Euskal Herriko txori batzuen kantuak eta izenak #TxoriaTxio traolarekin
Euskal Herriko txori batzuen kantuak eta izenak #TxoriaTxio traolarekin –
Asier Sarasuak Eibartik blogean.
Udaberriko etxealdian Twitterren osatu nuen haria ekarri dut blogera.
Martxoaren 28an, etxealdia hasi eta 15 egunera, ondorengo txioa bota nuen Twitterren: “Etxealdiak dirauen bitartean, Euskal Herriko txorien kantuak txiokatuko ditut #TxoriaTxio traolarekin. Labur-labur, txori bakoitzaren kantua nolakoa den, zelan ezberdindu edota txori horren izen onomatopeikoen laburpena“.
Badakizue, etxealdiak bultzatuta, gutako bakoitzak bere irtenbideak bilatu zituen egoerari aurre egiteko, ez aspertzeko, jakin ezta zer egin ez egoteko, norbere zaletasunen proselitismoa egiteko. Nire kasuan, eta inguruko hainbat lagunen galderek bultzatuta (“zer txori da? kantu bat entzun dut leihotik? nola ezberdindu ez-dakit-ze espezie?“), Euskal Herriko txori espezie bereizgarrienen kantuak bildu nituen Twitterreko hari horretan eta #TxoriaTxio traolarekin etiketatu, sasoi hartan egunero leihoan abesten/entzuten genuen Laboaren Txoria Txori gogoan.
- Helburu nagusia: gure inguruko espezie nagusien kantuak identifikatzeko baliabideak ematea.
- Irizpide nagusia: arruntak diren eta erraz ezagutzeko moduko kantua daukaten espezieak lehenetsi nituen.
- Baliabideak: 20-30 segunduko bideoak sortu nituen (Xeno-canto.org-eko audioak eta Wikipediako argazkiak erabilita) eta Txoriak.eus-eko fitxetako azalpenekin osatu nituen #TxoriaTxio hariko txioak (espezie bakoitzaren kantuaren ezaugarri nagusiak eta txori bakoitzak dituen euskarazko izenen azalpenekin, batez ere izen horiek onomatopeikoak direnean eta txoriaren kantuarekin nolabait lotu daitekeenean). Sortutako eduki guztia cc-by-sa lizentzia librearekin zabaldu dut eta bideoak Youtubeko playlist batean ere bateratu ditut.
Eta txioak haizeak eramaten dituenez, oraingo honetan blogera ekarri ditut udaberriko etxealdian argitaratutako txio haiek, udazkeneko hurrengo txanparen zain.