Barka itzazue eragozpenak (gure literaturari buruzko gogoeta, igaldeko Berrian argitaratua)

 

Ez daukat idazle (edo irakurle) apokaliptikoaren etiketarekiko kezka handirik, egia esatea nahi baduzue. Berdin gertatzen zait beste hainbat etiketekin, nik eskatu gabe jarriak izan zaizkidanak, baina batere trabarik egiten ez didatenak, esate baterako erradikalarena, edo abertzalearena. Pop kulturarekiko errezeloari esaten dio Umberto Ecok apokaliptiko, sintesia egiten uzten badidazue (Apocalípticos e integrados liburuan). Eta nik ezin diot, nahita ere, pop kulturari errezelorik izan, nahiz eta nire baitako zokoren batean sinetsita nagoen hobe biziko nintzatekeela zama horretatik libre. Zama guztiak dira zama, azken batean. Pop kulturarekiko arbuioa niretzako naturaren kontrakoa da, anakronismo hutsa. Badakit guztiontzako ez dela gauza bera. Baina Ecok liburuan aipatzen duen zentzua ulertzen dut, kulturaren elite izaeraren galerak izan dituelako bere alde txarrak, adibidez banalizazioarena. Gehiegitan izaten dira. Pop-a eta banalitatea zailak dira ezberdintzen. Alde onak askoz ere ugariagoak izan dira, noski, kultura txiroengana iritsarazten lagundu duelako horrek, edo, hobe esanda, txiroongana, gu guztiongana. Eta, nola ez, jasotzeko eskubidearekin batera, kultura egiteko eskubidea ere irabazi dugu. Eskubidea irabazi esan dut, eskubideak irabazi egiten baitira.

Nahiko nioke banalizazioaren joera sozial zabalduari eutsi, neuk ere, pentsatu ezer ez dela horren garrantzitsua. Ez dezagun dramatizatu, badakizue. Beti izango dugu litroko Coca-Cola handi bat eta komiki batzuk erosteko aukera, nahiz eta Internetez izan (auzoko dendak itxi dituztelako). Mundua amiltzera badoa, ez dezagun etxea espantuka utzi, ohe azpian sartuko gara gure binilo zaharrei besarkatuta, eta hegazkinak pasako dira, etorri ziren bezala, eta mundua berriz itzuliko da lehen izan zena izatera. Balak botatzen badizkigute hortzekin eutsiko diegu, Matrix-en bezala, eta fuera. Hil daitezela aiene-zaleak, gure axolagabekeria noblea iraintzen dute: konpostura pittin bat, faborez.

Baina gerta liteke soldaduak etxean sartzea, kanoiaren ahoa sudur puntan jartzea eta atxilo eramatea. Eskaileretan behera bultzaka joango garenean kulturaren edertasunean, haren bikaintasun erabatekoan hartu nahi izango dugu kontsolamendu, gure artean galdetuko dugu, zer da espektakulu txepel hau neuk urteetan jasotako liraintasunaren aldamenean?, eta gizakiek gizakientzat sortutako harmonia guztia nahi izango dugu geurekin ezkutu gisa. Baina, Sarrionandiak idatzi zuen bezala, «Angel Martinez komisarioak bere errebolberraren kainoia detenitu biluziaren uzkira sartu eta mirila zikindua, odoldua, patetikoa ateratzen duenean, zer axola zaio mutil torturatuari poeta um fingidor den?». Esan dezakegu, noski, «niri hori ez zait gertatuko, mundu honetan halakoak ez direlako gertatzen». Beti esan dugu hori, edo beti pentsatu dugu. Ez da berria, ez da harritzekoa. Bizitzen segitzeko errezeta basikoa da. Banalizazioa.

Neuk aldarrikatu nahi dudana, ostera, ez da alferrik eta pose hutsez gaizki esaka ibiltzeko premia, elkarri zeharka eta errezeloz begiratzeko jokabide petrala, edo, Angel Errok esaten zuen bezala, gure literatura txarra dela esateko tentazioa, txartasun horretatik gure obra libratuz. Ez. Ez naiz horretaz ari. Ari naiz gure literaturak zorroztasunarekin, seriotasunarekin eta literatur konpromisoarekin daukan zor gero eta handiagoaz, eta, bereziki, gure literaturak sinesgarritasunarekiko daukan atxikimendu falta betierekoaz, zeinak, jadanik, inertziaren itxura kezkagarria hartu baitu.

Dei nazazue apokaliptiko: etiketak dira gure literaturaren gaitzik txikienak.

literatura
Lander Garro

GURE ETXEKO KONTUAK