Mendigorrian D eredua ezartzearen auzibideak aurrera darrai

Mendigorrian D eredua ezartzearen auzibideak aurrera darrai –

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiakez du kautela neurri bezala Mendigorriko haurrak aurtengo ikasturtean D ereduan hastea onartu.

2020-2021 ikasturteari A ereduan edo Garesen ekitea beste aukerarik ez dute izan Mendigorriko haurrek, gurasoen nahi eta borondatearen aurka.

Mendigorrian D eredua ezartzearen auzibideak aurrera darrai

Mendigorriko Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxean D eredua ezartzeko aferak aurrera darrai. Ekainean bide administratiboa agortu zuten herriko gurasoek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak; uztailean, beraz, bide judizialari ekitea beste irtenbiderik ez zuten izan, Hezkuntza Departamenduak bide administratiboko errekurtsoa onartzen ez zuela adierazi ostean. Administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztearekin batera eta demanda formalizatu aurretik, kautelazko neurri bezala eskatu zen 2020-2021 ikasturtean Mendigorrian D ereduan ikasi ahal izatea.

Auzibideak beste bidegurutze bat bizi izan du berriki; Nafarroako Gobernua eskatutako kautelazko neurriak hartzearen aurka azaldu ondoren, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ez du onartu behin-behineko neurririk aplikatzea. Ezezko honek, baina, ez du Mendigorrian D eredua ezartzearen prozedura ixten. Auzia hasi besterik ez da egin, eta ondorioz, auziaren mamiaren inguruko epairik ez da eman, oraindik ez baita epaiketa gauzatu. Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak adierazi duen gisan: “prozedura kontuengatik aurtengo ikasturterako kautelazko neurriak onartu ez diren arren, auzibideak aurrera darrai“. Finean, eta azken epaiari begira, “Mendigorriko D ereduarekin Hezkuntza Departamentuak erabakitakoa legezkoa izan zen edo ez erabakitzea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren eskuetan baitago“.

.

Hizkuntza eskubideak ezbaian Nafarroan

Mendigorrian epaitegietako bidea urratzen aritu arren, Nafarroako hizkuntza eskubideak bermatu beharko lituzkeen araudiak dituen gabezien erakusle bilakatu da kasu hau. Gaubekaren hitzetan, “afera hau, egungo marko juridikotik haragokoa dela uste dugu, Nafarroako egungo araudiak ez baititu behar bezala bermatzen euskaraz ikasi eta bizi nahi duten pertsonen eskubideak“.

Halaber, Nafarroako Gobernuak herritarren eskubideak baztertu eta interesen araberako jokaera duela gehitu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak: “Nafarroako Gobernuak herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen direnaren zaintzaile izan beharko luke, baina departamendu ezberdinetan hartzen diren neurri eta erabakiek herritarren hizkuntza eskubideak bestelako interesen azpian jartzen dituzte“. Hezkuntza Departamendua da horren adierazle, “euskara sustatu eta beharrezko ekitate neurriak hartu beharrean, Nafarroako euskararen biziberritzean oztopoak jartzen ari baitira”.

.

A eredua edo Gares

Bien bitartean, datozen egunetan ekingo diote Nafarroako haur, nerabe eta gazteek 2020-2021 ikasturteari; tartean, nola ez, Mendigorriko ikasleek. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak kautelazko neurriak aplikatzea ukatu ostean eta epaiaren esperoan, irailaren lehen bi egunetan egikaritu da ohiz-kanpoko matrikulaziorako epea, eta Mendigorriko gurasoek bi aukera izan dituzte soilik: haurrak Mendigorriko Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxeko A ereduan edo Gareseko ikastetxeko D ereduan matrikulatzea. Bi aukera hauek, baina, ez dituzte asetzen Mendigorriko familiek adierazitako nahiak.

Izan ere, gurasoek abuztuan igorritako idatzian Hezkuntza Departamenduari adierazi eta berretsi zioten Mendigorriko ikastetxe publikoan eta D ereduan baino ez zituztela matrikulatu nahi beraien seme–alabak; alegia, iraganean, gaur egunean eta etorkizunean seme-alabak bere herrian eta hizkuntzan ikastea zela beraien nahia eta borondatea.

Egoera aintzat hartuta, hastear den ikasturtean ez dute beste irtenbiderik izan, eta Gaubekak azaldu bezala, “familia bakoitzak bizi duen errealitatearen araberako erabakia hartu behar izan du, beti ere, bere borondatearen aurka“. Baina gurasoen hautua dena delakoa izanda ere, bi aukerek ondorio kaltegarriak dakartzate: “Mendigorriko herriarentzat eta haur hauentzat izugarrizko kaltea da, haur batzuei euskararekin kontaktua izan ahalko zuten gune bakarra ukatzen baitzaie [Mendigorrian A eredua aukeratu behar izan dutenei] eta besteak, euskarazko eredua aukeratzeagatik, beraien inguru sozialetik ateratzen baitituzte [Garesen D eredua]”.

Mendigorrian D eredua ezartzearen auzibideak aurrera darrai

Hizkuntz Eskubideen Behatokia