.
Salbamenduko Herriko Juntak naufragoei laguntza emateaz gainera, pertsona partikularrek itsasoan egiten zituzten salbamenduko ekintza guztien berri ere hartzen zuten, eta sariak ematen zituen. Horrela, bada, 1929an Ondarroako “Solabarrieta” baporeko arrantzaleak 370 pezetaz saritu zituzten, eta zilarrezko domina bi eta brontzezko bederatziz kondekoratu, “Mari” baporeko bederatzi naufrago lekeitiar salbatzeagatik.
1935ean hogeita bi pertsona salbatu zituzten partikularrek Lekeitioko portuan. Horietako hogei umeak ziren.
1935eko otsailaren 12an, denborale zakar baten erdian, Lekeitioko salbamendu-txalupa zazpi pertsonek tripulatua, portutik irten zen Mundakako “San Juan Bautista” baporeari laguntza ematera, noraezean baitzebilen portutik hiru milatara. Ez zuten inor aurkitu eta baporea atoian ekarri zuten Lekeitioko portura. Tripulazioko bakoitzak 25 pezeta hartu zuen Salbamenduko Herriko Juntaren eskutik. Honako hauek osatu zuten orduko tripulazioa: Victoriano Cortazar txalupako patroia, Angel Achurra motorista eta Ignacio Chacartegui, Pedro Egia, Vicente Uriarte, Eugenio Egia eta Felix Goyenechea boluntarioak.
1934ean kendu zuten Naufragoen Salbamenduko Lekeitioko estazioaren kaseta, eta Lekeitioko portuak orduan jasan zuen beste aldaketa urbanistiko bat.
Iñaki Madariaga Valle
Hamen konpetentzija be!!! 😉