Antipodetan
Antipodetan –
Interneten edozein txorakeria aurkitzen ahal da. Zer kontatuko dizuet nik zuei. Eta gaur gure antipodak kalkulatzeko webgune tonto batekin jostatzen aritu naiz; Antipodes Map du izena.
Geografia eskoletan despistaturik ibili zirenei erran behar zaie antipoda dela gu gauden lur zatian zulo zuzen bat eginen bagenu munduaren bertze aldean gure burua azaleratuko litzatekeen lekua.
Bada, webgune tonto horretan baieztatu ahal izan dut, zoritxarrez, Iruñearen antipodetan hutsa dagoela. Edo Etxarrin erranen luketen gisan, ‘utse’. Hau da, ura: Zeelanda Berritik sobera urruti ez dagoen itsaso zabala. Marrazoz beterikoa, ziurrenera.
Eta, han nengoela, erran nahi baita, gure antipodetan nengoela, bururatu zait Iruñean bizi diren milaka eta milaka pertsonaren antipodetan nagoela. Pertsona horiek ordezkatzen dituen alkateak ahoa irekitzen duen bakoitzean, bertze aldean bainago ni. Beti. Gaia edozein dela ere -euskara, mugikortasuna, pandemiari aurre egiteko azken neurria, Eguberrietako argiak, genero indarkeria, polizia eredua…-, edozeinetan, ni beti antipodetan.
Hartara, Enrique Maia alkateak Vox alderdi ultraeskuindarraren defentsa egin duelarik, nik dena ordenean ikusi dut. Antipodetan.