Pako Sudupe: Kezkak eta desioak

Pako Sudupe: kezkak eta desioak –

Booktegi plataforma digitalean argitaratu da Pako Sudupe Elortza (Azkoitia, 1959) idazlearen Kezkak eta desioak azken liburua. Pako Sudupe euskal filologian doktorea da eta XX. mendeko 50ko hamarkadako euskal kultura eta idazleak ikertu ditu. Egun, hizkuntza-normalizazioko teknikaria da Pasaian. 2018tik goiti, Zuzeu-n iritzi artikuluak plazaratzen ditu eta horietako hirurogei hautaturen bilduma da Kezkak eta desioak liburua. Irailaren 16an argitaratu zen eta orain arte, 100 bat deskarga izan ditu eta 500 orri ikustaldi.

Zergatik argitaratzen dituzu artikuluak Zuzeu-n?

Bi abantaila handi ditu blog honek nire iritzirako: bat askatasuna. Libertatea ematen du euskaraz zernahitaz idatzi eta blogean paratzeko (ez didate inoiz betorik jarri), eta bi azkartasuna. Hedabide azkarra da. Idatzi eta laster blogean paratua duzu artikulua edo idatzia.

Eta bi alde ez hain onak ditu: bat iragankortasuna. Atzetik datozen artikuluek nahiko azkar bazterrarazten dituzte aurretik zeudenak, artikuluen etengabeko noria ibiltarian, joan-etorri atergabean. Eta bi errespeturik gabeko kritikak. Maiz sortzen diren eztabaidetan, banaka batzuek errespeturik gabeko kritikak egiten dituzte, ezizenean gerizaturik. Balantzan jarrita, pisu gehiago izan dute, nire kasuan behintzat eta orain arte, alde onek.

Zerk bultzatu zintuen artikulu horiek argitaratzera?

Pako Sudupe Kezkak eta desioakBi arrazoi edo aipa nitzake. Bata da zure ikuspegia plazaratzea, zure barruko ideia eta sentimenduei aterabidea ematea, besterekin partekatzea. Bestea, norberaren iritzian behintzat, hutsuneren bat estaltzea. Euskaldunok, oro har, asimilatuak gaude erdal gizartean, eta zirikatze lan hori egitea beharrezkoa delakoan, nekagarria izanagatik.

Nola lortu zenuen Booktegin aurrera ateratzea? Nola izan zen prozesua?

Oso sinplea. Lagun on batek iradoki zidan. Begiratu bat eman nion liburutegi digitalari, eta harritu nintzen hainbeste liburu ikusirik aukeran, eta arduradunarekin harremanetan jartzera deliberatu nintzen. Neu beti paperaren aldekoa izan naiz, baina zergatik baztertu beste bide bat zure ideiak plazaratu eta ez dakit zenbat denboran hor mantentzeko. Edonoren eskura eta dohainik.

Harremanetan jarri arduradunarekin eta baiezkoa eman zidanez, bada, aurrera. Hain justu gorago aipatu dudan iragankortasun horri hein batean aurre egiteko balio dezakeelakoan. Eta egia esateko, lehen hilabetean nik uste baino deskarga gehiago izan ditu.

Zergatik: euskara, politika eta kultura gaiak?

Ongien ezagutzen ditudan gaiak jorratu ditut. Ikasketez eta lanbidez euskara eta euskal kultura batez ere, eta horiek politikarekin daukaten lotura. Hortik aparte, sarreratxo batzuk egin ditut beste gai batzuetan: erlijioa, Simone Beauvoir, pandemia…baina eskarmenturik eta formakuntzarik gabe nola ausartu beste hainbat gaitan, jakin-mina izanagatik.

Ez didate bost axola desberdintasun sozialek. Baina nik zer idatziko dut horretaz?, edo ekonomiaz edo klima larrialdi edo garapen jasangarriaz, eta hainbeste gaiz. Neurri batean ezagutzen dudanaz, edo ezagutzen joan naizenaz edo noanaz idazten dut, kezkatzen nauenaz, desio dudanaz.

Lehenago iragankortasuna aipatu duzu, azken batean, plataforma hauek ere gure gizarte azkartuaren isla direlako. Suposatzen dut gaiei dagokienez, abangoardiak ere bere pisua izango duela. Horregatik, nola ikusten duzu euskara gaur egungo gizartean? Hots, euskararen gaia zure idatzien ardatz nagusi izanik, ikusi duzu euskararekiko interesaren garrantzia aldatu denik?

Pako Sudupe: Kezkak eta desioakEuskaltzaindiaren hiztegiaren definizioaren arabera, abangoardiaren bi adieretatik bat hauxe da: “Artean, politikan eta kidekoetan, bere ausartasunagatik aitzindari gertatzen den mugimendua”. Zenbat gustatuko litzaidakeen euskara gure hiri eta herrigune populatuetan txertatzeko mugimendu abangoardista baten partaide izatea! Euskaraz gauza asko egiten eta eskaintzen dira, baina erdaretan askoz gehiago denok dakizkigun arrazoiengatik. Euskarazko kultura denen beharrean dago, askoz gehiago eskaini behar du eta irakurleak behar ditu noski. Arlo askotan garatu behar izugarria du, eta Zuzeu blogak eremu libre bat eskaintzen du iritzi trukerako.

Eta orain galderaren bigarren atala, nola daude politika eta euskara une honetan?

Politika esanda, alderdi politikoak eta instituzioak ulertuz gero, askoz ezkonduago eta uztartuago egon beharko lukete. Europako mendebaldeko izkina honetan, euskara jendartean normalizatzeko badugu aski lan, eta instituzio eta politikariek beren arduraren arabera, eta gizarte zibilak ere bai, bakoitzak geure ahal eta konpromisoaren arabera.

Horrekin lotuta, aitortu behar dut askotan zure idatzien eztabaidak irakurtzea gustuko dudala, noiz edo noiz gai baten inguruko ikuspuntu berriak agertu izan direlako. Bihurtu dira inoiz eztabaida horiek inspirazio?

Eztabaidek behartzen zaituzte, elkarrenganako errespetuz bideratzen direnean, gauzak birplanteatzera, gehiago ñabartzera, eta gehiago ikastera. Eta, jakina, horrela garatuz gero, aberasgarri gertatzen dira.

Pako Sudupe: kezkak eta desioak

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude