Facebookek suizidioak ekiditen laguntzen du
Depresioa, buru gaixotasunak, muturreko egoerak… Egunero, munduan ehunka pertsonek egiten dute beren buruaz beste beren mundu beltzari irtenbidea aurkitu nahian. Pertsona horietako askok beren sentimenduak besteekin partekatzeko ohitura dute, sare sozialetan adibidez. Hori dela eta, Facebookek alerta eta salaketa zerbitzu berria martxan jarri du suizidioak ekiditeko.
Sistema hori Erresuma Batuko Samaritans izeneko taldeak garatu du eta zantzu buru-hiltzaileak dituzten pertsonak detektatzen ditu. Hilabete batzuez egon da proba moduan martxan eta zenbait suizidio kasu posibletan esku hartu du.
Facebookeko erabiltzaile batek bere lagunen bat jokabide arraroa duela antzematen duenean (iruzkin malenkoniatsuak, jarrera antisoziala…), Facebooki abisua ematen dio. Horretarako, galdetegi bat bete beharko du arriskuaren izaera deskribatuz eta lagunaren datuak emanez. Ondoren Facebookeko administrari batek abisua berrikusi eta beharrezko neurriak hartuko dituzte.