Inor atzean utzi gabe
Inor atzean utzi gabe –
Ikasturtea hasi da, eta horrekin batera, normaltasuna edo normaltasun berria deitu duten errealitate distopiko berri hau.
Duela urtebete, Hollywood-eko zuzendariren batek filmarik atera izan balu, gaur egun biziko genuena kontatzen, zientzia fikzioko sailean kokatua izango litzateke zuzenean. Hemen gaude ordea, musukoa jantzita, lanera bueltan, eskoletan termometroa lanabes, eskuak garbi garbi, tabernetan eserita, poteoa baztertuta. Kultur ekitaldiak amaituta, eta ERTEen edota langabeziaren ilarak gero eta luzeagoak.
Hemen gaude, dena ondo egin duela aldarrikatzen digun gobernu berri-zahar batekin. Murga eman diguna baztertuta, murgalari berriak ditugu zain. Haiek dena ondo egin omen dute, nahiz eta kalean ez den hori sumatzen dena.
Hemen gaude, dena ondo egin duela aldarrikatzen duen elite enpresarial batekin, krisi hau hasi zenetik poltsikoak bete eta bete ibili dena, besteei, guri, betikoei, ahaleginak eskatzen dizkiguten bitartean.
Beldur gara, hori da etorkizuna: beldurra, ikara, izua. Nik ez dut ukatuko, ez naiz negazionisten alboan jarriko. Gaixotasun bat egon badago, hor dago, gure kaleetan barrena. Soziologian bada auto-betetzen den errealitatearen teoria bat. Ondorioak errealak badira, kausak erreal bihurtzen dira zuzenean. Ondorioak argi eta garbi ikusten ditugu gure inguruan, eta beraz gaixotasun hau ere argi eta garbi ikus dezakegu gure egunerokotasunean.
Baina gaixotasuna baino haratago, badira beste errealitate batzuk ere. Kontrol soziala dago, herritarren arteko kontrola eta bigilantzia. Zelatatzeak, eta markatzeak nonahi ikusten ari gara egunotan. Denoi sortu zaigu interes berezi bat jakiteko gure inguruetan nork hartu duen gaixotasuna, nork kutxatu duen beste hori…
Black Mirror ikusteko gomendatu didate azken egun hauetan telesail gisa, distopia posibleak kontatzen dituen obra maestroa. Egun Black Mirrorren biziko ez bagina bezala.
Gaixotasunaren mesedetan edozer onartzen ari gara, baita kontestatarioenek ere. Ez dago erantzun sozialik, ez dago greba mugimendu potenterik, salbuespenak salbuespen. Egoerak apal egotea eskatzen du eta hemen gaude denak burumakur. Gobernuek, mandatariek, enpresariek hurrengo murrizketa egin zain.
Krisi honetatik aterako gara, hori argi dago, aurrekoetatik atera garen bezala. Aterako gara, baina ez gara denak aterako, gure gizarteko jenderik xahugarriena atzean geldituko da, miseriara kondenatuago egongo gara, murrizketa erraldoiekin bizitzera ohituago.
Gure aiton amonek, gure gurasoek ostean borrokan eta kalean lortutako guztia galtzen utzia dugu, azken hamarkadak desastre bat izan dira langilegoarentzat eta hurrengoak ere izango dira, horri aurre egiteko ezer egiten ez badugu, behintzat.
Etxetik ateratzeko garaia heldu zaigu, antolatzeko garaia, hain zuzen ere, borrokatzeko garaia. Hamar urte barru ez dezagun atzera begiratu eta ikusi galdu dugun guztia, bidean galdu ditugun guztiak. Aurrera joan gaitezen, denak, inor atzean utzi gabe.
Inor atzean utzi gabe