Urkullu eta grebak

URKULLU ETA GREBAK

Urkullu eta grebak

Zer gertatzen Urkullu eta Grebaren artean? Hitza bera esan orduko hotzikara urduri batek hartzen du, eta zer esanik ez, greba deialdia dagoenean. Argi dagoena zera da, grebak urduri jartzen duela Urkullu.

Botere dinamikak barneratuta dituen harreman toxiko bat bizi dute Urkulluk eta grebak, horregatik, greba deialdia bazara, jai duzu Iñigorekin. Ez haserretzeko, dena primeran doala, beti haserretzen zarela. Zu horrela jartzeak asko harritzen duela eta ez zuela esaten diozun hori espero. Tentsioa eta ziur-gabezia besterik ez duzula eragiten eta oasiaren giro baketsua asaldatu eta aurre egin besterik ez duzula nahi (histerika hutsa). Gauzei buelta gehiegi ematen dizkiozula, eta hara azkena, politikoegia zarela.

Greba izateak neketsua behar du izan. Horregatik nire kezka zera da: sektore bateko sindikatu guzti-guztiek mobilizaziora deitu badute ere, izango du grebak (grebalariek) arrazoia noizbait?

URKULLU ETA GREBAK

6 pentsamendu “Urkullu eta grebak”-ri buruz

  • Argi dagoena, Amaia, grebak asko amorratzen dituela gurasoak, langileak, erteetan ibilitakoak, langabetuak… Den denek galdetzen dute, pandemia baten erdian eta zeintzuk greba egin eta funtzionariek? Lanpostua, ogibidea, errenta segurtatua duten horiek? Sindikatuek eta Bilduk ez zeukaten beste surik Urkulluren kontra altxatzeko? Hori da ematen diguten irtenbidea eta proposamena? Hau al da Bilduren iraultza bidea? Pribilejiatuen errebolta eragitea?
    Harreman toxikoa Bildu eta Urkulluren irudiaren artekoa da. Amaia Rojok bere adreilutxoa jarri nahi du desprestigio kanpaina horretan baina klaro hirugarren aldia da Urkullu Lehendakari dela beraz patetikotasuna dario saio honek.

  • Zuzeun asko kritikatzen da. Hemengo izendunek zein izengabeek errukirik gabe larrutzen dute zeinahi pertsona, gertaera, alderdi edo erakunde. Eta hori ona da, eztabaida sortzen bada. Baina esan edozer PNVren kontra eta ez bat eta ez bi agertzen da Bentazar, familia jeltzale erdaldun porrokatuaren eskumakila euskalduna, beti prest zorigaiztoko difamatzailea lurrarekin berdintzeko, bere ohiko argudio zatar, demagogiko eta gezurteroekin. Zorionez, kritikarik onartzen ez duten gure oasiaren kudeatzaile harroputzek, kontrarioari egurra emateko soilik ez bada ere, euskarari eutsiko diote.

  • Ene Garrett, eskerrik asko zure arreta berdingabearengatik. Ikusten dut euskara aberastu duzula nire kontrako adjetibo eta kalifikazio kiribuelten bitartez. Nik kritikatu egiten dut eta noski kritika onartzen dut baina hor goiko artikulugileak dioena nik esandakoaren tamaina berakoa da eta zu bere pareko ideologiko kloniko ezinhobea. Ikusten dut gainera zure pelajekoentzat euskara aitzaki bihurtzen dela egindako kritika ekiditeko inongo argudiorik gabe. Nik diodana oso klaroa eta oso berdaderoa baita, gurasoak, langabeak, langileak, krisiak jotakoak, gehienak erdeinu dira tokatu zaigun funtzionari greba dela eta. Pribilejiatuen errebolta, hori da zuen borroka.

  • Otsaburu

    Egun on guztioi. Nahiz eta artikulua umorez apaindu ebidentzia hutsa da. Noski Urkulluri ez zaizkiola grebak gustatzen. Baina normala da, inongo gobernariri gustatzen ez zaizkion legez. Ezkerrak irabaziko balu eta greba bat egingo balute ezkerreko gobernu hipotetiko horren politiken aurka ez zitzaizkion gustatuko ezta ere. Ez da Urkulluri gustatzen ez zaizkiola, baizik eta boterean daudenei, gobernantzaren jario lasaia ankaz gora jartzen baitu (nabaritu dadila ironia, arren).

    “sektore bateko sindikatu guzti-guztiek mobilizaziora deitu badute ere, izango du grebak (grebalariek) arrazoia noizbait?” Esaldi hau pixkat falazia iruditzen zait, ez kasu konkretuan, baizik eta oro har. Gehiengoak ez du arrazoia edukitzea esan nahi eta hori da niretzat demokraziaren gabezia nagusia, gehiengoa gehiengo dela zuzen egon ez arren, bai Amaiak esaten duen kasuan eta bai zuk, Bentazar, diozunaren kasuan (Urkullu hirugarrenez atera izanak legaltasuna ematen dio, legitimitatea depende zeinek).

