Aberatsen denda

Aberatsen denda –

Aberatsak pandemiatik aberatsago atera direla irakurri nuen aurrekoan. Ez da harritzekoa. Krisi guztietan bezala, dirudunek diru gehiago dute, beste guztiek gutxiago. Albiste guztiak aberatsenetan aberatsenei buruz badira ere (Forbeseko lista horretan euren artean lehiatzen duten horiek), erdi mailako aberatsei buruz hitz egin nahi dut. Gertukoak ez badira ere, testuinguru jakin batzuetan gurutzatu daitezkeen horiei buruz.

Izan ere, Arabiar Emirerritara atzeko atetik ihes egindako estatuko pertsonaia sonatu horren biloba markako ikur den arropa denda batean egiten dut lan. Atetik sartzen direnak oro har, Madrilgo elite aristokratiko horietakoak dira, edo haiek izan nahi dute sanse bertsioan. Eta horregatik janzkera eta hitz egiteko ohiturak ere imitatzen dituzte, edo madrildarrek hauenak, edo denak dira madrildarrak. Egia esan zaila da hemengoak ala hangoak zeintzuk diren asmatzea; nazionalitatea eskumuturrean eta ama birjina lepoko bezala eramaten duten milaka neskato ezagutu ditut udara honetan. Den denak berdinak direla esango banu, arrazoiketa sinple eta hutsalegian eroriko nintzateke, baina badute denek berdintasun nabarmen bat: guztiek dirua dute, eta asko gainera.

Aberatsen denda

Irailaren etorrerak suposatzen duen ziurgabetasunak lorik egiten uzten ez duen mundu batetik nator, bizirauteko soldatapeko lan prekarioetara kondenatuta gauden horietakoa naiz. Lana eta familiaren bateratze arazoak gogor jotzen duen errealitateekin egiten dut lan (arropa denda bateko etengabeko ordutegi aldaketekin itotzen ikusten ditut kideak), pandemia egoerak bizitza zeharo aldatu ez omen dien pertsonei arropa saltzen. Eta hor bi munduek bat egiten dute: datafonoa eskuetan dudanean, nire hilabeteko alokairua bi jertsetan uzten dutenean. Eta hortxe daude beraiek eta hortxe nago ni, etxetik emantzipatzeko bi lan dituena, astero-astero 300 euro arropan xahutzen duten horiei kobratzen.

2020an izugarri urruti nuen mundu bat ezagutu dut, eta pertsona batzuek dendan pasatzen duten ordu kantitatearekin, bakar batzuen bizikide naizela ere esango nuke.  Haien arazoak entzun ditut, haien arazoak ulertzen nituen plantak ere egin ditut. “Oporrak ez dira opor arropa berririk ez bada estreinatzen” esaldiari baietz egin diot, uda honetan jai egun bakar bat izan ez badut ere.

Seme-alabei ezer eskaintzeko ez duten aita dibortziatu exekutiboen kolektiboa ere ezagutu dut, gazteak pozik izateko okurritzen zaizkien plan guztiak diruz baino egiten ez dituzten horiek. Burua mugikorretara begira, alabak erosi duena ikusi gabe txartela pasatzen dutenak. Eta burbuila horretan pasatzen ditut orduak. Kalean jolastu ordez heldu plantak egiten dituzten neskatoen konbertsazio ergel eta aspergarriak entzuten, edo okerrago, neskato plantak egiten dituzten ama astunei taia txikienak ateratzen.

Eta kasu batzuetan, benetan erresistentzia antifaxista bat egiten dudala sentitzen dut, halako “errebeldia” puntu horrekin, musukoan banderatxoa daraman horri begietara zuzen begira erosketa zenbat kostatu zaion euskara hutsez esaten diodanean. Arrotza naizela jakin badakite, hala behar du dendari soil batek izan, baina gauza konplikatu egiten da pobrea eta euskalduna bada gainera. Eta paper horretan primeran moldatzen naiz, eta nire modura, dibertitu egiten naiz.

Aberatsen denda

Nire begietatik ...

Zer duzu buruan “Aberatsen denda”-ri buruz

  • Gauza bat eskatu nahi dizut. Nahi duzun edo ahal duzun moduan hitz egin bezeroekin, euskaraz edo erderaz, baina erderaz hitz egiten baduzu, amaieran, agurtzerakoan, ez esan mesedez “agur”. Dena erderaz hitz egin eta amaierako “agur” basquis cool hori ezin dut jasan. Edo dena erderaz edo dena euskaraz. Beraz, horrelakoetan “adios” kastizo bat bota.