Zaldi emozionalak

Zaldi emozionalak –

Iñaki Peñak Arinduz.org blogean.

Zaldi emozionalak“Garai nazkagarri hauek”, ezin da hobeto deskribatu, kontzertuaren hasieratik kontzeptuak bikain markatu zituen atzo Pettik Gernikako Astran [abuztuaren 21ean]. Haserretik bizi dugu zaldiko-maldiko zorabiagarri honetan montatuta egotea halabeharrez. Eta errudunak bilatzen ditugu: agintariak, saguzarrak, bizilagunak, bizimodu garaikidea, gu geu gara. Teoria xelebreak ere entzuten dira megafoniatik.

Zaldia, behorra edo moxala behintzat aukeratu ditzakegu. “Nik beltza!”, “nik marroia!”, “nik beste hori, zuria orban beltzekin”. Alazán, bayo, ruano. Beldurrak blokeaturik, batzuk ez dira ukuilutik ere ateratzen, zoru guztia jaso gabeko gorozkiz estalita, bakardadean, zaindu barik.

Beste batzuk libreak dira, baina tristurak jota daude, bizipoza berreskuratu ezinean. Zalantzati topatzen ditugu beste asko, segurtasun neurri guzti-guztiak beteta, baina bat ere segurtasunik gabe etorkizun laburrean. Pottokak mendian trostan ikus ditzakegu tarteka, aire zabalean, aske, orain eta hemen bizitzeko hautua eginda.

Zuria orban beltzekin beti ere. Irrintzika bai, baina marruka ere bai. Gora eta behera. Musika etengabean aldatzen. Hipodromo isila kalea bera bada, hondartza, egoitza, gaztetxea.

Zaldi emozionalak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.