    Ez nator batere ados “pribilejiatuen errebolta” deritzozun horrekin. Ez dizut ezetz esango sozialdemokraziaren politikak modu sinplean “klase ertain” deritzetenen interesak defendatzen dituztela batez ere. Baina borroka bati pobreagoak direnek borrokatzen ez dutelako mesprezu egitea ez dirudit egokia, azkenean beti jartzen dira aurrez aurre sektore publikoko langileak eta beste langile eta klase baxuko beste guztiak gure eredu politiko eta ekonomikoak dituen akatsak estaltze aldera, eta beraz gobernuari eta enpresariei errua ez botatze aldera. Zure hitzetan, okertu ninteke, EAEko gobernukide batek orain gutxi esandako “guztiok egin beharreko sakrifizio” horietako bat atzeman dut, hots, funtzionariek “pribilegio” batzuk galdu beharko lituzketela pribatukoekin berdintzeko (solidaritatea???). Nik ez dut uste “pribilegiatuak” direnik, baizik eta besteek eskubide gutxiegi dituztela.

    Gaiaren ildoan sartuz orain: nik ere nahiko nuke eskolarako buelta garantia guztiekin egin dadila. Zuk zeuk esan duzu Bentazar, zein zentzu dauka pandemia baten erdian eskola guztiak irekitzea? Daukagun kutsatze maila oraindik ere kezkatzekoa da eta normala dirudit hezkuntza komunitatea kezkatua egotea ere bai. Normala iruditzen zait baita ere gobernuak klaseak ireki nahi izatea, alde batetik, normaltasunaren irudia eman behar da, eta bestetik, eskolek egiten duten zaintza funtzioa egun ezin daiteke beste inon bete. Azken finean, behin gurasoak lanera itzuli behar direla udaren ostean, non utziko ditugu haurrak baldin eta eskolek irekitzen ez badute? Askok ez daukate aukera handirik… Beraz, gai honek niri zapore gazi-goxoa sortzen dit.

    Garrett eta Bentazar, biok errespetuaren gaia ahotan izan duzuenez, jokatu dezagun gizalegez arren, edozein delarik aurrean daukagun gizabanakoa. Ondo segi!

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2020-09-19 11:43

    Otsaburuk lana erraztu dit zeren eta zentzu bertako zentzu bereko interbentzio bat egiteko zalantzan nengoen. Izan ere, jadanik erran bezala, ikasi behar dugu (nik bederen) funtsa sakrifikatu gabe gai zailak adierazten eta idazten ahalik eta sinplekien. baina horretarako ikasi behar dugu ere zorrozki eztabaidatzen hurkoa iraindugabe. Bide bakarra dugu hemen denok orai baino gutiago tonto izaiteko.
    Funtsari dagokionez, iduritzen zait da edozein estatuk edo gobernuk ( kapitalista edo sozialista, autonomikoak edo… independienteak) finantziaren ardura eskuetan duenak arrazoiz nahiko lukeela ekonomia berbideratu.
    Azkenean arrazoi honetaz gain, esperientziak jadanik erakutsi du etxean familiako norbait laguntzeko ez zuten haurrek besteek baino asko sofritu dutela jakintza-mailan, euskara-mailan batez ere, eskola normalaren etenarekin. Eskolaren etenaldiak ez eiki du hobetuko klase-jatorriak eragindako desberdintasuna.
    Beraz osasunaren argudioa ezinbestekoa da baina ez da bakarra eta pandemiak segitzen badu konturatuko gara gero ta gehiago.

  • Egoerak ertz asko ditu eta ez dauka irtenbide errazik. Gizarte-desberdintasunak txikitzera egin behar da eta, aldi berean, lan baldintzak hobetzeko indar egitea erabat zentzuzkoa da. Funtzionarioak errazagoa du bide hori baina horregatik ez dut uste “pribilegiatua” denik. Hori bai, eroangarria ez den dinamika daramagula uste dut, gizarte-desberdintasunak handitzen ari dira pobreenen kaltean. Krisiaren gaia zapore gazi-goxoa uzten ari da eta irtenbideak ez dira errazak. Grebari horixe bera antzeman diot, soluzioaren bidetik kontua argitu beharrean, “arrazoiaren” bila gabiltzala dirudi. Izan ere, “sindikatu guzti-guztiek mobilizaziora deitu badute ere” horrek ez du ezer justifikatzen, justifikazioa grebak dituen inplikazioak aztertzean datza, nola galderari erantzutean. Zentzu horretan, grebak planteamendu erraz eta orokorrak planteatu ditu. Ados, oinarriak onak dira. Baina, kontuz, falaziarik ez: arazo konplexuek, soluzio konplexuak eskatzen dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude