Esklabistak epaitu

Esklabistak epaitu –

Urko ApaolazaArgia aldizkarian argitaratua.

Esklabistak epaitu
‘The Guardian’-en sortzaile John Edward Taylor; esklabotzarekin izan zuen harremana ikertuko du egunkari britainiarrak.

AEBetan, Ingalaterran eta mundu osoan Black Lives Matter mugimendua esklabotza eta arrazakeria zuritzeari uzteko eskatzen ari da, eta ikusi ditugu pertsonaia txit entzutetsuen eskulturak hankaz gora jarrita. Astinaldia hainbestekoa da, ezen The Guardian-ek jakinarazi duen egunkariaren sortzaile John Edward Taylorrek (irudian) esklabotzarekin izandako harremana ikertuko duela.

Euskal Herrian ere baditugu “filantropo” askoren irudiak eta izenak gure kaleetan, horietako zenbait mundu mailako esklabista handienetakoak izan ziren XIX. mendean. Baina harrigarriro gurean ez da ia kalapitarik sortu. Esklabotza gure gizartearen parte ez balitz bezala jokatu izan du orain arte euskal historiografiak, eta agian horrela segitzen dugu pentsatzen.

Askotan esan izan da ezin direla epaitu egungo begiekin iraganeko ekintzak. Baina kontua da orduan ere epaitu zituztela euskal esklabista haiek. XIX. mendean gizakien salerosketa jadanik ilegala zen, baina zenbaitek zeregin beltz horretan segi zuen inoiz baino gehiago. 1843ko abuztuan Londreseko Cumberland jauregi erraldoian arabar jatorriko Pedro Jose de Zulueta, Zulueta & Co. sozietatearen jabea atxilotu zuten, esklabotza debekatzen zuen tratatua hausteagatik.

Egungo Liberian, Gallinas ibaian, bandera errusiarrarekin zioan Augusta ontzian esklaboak garraiatzeko tresneria atzeman zuten eta aitzakia hori erabili zuten tribunal ingelesek orduko esklabista-klan handienetako bat epaitzeko. Zuluetak Kubako bere senide Julianekin, Pedro Blancorekin eta beste negrero askorekin zituen negozioak.

Auzia oso ezagun egin zen, baina azkenean, jakina, absolbitu egin zuten. Hala ere, epaiketa hark erakutsi zuen zein punturaino zeuden sartuta euskaldunak esklabotzaren munduan. Zuluetak bere burua iritzi publikotik defendatzeko epaiketaren ondoren idatzitako liburuxka, akademikoen ikerketa iturri da egun Ingalaterran, esklabotza ezabatzeko borroka politikoaren lekuko paregabea delako. Abuztuko egun hartan “Inkisizioaren eskuetan erori” zela dio, zinikoki, gizakiekin trafikatuz aberastu zen gizonak.

Garaian garaiko mentalitateak ulertu behar dira, noski, eta historialarien lana behar luke hori azaltzea. XIX. mendean asko ziren esklabo trafikoarekin ezikusiarena egiten zutenak, baina asko ziren baita ere haren kontrakoak. Gurean gaia gehientsuen ikertu duen Jose Antonio Azpiazuk Euskadi Irratian zioen bezala: “Ulergarria izan liteke orduan gauza horiek gertatzea, baina gaur egun defendatzea beste gauza bat da”.

Esklabistak epaitu

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude