Interneten denon eskura dugu Xenpelar Dokumentazio Zentroaren katalogoa

2011_06_10_bdb_NereErkiaga_IñakiMurua-arina

Xenpelar Dokumentazio Zentroaren edukiak internet bidez gizarteratzeko eta maila guztietako ikerkuntza bultzatu asmoz Bertsolaritzaren Datu-Basea izeneko berrikuntza teknologikoa aurkeztu du Bertsozale Elkarteak: bdb. bertsozale.com

Nere Erkiagak, Xenpelar Dokumentazio Zentroko arduradunak eta Iñaki Muruak, Bertsozale Elkarteko Lehendakariak, eman dituzte argibideak.

bdb.bertsozale.com ataria bertsolaritzari buruz bildutako dokumentazio guztiaren gizarteratze-tresna da. Bertsolaritza jarraitzen dugun zaleok, bertso saioak antolatzen ditugunok, bertso-eskoletako ikasle zein irakasleek, ikerlariek… bertsolaritzari lotutako informazio osoa topatuko dugu bertan.

Bertso saioen agenda, bertsolaritzan aritu edo ari direnen biografia-fitxak, gaurdaino izan diren txapelketa, lehiaketa eta sariketei buruzko informazioa, doinutegia, bertsoak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroan jasotako grabazioei buruzko informazioa eskuragarri dugu Interneten. Sakulako altxorra.

Bertsozale Elkartea 1987an sortu zen, bertsoaren bitartez jaso dugun ondareak geroa izan dezan ziurtatu asmoz. Gaur egun Euskal Herri osoko 2400 bertsolari eta bertsozale batzen ditu. Diru-irabazpen asmorik gabeko elkarte soziokulturala da eta bertsolaritza sustatzea du helburu. Bertsolaritzaren geroa ziurtatu asmotan alor ezberdinak lantzen dira eta horretarako lan profesionala eta borondatezkoa uztartzen dira.