Gasteiz ez da Belfast

Ipar Irlandako eta EAEko hiriburuen arteko desberdintasun politikoa nabaria da alor batean behintzat: Belfasteko auzo batzuk errepublikarrenak dira eta besteak unionistenak, Gasteizen, ordea, abertzaleak eta Espainia zaleak elkarrekin bizi dira. Zein eragin izan dezake horrek?

Gasteizko Bilduk sortu dituen mapa eta diagramak arras interesgarriak dira auzoz auzo dauden joera politikoak ikertzeko.

Artikulu honi dagozkion pare bat ondorio Gasteizko datuei buruz:

  • Auzoen erdietan Bildu bozkatu dute gasteiztarren %15-%20k. Bilduk bozka gehien lortu duen auzoan, Alde Zaharrean, %32a lortu du, gutxien, Mendizorrotzan, %10.
  • Bataz beste, auzo gehienetan abertzaleek %35-%40 inguru dute. Abertzaleen banaketa honakoa da, gehienak Alde Zaharrean, %52, gutxien El Pilar auzoan, %25.

Desberdintasunak txikiak badira auzoen egitura soziokulturalak medio. Baina Gasteizko auzo guztietan alderdi guztiak ordezkatuta daude eta ez dago auzorik espainiar zale edo abertzale peto-petoak direnik. Auzo gehien-gehienak oso antzekoak dira boto-emaileei dagokionez.

Jo dezagun Belfastera.

  • Ekainaren 9an Belfast Mendebaldeko bozak izan ziren. Emaitzak: %84 irlanda zaleentzat (Sinn Fein %70 eta SDLP %13) izan da, unionistentzat %8. Hala, Gerry Adams Paul Maskeyk ordezkatu du.
  • Belfasteko udalerako hauteskundeetarako Falls auzo ezagunean unionistek ez dute ordezkaritzarik lortzen, Shankill auzoan eta Belfast Ekialdean, ostera, irlandarrek ez dute ordezkari bakarra ere lortzen.

Belfasten oraindik ere katoliko/protestante, errepublikar/unionista banaketa ideologiko-kulturala argi eta garbi ikusten da, ez auzo denetan baina bai askotan. Gainera, banaketa ez da bakarrik hauteskunde emaitzetan ikusten baita auzo bakoitzeko kale ikurretan ere.

Gasteiz ez bezala, Belfast zatitutako hiria da, segregazioa hirigintzara eramanda. Ez da gauza berria, konpontzeko zaila den gaitza baizik. 1998an hitzartutako bakerako akordioek ez dute adiskidetzea gauzatzea lortu. Autoinposatutako Apartheid gisa ere izendatu dute egoera hau. Hobekuntzak egon direla? Zalantzarik gabe horretan dabiltzan elkarteei esker inoiz baino hurbilago daude Belfasteko errepublikarrak eta unionistak.

Baina, oraindik ere, Shankill eta Falls auzoak “Bakearen Horma” izeneko bost kilometroko harresiak banatzen ditu. Gauez auzo batetik bestera igarotzeko atetzarrak itxi egiten dituzte. “Bakea bai baina maitasunik ez” zioen The Guardian egunkarian argitaratutako artikulu batek.

Elkarbizitza eta adiskidetzea errazagoa al da Euskal Herrian Irlanda iparraldean baino?

Belfasteko harresiak “bakea” errazten du bi komunitate etsaien arteko interakzioa mugatzen duen heinean, eta, noski, biolentzia gauzatzea zailtzen du. Baina, era berean, muga fisikoak ezberdintasun sozial eta politikoa elikatzen du. Horregatik, bakea eta elkarbizitza edo adiskidetzea ez da gauza bera: 2002ko ikerketa baten arabera, 18 eta 25 urte arteko gazteen %68ak ez zuen inoiz beste komunitateko pertsonaren batekin elkarrizketa hurbilik izan.

Euskal Herrian egoera horretatik urrun gaude. Gasteizko datuak kontuan izanda agerian da auzoak ez direla ideologia politikoen arabera banatzen, auzo ideologikoki pluralak ditugu gure hiriburuetan. Datozen urteetan gehiengoaren babesa duen bakea lortzekotan adiskidetzea Irlanda Iparraldean baino azkarrago lor daitekeela pentsa daiteke. Agian ez hainbeste horretarako dugun gogo eta borondateagatik, baizik eta bizilagunarekin eta lankidearekin harreman ona izatea komeni zaigulako.

Horren harira Jesus Egigurenek Salvados programan esandakoak interesgarriak dira (itzulpena):

“Euskadi terrorismoak zatitu du, baina, hala ere, nik badakit HBko tipo bat, PNVko bat eta PSOEko beste bat antzekoak direla. Ohitura berdinak dituzte, leku berean egiten dute lan, ikasi ere eskola berdinean egin dute, auzo berean bizi dira, hau ez da Irlanda bezalakoa. Hemen bosgarrenekoaren eta laugarrenekoaren artekoa izan da gerra. Esan nahi dizut, heriotza eta mehatxu faktorea kenduz gero, euskaldunen arteko adiskidetzea erlatiboki erraza izango dela”

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

2 pentsamendu “Gasteiz ez da Belfast”-ri buruz

  • Beñat Belfast 2011-06-10 21:10

    Askotan pentsatzen dut hemen Belfasten eta orokorrean iparralde osoan gatazka gogorragoa izateagatik EHn baino errazago izan dela bi muturren arteko “adiskidetzea”. Gero eta gehiagotan ikusten ditugu gure auzo errepublikarretan antolatzen diren ekitaldietan talde loialisten buruak izan direnak. Berauek publikoki onartu dutenez gehiago dute komunean errepublikarrekin politikari profesional unionistekin baino. Ormaren bi aldeetara langile klasea dago.

    Talde armatuetako kideek erraz onartzen dute gerra bat egon dela eta ongi dakite zer sufrimendu ekarri duen honek. Horregatik ziurrenik adiskidetzeko bideak, paradoxikoa bada ere, errezago zabaldu dira hemen EHn baino.

  • Amonamantangorri 2011-06-11 15:17

    Herri honetan, abertzale edo espainiazalea izatea ezkerrekoa edo eskuinekoa izatea bezala da. Nahiz askotan familia-tradizioek-eta eragin, gure familia barnean joera guztietako jendea dago, nahiko harmonia onean. Historiaren zama ez da Irlandan bezain astuna, askotan hortik ere pixkat egonagatik ere. Gasteiz ez du bake-harresi batek erdibitzen, bistan da.

    Hala ere, Gasteizen, beste edozein hiritan bezala, aise bereizten dira joera politiko bateko eta besteko auzoak. Auzo pijoak eta langile auzoak daude. Adineko jendea bizi da toki batzutan; bestetan, berriz, bikote gazteak seme-alabekin. Niri etzait iruditzen desberdintasun txikiak daudenik. Desberdintasunak nabarmenak dira; goiko “gazta” horiei begiratzea besterik ez dago.

    Iruñerrian badaude horrelako adibide politak. Berriozarrek eta Atarrabiak gehiengo abertzale eta aurrerakoia dute; Antsoainen UPNk 2 zinegotzi ditu, Zizur Nagusian 6. Iruñean bertan, nabarmena da: Alde Zaharreko giroa (ikurrinak eta bandera errepublikanoak balkoietan, tabernari euskaldunak) eta Zabalunekoa ez dira berdinak.