Ulia, azkenean, tirorik gabeko gune segurua denontzat

Ulia, azkenean, tirorik gabeko gune segurua denontzat –

Ulia, azkenean, tirorik gabeko gune segurua denontzat
Parke seguruaren alde egindako mendi-martxetako batean honako argazki hau atera genuen.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu du Donostiako eta Pasaiako udalerrien zati bat ehizarako segurtasun zona deklaratzen duen Foru Agindua. Agindu horri esker, irailaren 1ean hasiko den ehiza-denboraldi berrian, Ulian ez da tirorik egongo, eta berriro ere erabiltzaileontzako gune segurua izango da.

Idatzi hau izenpetzen dugun talde eta elkarteok urteak daramatzagu tirorik gabeko parke seguru baten alde egiten. Foru Agindu honen jendaurreko informazio-fasean ere parte hartu dugu, eta gure poza publikoki adierazi nahi dugu, azkenean argitaratu delako.

Gogorarazi nahi dugu Aldundiak 2014an debekatu zuela Ulian ehiza egitea, Donostiako eta Pasaiako udalek hala eskatuta. Halaber, Donostiako eta Pasaiako udalen eskaera haren atzean aspaldiko herri-errebindikazio bat zegoen. Iaz, ordea, Aldundiak berriro baimendu zuen Ulian ehiza egitea, epai judizial baten ondorioz. Epai hark Ehizaren Legearen paragrafo akastun bat zuen oinarri. Eta paragrafo akastuna zela diogu ezinezkoa delako ehiza-eskubidea beste edozeren gainetik egotea, baita ehiza-alorrean eskumen guztiak dituen Foru Aldundiaren beraren erabakien gainetik ere. Hain justu, akatsa zuzentzeko eta erabakimena berriro ere Aldundiaren esku uzteko, joan den abenduan Eusko Legebiltzarrak Ehiza Legearen paragrafo hori AHO BATEZ zuzendu zuen. Zuzenketa hari esker, Aldundiak berriz ere ehiza debekatu ahal izan du Ulian, gaur argitaratu duen Foru Aginduaren bidez. Beraz, hastear dagoen ehiza-denboraldi berrian ez da tirorik egongo Ulian, eta, horrela, oinarrizko baldintza bat berrezarrriko da erabiltzaile guztiok parke horretaz modu baketsuan goza dezagun.

Ulia, azkenean, tirorik gabeko gune segurua denontzat

Joan den abenduan, une hartan Eusko Legebiltzarra osatzen zuten bost indarrek aho batez ahalbidetu zuten Ulian ehiza egitea, diagrama honek erakusten duen bezala.

Behean sinatzen dugun talde eta elkarteak gara gaur argitaratutako Foru Aginduaren jendaurreko informazio-fasean Ulian ehiza debekatzearen aldeko idatzi bat izenpetu ahal izan dugunak. Baina badira ere beste elkarte batzuk urte hauetan guztietan tirorik gabeko parke baten alde lan egin dutenak eta informazio-faseko idatzia izenpetzerik izan ez dutenak (udak eta pandemiak ez dute erraztu). Nolanahi ere, haiei ere espresuki eskerrak eman nahi dizkiegu, baita urte hauetan guztietan tirorik gabeko Uliaren alde egin duten pertsona anonimo guztiei ere. Izan ere, ez dugu zalantzarik: gu guztion lana ERABAKIGARRIA izan da helburua lortzeko.

.

Eguzki Talde Ekologista, Ekologistak Martxan, Ugatza Ornitologia Elkartea, Haritzalde Naturzaleen Elkartea, SEO Donostia, Itsas Enara Ornitologia Elkartea, Club Vasco de Camping, Jaizkibel Amaharri, Uliako Auzo Elkartea, Uliako Lore Baratzak, Uliako Lagunak, Club Atlético Trintxerpe eta Trintxer Mendi Taldea

Ulia, azkenean, tirorik gabeko gune segurua denontzat